Loreei hizketan (A1B20)
Amaia balkoiko loreak zaintzen ari da, eta pisukideei erakutsiko die nola zaindu behar diren.
AMAIA.— Mendian, lar artean, aurkitzen da loretxo bat... Ai! Belar txarrak kenduko dizkizut, bai? Horrela… eta horrelaxe. Begira zer ondo! Orain ur pixka bat. Eta ongarri bikaina erosi dizuet. Horrela hobeto, ezta? Oso ondo.
AMAIA.— Ai! Orain zure txanda da. Lore eder-ederrak ikusi nahi ditut, e? Mimo guztiak eman dizkizut, eta badakizu, zure lore zuriak ikusi nahi ditut!
JOSU.— Amaia!
AMAIA.— Ui! Kaixo!
OIER.— Kaixo, Amaia. Zertan ari zara?
AMAIA.— Ikusten duzue, loreak zaintzen.
JOSU.— Bai, bai, ikusten dugu, baina norekin aritu zara hizketan?
AMAIA.— Norekin izango da, ba? Loreekin.
OIER.— Kar-kar! Erotu egin zara?
AMAIA.— Aizu, Oier, adar-jotzerik ez, e, mesedez. Loreak oso pozik daude nirekin, etxe honetan bizi naizelako. Sekula ez dituzue zaindu, eta maite-maite egin behar zaie.
JOSU.— Bai, ados. Laztanak, ura, ongarria... Baina haiekin hitz egitea!
AMAIA.— Bai horixe! Gure amonak horixe egiten zuen. Loreak pozik egoteko: mimoak eta goxo-goxo tratatzea, hortxe trikimailua.
JOSU.— Zure familian ez zaudete ondo!
AMAIA.— Ikusiko duzue, hemendik aurrera eder-ederrak aterako dira loreak.
OIER.— Zuk badiozu...
AMAIA.— Bueno, zuek zer? Adarra jotzera etorri zarete ala afaria prestatzera? Nik ezin dut dena egin, e?
JOSU.— Oraintxe goaz. Garagardo bat nahi duzu?
AMAIA.— Ez, ez. Oraindik ordu-erditxo bat pasatu behar dut hemen.
JOSU.— E, Amaia, zertan ari zara? Ikasten badugu, hurrengoan Oierrek eta nik zainduko ditugu.
AMAIA.— Zer? Berriz ere adarra jotzen? Baina begira, azaldu egingo dizuet. Etorri.
OIER.— Ez, lasai. Entsalada prestatzera noa.
AMAIA.— Ez, ez. Zu geldi hemen nik esan arte. Hurbildu.
AMAIA.— Lore hauek ez dituzue aspaldian zaindu. Lehenbizi, belar txarrak kendu. Horrela. Hemengo hauek… oso ondo, bai? Ur pixka bat bota behar zaie.
JOSU.— Ura ere bai.
AMAIA.— Hemendik ur pixka bat… Ez dugu ito behar, e, landarea bestela… Honi ere ez diogu bota. Oso ondo. Ongarria ere bikain-bikaina erosi dut. Begira, pixka bat hemendik, horrela beste pixka bat, zure lore zuri eder horiek ateratzeko. Hori da. Ondoren, hitz egitea, hitz egitea oso garrantzitsua….