Humboldt eta Euskal Nazioa

1767ko ekainaren 22an jaio zen Wilhelm von Humboldt alemaniar hizkuntzalari, funtzionario eta diplomatikoa. Iñaki Zabaleta irakaslearen artikulu mamitsu honetan Humboldten pentsaera eta, batez ere, Euskal Herriari buruzko haren pentsaera, eta teoria antropologikoak eta historikoak azaltzen ditu egileak.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi
(EHUko irakaslea)

1. Duela orain 200 urte egon zen Humboldt (1767-1835) bigarren aldiz Euskal Herrian. Bizitza guztian zehar erakutsi zuen berak herri ezberdinak ezagutzeko eta ikertzeko gogoa, baina, bere idazlanek garbi erakusten duten bezala, aparteko arreta eskaini zion gure herriari. Sweet-ek dioen bezala, Humboldtek «lirurapen bitxi bat zuen euskaldunekin». Interes berezi honen sakoneko arrazoia, berak hemen antzeman zuen Euskal Nazioan kokatu behar da.

2. Euskal Herrira egindako bidaien garaian Humboldt antropologia propio bat eraiki nahian ibil zen. Urte batzuk lehenago aurkitu zen historizismoa abiapuntutzat hartuz, gizaki konkretuaren ezagutza eta formazioa lotu eta bultzatuko duen teoria bat osatzeko beharra ikusi zuen. Humboldten arabera antropologia batek, benetakoa eta zentzuzkoa izateko, ezinbestean kontsideratu behar du gizakia bere garapenean, alegia, hau izan dena eta orain dena aztertu behar du bai, baina izatera iritsi daitekeenaren argitan.

Helburu honekin landu zuen teoria antropologikotik bi ideia azpimarratuko ditugu orain. Batetik, Humboldtek garbi dauka ezinezkoa dela gizakiari buruzko zientzia huts batera iristea. Aztergaia giza-indibidualitate konkretua da, eta hori denboran zehar aldatzen eta garatzen doanez, ezinezkoa da honen behin betiko ezagutza kontzeptual batera iristea. Gainera, ez dago jada planteamendu orokor eta unibertsaletan aritzerik, eta halabeharrez antropologiak «esperientzian» oinarrituz landu beharko ditu bere erreferenteak, alegia, «giza-espezieraren manifestazio konkretuak behatuz» eta elkarren artean «konparatuz». Humboldten antropologia, enpiria eta espekulazioa, historia eta filosofia, praktika eta teoria elkarlanean jarri nahi dituen egitasmo hermeneutiko bat da.

Bestetik, kontuan hartu beharrekoa da gizakia «soziabilitatearen animalia bat» dela, eta honek osatzen duenez hain zuzen «bere karaktere bereizlea», gizadiak «bere gailur altuena sozialki bakarrik» jo ahal izango du. Giza-banakoa ez da izaki isolatu bat, baizik eta bere giza-taldeari erreferitutako izaki bat, eta horregatik esaten du Humboldtek gizakia beti bere komunitatearekiko erlazioan aztertu behar dela. Horrek argitzen du azken finean zergatik nazioak bere antropologiaren ikerketa-objektu garrantzitsu bat osatzen duen. Garai honetan Humboldtek zera ulertzen du printzipioz nazio hitzarekin: jatorri eta hizkuntza komun bat duen eta historia eta mundu-ikuskera bat konpartitzen duen giza-talde bat.

3. «Nire helburua», idazten dio Humboldtek Wolfi, «gizakiak eta nazioak ezagutzea da, eta horretarako zeharbide ugari urratu behar da askotan». Hauen artean garrantzitsuena bidaiatzea da, ze herri ezberdinetara joanez bakarrik izango da posible giza-banako eta giza-talde ezberdinekin zuzenean kontaktatzea. «Kontua da gauza bakoitza bere lurrean behatzea, objektu bakoitza bera eusten eta aldi berean mugatzen duten beste objektuekiko erlazioan behatzea».

Betiere Humboldtek nahi duena zera da: gizakiak eta nazioak euren indibidualitatean ezaugarritzea edo singularitatean karakterizatzea. Horrek argitzen du azken finean zergatik eta zertarako etorri zen Euskal Herrira. 1799ko egonaldi laburrean euskaldunekiko eta euskararekiko jakin-mina areagotu eta gero, 1801ean itzuli zen berriz euskal probintzi guztiak bisitatzeko eta bertako hizkuntzari buruzko informazioa biltzeko helburuarekin. Humboldtek nahi duena «euskaldunen karaktere nazionala» ezaugarritzea da, eta honi begira dagoelako saiatzen da bere bidaietan «inpresio bakoitza osoki hartzen eta gordetzen». Horrela ba, ordena tematiko bati jarraitu gabe, denetarik idazten du bere egutegi, eskutitz eta kontakizunetan.

Hizkuntzaz aparte, honako hauek dira Humboldten interesa pizten duten gaiak: euskal lurra bera eta euskal jendearen fisionomia, euskaldunen bizitzeko era eta izaera ezaugarritzen dituen herri-kultura, eta bereziki euskal probintziek historian zehar sortu duten berezko antolaketa sozio-politikoa. Aspektu guzti hauetan aurkitzen du Humboldtek, eta honela adierazten du espreski bere idazkietan, euskaldunen nazioa karakterizatzeko balio duten hainbat ezaugarri.

