Kerman mintzalagun bila. Kerman eta bekaduna

Kirmeni bekadun bat jarri diote laguntzeko, baina gauzak ez dira berak uste bezalakoak.
Egiturak:
- Bereiztu: hobe duzu lehenago etorri eta hobe duzu lehenago etortzea.
- Arraio eta demontre noiz erabili.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

JOSUNE: Aupa, Kerman!!! Hau astelehena! Gaur ez daukat lanerako batere gogorik.
KERMAN: Nik bai, ordea!!!!
JOSUNE: Bai? Hori gauza bitxia... Eta? Zer dela-eta lanerako bat-bateko grina hori?
KERMAN: Bekadun bat ekarri dute niri laguntzeko!!!Eta hobe du langilea izan!!! Kar, kar... Lan zikin guztiak pasatuko dizkiot!!!
JOSUNE: Bekaduna? Bejondeizula! Lana kendu baino gehiago eman egingo dizu... Ikusiko duzu...
KERMAN: Josune! Inbidiak akabatzen zaude. Horixe!  Eta hobe duzu bekaduna ez kritikatzea. Hemendik aurrera nire eskuineko eskua izango da! Sekulako ekipoa osatuko dugu!
JOSUNE: Kerman, zuk ez duzu izaten horrenbesteko lanik...Zertarako jarri dizute zuri bekaduna?
KERMAN: Josune, hobe duzu isildu, ez dakizu eta zertaz ari zaren. Lan piloa daukat nik orain. Ardura handiz egin beharrekoa, gainera! Tira, hobe dut lehenbailehen abiatu, bekaduna zain edukiko dut eta!
JOSUNE: Zu bezain zuria baldin bada, hortxe edukiko duzu, txintxo-txintxo zain...
KERMAN: Josune, hobe duzu niri errespetuz hitz egin... Izan ere, bekadunari esker, hainbeste nahi dudan koordinatzaile postua lortuko dut... Zeeeeeer?

AZALPENA
«Hobe dut lehenbailehen abiatu» eta «hobe duzu niri errespetuz hitz egin» esango dugu. «hobe dut lehenbailehen abiatzea» eta «hobe duzu niri errespetuz hitz egitea» saihestu egingo ditugu.

KERMAN: Kirmen! Zer arraio ari zara hemen! Altxatu hortik oraintxe bertan!
KIRMEN: Neu naiz zure bekadun berria!!!!
KERMAN: Ez da posible!!!! Nori demontre bururatu zaio zu kontratatzea?
KIRMEN: Ba, zure nagusiari... Oso gizon jantzia, bide batez...
KERMAN: Ez da posible, ez da posible... Honek azalpen logiko bat eduki behar du...
KERMAN: Kirmen!!!!!! Nor arraiok eman dizu nire ordenagailua erabiltzeko baimena???Jaiki oraintxe bertan!!!
KIRMEN: Kerman, oraindik ez daukat ordenagailurik, eta sekulako lan mordoa daukat...
KERMAN: Sekulako lan mordoa?Zerekin ari zara? Baina... Zertan ari zara Johnson Consultingeko txostenarekin? Nork demontre eman dizu nire profilean sartzeko pasahitza?
KIRMEN: Nagusiak! Nork bestela? Bai? Bai jauna, oraintxe bertan eramango dizu!!!! Bai...zuri!!! Kerman, nagusia zen. Kafetxo bat eramateko. Eta, bitartean, fotokopia hauek egingo?
KERMAN: Zer? Kafea eraman eta fotokopiak egin? Nik? Baina, baina... Nori demontre bururatu zaio hori?
KIRMEN: Nagusiari!!!!!
KERMAN: Baina, baina... Nor arraio da hemen bekaduna, Kirmen ala ni?

AZALPENA
Galdetzaileen bidez egindako galderetan harridura adierazteko arraio eta demontre hitzak erabili ohi ditugu. Nori demontre bururatu ote zaio hori?
Nor arraiok eman dizu baimena?

KIRMEN: Johnson Consultingeko txostena bukatu behar dut gaur...  
KERMAN: Kirmen, hobe duzu onartu. Handitxoa da postu hau zuretzat. Johnson Consulting gure bezero handiena da... Eta nik ez dizut lagunduko! Nor demontreri eskatuko diozu laguntza?
KIRMEN: Ez dut laguntzarik behar. Lana bukatu dut...
KERMAN: Bukatu duzula? Bi orduan?Mesedez, Kirmen... Nor arraiok sinetsiko du hori... Oso txosten konplexua da...
KIRMEN: Ba, hala ere, bukatuta dago! Orain txostena errepasatu eta nagusiari eramango diot. Balantzea, estatistikak,...
KERMAN: Kirmen!!!!! Hobe duzu nire tokia errespetatu!!!!
KIRMEN: Zure tokia? Ez ahaztu bulego hau biona dela orain!
KERMAN: Biona???? Baina nor arraiok esan dizu zuri hau zure bulegoa dela?
KIRMEN: Nire nagusiak!
KERMAN:Zure nagusiak? Nori demontre deitzen diozu zuk nagusi?Ni naiz hemen zeure nagusia! Ez ahaztu bekaduna zarela, be-ka-du-na!
KERMAN: Kirmeeeeen!!!!!!Zer egingo dugu orain?
KIRMEN: Ba... Ni etxera joango naiz... Ez ahaztu bekadunok arratsaldea osoa libre daukagula, li-bre! KERMAN: Kirmeeeeeen!!!!!!

AZALPENA
Kirmen Kermanen bekadun, ederra kontua... «Hobe duzu isilik egon» eta «hobe duzu kritikak onartu» esaten dela ikusi dugu. Eta ez «hobe duzu isilik egotea» edota «hobe duzu kritikak onartzea».

Bestalde, galdetzaileen bidez egindako galderetan harridura adierazteko ARRAIO eta DEMONTRE hitzak erabili ohi dira. "Nori demontre deitzen diozu zuk nagusi?", "Nor arraiok sinetsiko du hori?".
Horixe gaurkoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

A2
2011-03-08
16259777
05:25
4334