Zaborra argindar
Zaramak isuritako gasaren bitartez, elektrizitatea lortzen dute Arabako Gardelegiko plantan; 6.000 familiarentzako beste elektrizitate produzitzen du.
Anakoz Amenabar /
Gardelegiko biogas planta. Zaramak isuritako gasaren bitartez, elektrizitatea lortzen dute Arabako Gardelegiko plantan; 6.000 familiarentzako beste elektrizitate produzitzen du
Energia iturri berriztagarriak, gutxinaka-gutxinaka, baliabide energetiko tradizionalen lekua hartzen ari dira. Ohiko iturriak agortzearekin batera, beste irtenbide batzuk bilatu behar izan dira, eta aukera horietako bat da biogasa. Zaramaren pilaketarekin sortzen den gasen metano edukia oso handia da, eta, beraz, elektrizitatea lortzeko, aukera aproposa ematen du. Horretaz baliatzen dira zabortegi nagusiak, kalteak gutxitu eta bide batez etekinak ateratzeko asmoarekin.
Zaborrak metatu eta erreakzio anaerobikoa gertatzen uzten da, ondoren hainbat hodiren bitartez gasa motor nagusietara bidali eta energia lortzeko. Lehen zuzietan erretzen zen metanoa; orain, berriz, energia iturri ezinbestekoa da. Produzitutako energia elektrikoaren zati bat zabortegian bertan erabiltzen dute, eta gainerakoa sare elektrikora bideratzen da.Materia organikoaren bitartez energia lortzea ez da atzo goizeko kontua, halere. XIX. mendean eman ziren lehendabiziko pausoak eta denborarekin zehazten joan dira. Kuban, esaterako, digestoreak 80ko hamarkadan hasi ziren funtzionatzen, argirik ez zegoen lekuetarako. Modu honetan, Minaseko nekazarientzat biogas planta jarri zuten 1998an. Urte askoren ostean, energia iturri berriztagarriez baliatu den erakusgarri bilakatu da lurraldea.Munduko landa eremuetan teknologia hau bizkor ari da ugaritzen, eta energia iturri garrantzitsua izan daiteke ohiko erregaiekin batera.
Gardelegi, Arabako zaborren biltegia
Arabako Gardelegi da biogasa produzitzen duen zabortegietako bat. EVE Energiaren Euskal Erakundearekin batera, BioGardelegi sortu zuen 2002ko otsailean. Eurocomercial enpresa arduratu zen proiektua abian jartzeaz. Bertan, gasa biltzeko 20 metro inguruko hodiak erabiltzen dituzte. Bildutakoa neurketa estaziora bideratzen da, eta han konposizioa, tenperatura, presioa eta emaria neurtzen dituzte.
Arabako zabor guztiak jasotzen ditu Gardelegiko guneak. 38 putzu ditu zaborren usteltzetik ateratako gasa erauzteko. Bildu ondoren, oxigeno zein metano kopurua aztertzen dute, teknologia erabiliz. «Ongi hartu behar zaio neurria gasari, metano gehiegirik eta oxigenorik izan ez dezan», adierazi du Gardelegiko mantentze lanetako arduradunak. Biogasa metanoz eta karbono dioxidoz osatuta dago batez ere, baina nitrogenoaren, oxigenoaren eta hidrogeno sulfuroaren arrastoak ere baditu.Plantako motorrek iraupen handia izan dezaten biogasa lehortu beharra dago. Gasari hezetasuna kentzeko, instala-zio batetik pasarazten dute, aurrena gasa hoztuz eta gero berotuz. Hortik, iragazi eta motor alternadoreetara bideratzen da, bertan elektrizitatea sortzeko. Ingurumenerako hobea da gasa horrela tratatzea zuzietan erretzea baino. Hala ere, elektrizitate bihurtzeak ere baditu kalteak. Karbono dioxidoa eta beste poluitzaile batzuk aireratzen dira, baina horien kontzentrazioak ohiko zentral termikoetan aireratzen dena baino txikiagoak dira. Era berean, zabortegiko zoruan gas poltsak eratzeko arriskua saihesten da eta ez dago leherketak gertatzeko arriskurik. Gas kantitate gehiegi dagoenean zuzian erretzen da atmosferara bidali aurretik, negutegi efektua eragin baitezake, eta legeak mugatzen du metano isurketa.Gardelegiko biogas plantak argindar produkzioa bikoiztu zuen iaz eta 4.008.890 kilowatt orduko produkziora iritsi zen. Sei mila familia energiaz asetzeko bezainbeste. 221.000 euroko sarrerak izan ditu, orduko 3.817.000 kilowatt saldu baititu. Adituen arabera, plantak 20 urteko iraupena izango du. «Halere, urte horiek bete aurretik funtzionatzeari uzten badio, norbaitek egon beharko du hemen, gerta daitezkeen arazoak kontrolatzeko», azpimarratu du mantentze lanetako arduradunak.
Jundizko planta, 2007. urterako prest
Gardelegiko zabortegiari ez zaizkio urte asko geratzen. Izan ere, Jundizko birziklatze solairua 2007rako izango da prest. Araba osoko zaborra bilduko luke, bertan aurrena metano eta ondoren biogas bihurtzeko. Jundizko lantegiak 16.000 pertsonak urtebetean kontsumitzen duten energia bera produzituko du. Hasieran behintzat, Gardelegik jasotzen duen zaborraren %66 jasoko luke Jundizek.
Zabortegiko biogasaren balorizazio energetikorako hiru solairu daude Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, Gardelegikoarekin batera. Donostiako San Markos zabortegian, Bilboko Artigas zabortegian eta laster izango den Beasaingo Sasieta zabortegian, hain zuzen. Sasietak Gipuzkoako 30 udalerritan bildutako zaborrak jasoko ditu, ondoren biogas bihurtzeko. Hasieran motor bakarra izango du, baina denborarekin ekipamendu gehiago jarriko dira martxan. Funtsean, besteen sistema bera erabiliko du.Energiaren Euskal Erakundeak biomasaren (biogasa sortzeko energia mota) hondakin motak ustiatzeko potentzialen ebaluazioa egin ondoren Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ustiapenerako lehen faseak zeudela ondorioztatu zuen: hiri-hondakin solidoak, zuraren eraldaketakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak. Horiek energia lortzeko erabiltzeko asmoz, hainbat jarduera bultzatu nahi izan zituen Energiaren Euskal Erakundeak: zur hondakinak ustiatzen zituzten industriei zuzendutako laguntza ekonomikoa eman, nekazaritzako hondakinen erabilera energetikoa gauzatzeko ekimenak sustatu, garraioaren sektorean bioerregaiak sartu eta, azkenik, biogasa ustiatzeko eremuak sustatu zituen.