Bob Dylan, Literaturaren Nobel saria

Bob Dylan musika-egile, poeta eta abeslariari eman diote 2016ko Literaturaren Nobel saria. "Amerikako abestigintza-tradizio oparoan molde poetiko berri bat sortzegatik ".

 

Bob Dylan estatubatuarra da. Bere benetako izena Robert Allen Zimmerman. Minnesotan jaio zen 1941eko maiatzaren 24an. Musika-arloan itzalik handien duen protagonistetako bat da.
 

 

 

Honatx berari buruzko hainbat datu:
• Bob Dylan goitizena da, baina izan ditu beste batzuk ere:  Elston Grunn, Blind Boy Grunt, Bob Landy, Robert Milkwood, Tedham Porterhouse, Lucky/Boo Wilbury, Jack Frost edo Sergei Petrov.
Chronicles, Volume One liburuan kontatu zuen Bob Dylan ezizena Dylan Thomas poetaren eraginez hartu zuela.
• Rolling Stone aldizkariak Dylanen Like a Rolling Stone abestia jo zuen garai guztietako munduko abestirik onena bezala. Abestia 1965ekoa da. 48 urte geroago iritsi zen bideoklip interaktiboa.
• Sara Lownds modeloa eta Carolyn Dennis korista izan dira hurrenez hurren Dylanen emazteak. 6 seme-alaba izan ditu.
No More Auction Bloc, esklaboen kanta bat, moldatu zuen Blowin´ in The Wind sortzeko. Kanta hau 1963an argitaratu zen, eta hamar bat urteetara Luis Amilibiak kanta honen euskal bertsioa kantatu zuen:  Entzun aizetan izenburua zuen euskarazko bertsioak.
• 1966an, jada oso ospetsua zenean, Woodstock inguruan moto-istripua izan zuen. Uztailaren 29an izandako istripu hura harrigarri samarra izan zen; ez zuten erietxera eraman Dylan, eta mediku-txostenik ez da azaldu inoiz. Urtebete igaro zuen Dylanek jendaurrean azaldu gabe.

 

• 1967: The Beatles taldeak urte horretan argitaratutako Sgt. Pepper´s Lonely Hearts Club Band diskoaren azalean agertu zen Dylan.

• 1973ko Pat Garret and Billy The Kid filmaren musika Dylanena da. Aktore ere aritu zen film horretan.
• 1979: Princetongo Unibertsitate estatubatuarrak doctor honoris causa izendatu zuen Dylan. Izendapen bera eman zion 2004an Saint Andrews unibertsitate eskoziarrak.
• 1970eko hamarkada-bukaeran kristau egin zen; judua zen jatorriz Dylan. 
• 1988ko ekainaren 7an oraindik amaitu ez den kontzertu-birari eman zion hasiera. Kontzertu-bira horren izena Never Ending Tour da, eta hasi zenetik, 100 kontzertu inguru ematen ditu urtero.
• 1989an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira jotzera Dylan, Donostiara. Bilbon ere izan da jotzen behin baino gehiagotan. 2006an, Zurriolan emandako kontzertu berean abestu zuen azken aldiz jendaurrean Mikel Laboak. 10 bat aldiz etorri da gure artera Dylan kantaria.
• 2000. urtean Oscar saria irabazi zuen, jatorrizko abestirik onenagatik. Wonder Boys pelikulako soinu-bandako abestietako bat zen Dylanek sortutako eta abestutako Things have changed abestia. Urrezko Globoa ere irabazi zuen abesti horregatik.
 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria.- Haizean omen da erantzun oro baina, egia esan, ez dakit gaur haizeari ez ote diogun oso ondo begiratu, baina, behintzat, sorpresan hartu gaitu Bod Dylan izatea aurtengo literatura Nobel saria. Nork itzuli ditu bere poemak, Bob Dylanen poemak, euskarara? Eta Juan Gartzia ikusi dut. Eta deitu diot Juan Gartziari eta harrapatu dut Estatu Batuetan eta neronek dakit eman diodala notizia esnatu egin dudalako. Juan Gartzia, arratsalde on.
Juan Gartzia.- Bai, bada, arratsalde on hor. Bai.
E.- Sorpresa izan da zuretzat baita ere? Edo haizeak esan zizun?
J.G.- Bai, bai, sorpresa handia. Gero ikusi dut bazegoela izendatua lehendik, eta batzuek pentsatzen zuten lehenago ere emango ziotela, baina bai, bai, sorpresa erabatekoa izan da, bai eta ausardia iruditzen zait, ez? epaimahaiaren aldetik.
E.- Zergatik?
J.G.- Bueno, ba ez dakit, literatura imajinatzen denean, ba, beti betiko zera dator burura lehenengo, ezta? Eta, bueno, hemen azkenean kantak dira, ez dut uste bere autobiografiarengatik emango ziotenik. Eta, bueno, alde horretatik, ez, niri pozgarria iruditzen zait. Nik familiako bati eman baliote bezala sentitu dut.
E.- 99an izan zen argitarapena. Zuk pentsatzen zenuen, inondik inora, nobel saridun baten poemak itzultzen ari zinenik?
J.G.- Ez noski! Nik gainera kantak. Hor jarri nuen, ba, ahalegina egin nuen batzuk behintzat kantatzeko moduan-edo egon zitezen, eta besteak ere horrela, pixka bat estilo horretan, eta bueno, nik badakit badutela askok poema modura. Eta ez berak egindakoak bakarrik, baizik jarritako bidea, eta jende askorengan izan duen eragin ikaragarria, bada, musika-bideetan eta bestela ere, nik uste dut. Literaturan ere eragin ikaragarria izan duela bere kasakako... ez naiz ausartzen esaten surrealismoa, baina bai bide bat oso desberdina zena (zela) ordura arte egiten zenarekiko.
E.- Begira, gaur goizean sariaren berri eman dutenean, Sara Danius, Nobel Akademiaren idazkariak hauxe esan du Homero eta Safo eta Bob Dylan aipatuz: Homerok eta Safok olerkiak sortzen zituztela ahots goran irakurtzeko, Dylanek egin izan duen bezalaxe, bere olerki eta abestietan Dylanek gai sozialak, politikoak eta horrelakoak jaso ditu eta hori izan da azpimarratu duena gaur akademiak. Bat zatoz horrekin, Juan?
J.G.- Bai, bai, eta beste buelta bat ere bada, lirika esaten denean, ba, lira dago hor, ez? Beraz, kantuarekin guztiz lotuta egon da kontua. Gertatzen dena da orain beste poesia formala gehienetan ez dela egiten horrela, eta, bueno, metrikak eta zerak, pixka bat, beste leku bat hartu dute, oro har, baina, bueno, hau, nik uste dut, koherente badela. Esan dudana da ez nuela pentsatzen horko Suediako jende serio horrek gure gaztetako golfo horri emango ziotenik horrelako saririk.
 

B2
2016-10-14
16243821
03:33
4249