4. Zalantzazko egoera honetan antzeman zuen Humboldtek bere antropologia aurrerantzean hizkuntzaren ildotik landu eta garatu behar zuela. Borschek dioen bezala «euskal hizkuntza eta nazioarekiko bizipena» da hain zuzen bere ikerketa antropologikoei «orientazio berri baterako bultzada erabakiorra» eman ziona. Humboldt orduan konturatzen zen nazio baten karakterizazioak ez zuela nahiko, ezaugarri ezberdinen pilaketa batekin, baizik eta ezinbestekoa zuela komuna den zerbaitetara iristea eta ikerketa hemendik artikulatzea. Horrela egin zuen topo hizkuntzarekin. Hala baina, hizkuntza ez da askoren artean kontsideratu beharreko beste elementu bat, baizik eta gizakia bere existentzi nazionalean ezaugarritzen duen funtsezko osagaia.

Hizkuntza beti talde linguistiko baten hizkuntza da, eta ondorioz Humboldtek garbi ikusi zuen, hizkuntzarik gabeko gizakia pentsaezina den bezala, ezinezkoa dela ere nazioa bera imajinatzea dagokion hizkuntzarekin batera ez bada. Hizkuntza da nazio baten ezaugarri berezkoena, eta honengatik hain zuzen da posible berarentzat arraza ezberdineko pertsonek nazio bat eta bera osatzea, estatu batek bere baitan nazio ezberdinak biltzea edota nazio bat estatu ezberdinetan zabalduta egotea.

Humboldtek azken finean nazioarekin ulertzen duena honela laburtzen du Menzek: «Moldeatutako edota formatutako zerbait, kultur-komunitate izpiritual bat, zein proportzionalki markatutako karaktere bateratu propio batengatik eta bere kide guztietara iristen den hizkuntza kolektibo batengatik ezaugarrituta dagoen». Hizkuntzarenganako antropologiaren biraketa honetan lehen mailako garrantzia dute Humboldten euskal bidaiek eta ikerketek.

Berak bertan ia 30 urte beranduago aitortzen duen bezala, «haiei esker ohartu zen herri baten karakterearen, bere hizkuntzaren eta bere lurraren artean dagoen barruko loturaz».

5. «Bidai honetan», dio Humboldtek 1801ekoari buruz, «nire atentzio-puntu nagusia hizkuntza zen», eta hori horrela da euskara delako euskaldunak nazio bezala ezaugarritzeko ezinbestekoa den elementua. Euskara berarentzat euskaldunen «hizkuntza nazionala» da, eta hain da estua berez hizkuntzaren eta nazioaren arteko lotura, lehenengoaren galera bigarrenaren desagerpena izango litzatekeela. «Leinu baten identitatea ez da inoiz ziur frogatzen uzten bere hizkuntzaren identitatetik harantz», eta honengatik aitortzen du Humboldtek inolako zalantzarik gabe «euskaldun guztiek nazio bat osatzen dutela».

Nazioa ezaugarritzerakoan hizkuntzak duen esanahia eta garrantzia argi antzematen du berak espainiar eta frantziar Euskal Herriaren arteko barne-muga dela eta. «Bizkaitarra» eta «zuberotarra» espreski aztertzen dituelarik, Humboldtek ikusten du «hizkuntza bat hitz egiten dutela» eta «nazio baten eta beraren anaiak bezala aitortzen direla». Horrekin berak euskaldunen estatuz gaindiko batasun nazional bat egiaztatzen du.

Guzti hau kontuan hartuz ulertzekoa da zergatik Humboldtek hasieratik adierazten duen «Euskal Monografia» bat burutzeko aukera eta asmoa. Euskaldunek «osotasun batu eta ezberdin bat osatzen dute», eta euren «nazioaren eta hizkuntzaren singularitateagatik» balio handikoak izan daitezke konparazioan oinarritu nahi duen bere antropologiarentzat. Monografia hori hasieran proiektatutako forman bukatu ez bazuen ere, horretarako pentsatutako atal guztiak landu eta ikertu zituen bere bizitzan, eta horren adierazle dira euskal nazioari eta hizkuntzari buruzko bere idazlan ugariak.

6. Orain dela bi mende etorri zen Humboldt gure herrira, baina ez euskaldunoi laguntzeko edo salbatzeko desioarekin, baizik eta bere teoria antropologikoa aberasteko eta lantzeko.

Hau da berak utzi digun ondarea, eta, bere idatzi guztiak oinarritzat hartuz, euskaldunoi dagokigu orain berarengandik ikastea. Lehenik eta behin, gauza bat garbi dago: Prusiatik etorritako eta bertako liberalismoaren aitzindarietako bat den Humboldtek, inolako konplexu edo zalantzarik gabe hitz egiten du Euskal Nazio batez.

 


C2
2001-04-02
  • Zabaleta Gorrotxategi, Iñaki
16263055
1628