Kerman mintzalagun bila. Gezurretan
Kerman gezurretan harrapatu dute telefonoz ari zela.
Egiturak:
- Gogoa singularra da: *gogoak dauzkat / gogoa daukat.
- Herri batzuek azkeneko a galdu egiten dute deklinatzean: Ermutik, Hodarribiko...
KERMAN: Ez, ez, ez. Orain ezin naiz joan. Bartzelonan nago. Ranbletan harrapatu nauzu. Bai, bai, bai, giro aparta dago, bai. zuek ikusteko gogo handiak dauzkat, baina beste batean izan beharko du. Agur.
GARAZI: Barkatu. Uste dut pixka bat galduta zabiltzala.
KERMAN: Ni? Ez ba! Mila esker, baina ez dut laguntzarik behar.
GARAZI: Bai ba! Galduta zabiltza. Hau ez da Bartzelona, Orio da; eta zuk esan duzu...
KERMAN: Badakit zer esan dudan. Izan ere... ai, tira! Ez dauzkat gogoak zuri azalpenak emateko. Orion nago eta Bartzelonan nagoela esan dut, badakit. Eta orain, utz nazazu bakean.
GARAZI: Orduan, gezurra esan duzu nahita?
KERMAN: Bazterrak nahasteko gogoak dauzkazu gero! Ba, bai. Gezurra esan dut. Propio, gainera.
GARAZI: Eta, zergatik Bartzelona?
KERMAN: Bartzelonara joateko gogoak dauzkadalako. Ai! Kito!
GARAZI: Ba oroigarriren bat erosi beharko duzu, ez?
KERMAN: Baina, baina zer oroigarri eta zer oroigarri-ondo!
GARAZI: Jesus! Behin gezurrak esaten hasita... e!
Azalpena:
Adi egon "gogoa izan" aditz-lokuzioarekin singularrean erabiliko baitugu. Hortaz, "bazterrak nahasteko gogoa daukazu" edota "Bartzelonara joateko gogoa daukat" esango dugu. "Bazterrak nahasteko gogoak dauzkazu" eta "Bartzelonara joateko gogoak dauzkat", aldiz, baztertu egingo ditugu.
GARAZI: Zer, amantea zen, ezta?
KERMAN: Zer?
GARAZI: Lehen, telefonoz. Aitzakia jarri diozu ez gelditzeko.
KERMAN: Baina, zer amorante eta zer amorante-ondo! utz nazazu bakean! Bai? bidean nago, lasai. Aspaldi atera naiz Hondarribiatik. Zaude lasai, berehala helduko naiz Ermuara. Ez, ez, ez, autobusez noa, lasai. Gero arte!
GARAZI: Zer, emaztea zen, ezta?
KERMAN: Ez ba! Nik ez daukat emazterik!
GARAZI: Berdin du. Gezurra esan duzu berriz. Ez zaude Ermuan
KERMAN: Badakit ez nagoela Ermuan. Eta hori ere ez dut esan; Ermuara bidean nagoela esan dut.
GARAZI: Berdina da!
KERMAN: Ez da gauza bera. Gainera, zuri bost axola Ermuara edo Azkoitiara noan! Kito!
GARAZI: Azkoitian? A! Orain ulertzen dut dena. Amantea Azkoitian bizi da eta emaztea Ermuan, ezta? Gizonek beti berdina egiten duzue. Bikoteari kuernoak jartzen hasten zaretenean hasten zarete denei gezurrak esaten.
KERMAN: Ene!
Azalpena:
Ermua, Azkoitia eta Hondarribia herri izenak izen arruntak bailiran deklinatuko ditugu. Hala, Ermura noa, Azkoititik nator edota Hondarribiko hondartzan esango dugu. Ermuara noa, Azkoitiatik nator edota Hondarribiako hondartzan, aldiz, baztertu egingo ditugu.
GARAZI: Orduan zer, emaztearekin ala maitalearekin ari zinen hitz egiten?
KERMAN: Bazterrak nahasteko gogoa daukazu! Ez emaztearekin, ez bestearekin. Ni ez nago horrelako saltsetan sartuta.
GARAZI: Ui! Uste nuena baino okerragoa da orduan. Gezurti patologikoa zara.
KERMAN: Zer?
GARAZI: Bai ba! Beharrik eduki gabe ari zinen gezurretan, gustu hutsagatik. Gezurren psikopata bat zara.
KERMAN: Benetan esaten dizut: utz nazazu bakean! Etxera joateko gogoa daukat.
GARAZI: Etxera? Nora? Azkoitira edo Ermura?
KERMAN: Ez Azkoitira, ez Ermura eta ez Hondarribira ere! Baina, baina, zer axola zaizu zuri? Jakiteko gogoa daukat, benetan.
GARAZI: Jesus mutil, lasai! brometan nenbilen. Gezurretan aritzea oso gauza itsusia da eta gehiago zure edadean.
KERMAN: Gezurra, gezurra... Egia erdiak esan ditut, baina gezurrik ez. Berehala joango naiz Ermura eta begira, Hondarribitik atera naiz gaur goizean. Kito!
GARAZI: Bai. eta oraintxe Bartzelonan zaude.
KERMAN: Tira, hori...
GARAZI: Gezurretan ibiltzea gauza itsusia da. Lotsatu egin beharko zenuke.
Bai? Ez, oraintxe ezin dut. Kirofanoan sartzera nindoan justu.
KERMAN: E?!
GARAZI: Bai. Ebakuntza bat. Ez ba! Ni naiz zirujaua.
Azalpena:
Gezurretan harrapatu ditugu gaur Kerman eta Garazi. Lehen zatian ikusi dugunez, "gogoa izan" lokuzioa singularrean erabiliko dugu. Hala, "etxera joateko gogoa daukat" esango dugu eta ez "etxera joateko gogoaK dauZkat".
Bigarrenik, Ermua, Azkoitia eta Hondarribia herri izenen deklinabidearekin nahastu zaigu gure laguna. Ez ahaztu: Ermutik, Azkoitira, edota, Hondarribiko esango dugu. ErmuAtik, AzkoitiAra, edota, HondarribiAko formak, aldiz, baztertu egingo ditugu.
Hauxe gaurko saioa, lagunok. Zuek badakizue, ezta? honekin edo harekin, baina egin!