Mahomaren ezpata

Aita Santuak duela bi aste eginiko hitzaldia, mundu zabaleko ekaitza eragin zuena, ondo egokitzen da «Islamofaxismoaren» kontrako Bushen gurutzadarekin, Zibilizazioen talka-ren testuinguruan.

 (...) [Aita santuak] Onartu zuen Koranak espresuki debekatzen duela fedea indarrez hedatzea. Bigarren sura aipatu zuen, 256. bertsoa (aita santu batengan arraroa, huts egin zuen, 257. bertsoa esan nahi baitzuen): «Fede auzietan ez da hertsatzea erabili behar».

(...) Mende askotan, musulmanek Grezian agindu zuten. Greziarrak musulman bilakatu al ziren? Inor saiatu al zen haiek islamizatzen? Kontrakoa, greziar kristauek otomandarren administrazioko posturik altuenak izan zituzten. Bulgariarrak, serbiarrak, errumaniarrak, hungariarrak eta beste nazio europarrak otomandarren agintepean bizi izan ziren, une batean edo bestean, eta beren fede kristauari eutsi zioten. Inork ez zituen musulman bihurtzera behartu, eta kristau iraun zuten.

(...) 1099an gurutzatuek Jerusalem konkistatu eta biztanle musulman eta juduak sarraskitu zituzten, Jesu Kristo onberaren izenean. Garai hartan, musulmanek Palestina okupatu zutenetik 400 urtera, oraindik hango gehiengoa ziren kristauak. Garai luze horretan, haiei islama ezartzeko eginahalik ez zuten egin. Soilik gurutzatuak herrialdetik kanporatzean hasi ziren biztanle gehienak hizkuntza arabiarra eta fede musulmana hartzen; egungo palestinar gehienen arbasoak ziren.

Ez dago juduei islama ezartzeko ezein saioren inolako frogarik. Gauza ondo jakina denez, musulmanen agintepean Espainiako juduek ia gure aroa arte beste inon izan ez duten loraldiaz gozatu zuten. Yehuda Halevy eta gisako poetek arabieraz idazten zuten, Maimonides handiak egiten zuen bezala. Espainia musulmanean, juduak ministroak, poetak eta zientzialariak ziren. Toledo musulmanean, elkarrekin egin zuten lan aditu kristau, judu eta musulmanek, Greziako testu filosofiko eta zientifiko zaharrak itzultzeko. Urrezko Aroa izan zen. Nola izan zitekeen hori posible, [Mahoma] Profetak «fedea ezpataren bidez hedatzea» ezarri izan balu?

Ondoren gertatu zena are adierazgarriagoa da. Katolikoek Espainia musulmanei konkistatu zietenean terrore erlijiosoko erreinua ezarri zuten. Judu eta musulmanei aukera krudela eskaini zieten: kristau bihurtzea, sarraskituak izatea edota ospa egitea. Eta beren fedeari uko egin nahi izan ez zioten ehunka mila juduak nora joan ziren ba? Haietako ia guztiak hartu zituzten, besoak zabalik, herrialde musulmanetan. Judu sefardiak (espainiarrak) mundu musulmanean barrena egokitu ziren, Marokotik hasita Irakeraino, Bulgariatik (orduan inperio otomandarren menpe) Sudanera. Ez zieten inon jazarri. Han ez zituzten ezagutu Holokaustoa arte herrialde kristau ia guztietan egon ziren Inkisizioaren torturak, fede autoen sugarrak, progromoak, eta masa kanporatze izugarriak.

(...) «Fedea ezpataren bidez hedatzea» dioen istorioa kondaira gaiztoa da, musulmanen kontrako gerra handietan Europan hazitako mitoetako bat.

(...) Bushen ingurukoentzat, munduko petrolio baliabideen kontrola justifikatzeko saio zinikoa da hori. Ez da lehen aldia historian interes ekonomikoen biluztasuna estaltzeko jantzi erlijioso bat zabaltzen dutena; ez da lehen aldia lapurren bidaldi bat gurutzada bilakatzen dena.




C2
2006-09-26
  • Avnery , Uri
16261151
3950