Afari xelebrea (A1E08)
Amaia, Josu eta June etxeko sukaldean daude. Afaltzeko gogoz daude, baina ez daukate ezer hozkailuan. Junek betiko ihesbidea aukeratuko du: txinatarrera deitzea. Wang-ek hartuko dio telefonoa eta harekin jardungo du.
AMAIA.— Harrigarria da, afaltzeko garaia da eta Josu oraindik ez da sukaldera etorri.
JUNE.— Bai, hala da. Azterketak dauzkazue, ala? Josu horren langile egoteko...
Une horretan Josu bera agertuko da sukaldean.
JUNE.— Hara, deabrua aipatu eta...!
JOSU.— Kaixo, neskak. Bukatu dira ikasketak gaurkoz. Deskonektatzeko beharra daukat: afaria prestatuko dizuet, ados?
AMAIA.— Ados, baina ez dakit, beharbada ez duzu gauza handirik aurkituko hozkailuan.
JUNE.— Amaia, ez zara gogoratzen? Atzo erosketak egin behar genituen, baina azkenean ez ginen joan.
JOSU.— Lasai, June, utzi nire kontu...! Aizue, hemen ez dago ezer.
AMAIA.— Kar-kar! Esan dizugu.
JUNE.— Ez kezkatu, gaur afari txinatarra. Wangekin hitz egingo dut eta kito.
JUNE.— Wang? (...) Gabon, June naiz, (...) oso ondo, bai. Gaur ere janari txinatarra tokatzen zaigu, kar-kar. Bai, oso alferrak! Itxaron une bat (...) Amaia, Josu, nahi duzue nik aukeratzea? Bai?, primeran. (telefonoz) Begira, Wang, mesedez, jarri ogi txinatarra, hiru udaberriko rollito, ganbak tenpuran eta ahatea saltsa gazi-gozoarekin (...) Bai? Gehiegi da? Ez, dena jango dugu, seguru. (...) Ordu erdi? Primeran, Wang, mila esker!
Junek telefonoa eskegiko du.
JUNE.— Arazo bat konponduta. Afari ederra egingo dugu!
AMAIA.— Bai, gero ez da erraza izango lotara joatea!
JOSU.— Amaia, ez zaitez negatiboa izan. Oso ondo afalduko dugu.
AMAIA.— Bai, badakit, afari txinatarra asko gustatzen zait! Bueno, aukeran, nahiago dut saltsa gozoa, baina tira.
JUNE.— Edukiko dugu pixka bat etxean, Amaia. Nola ez, astean bitan txinatarrera deitzen dugu eta.
JOSU.— Niri tenpura gustatzen zait gehiena. Barazki finekin, sekulako platera da: arrautza pixka bat, irina... eta kito.
JUNE.— Eta Wang-en jatetxean mundiala egiten dute.
Une horretan tinbrea joko dute.
AMAIA.— Bai azkarrak txinatar hauek! (atea ireki eta Oier agertuko da). Oier da eta. Gabon!
OIER.— Nire zain, ala?
JUNE.— Ez, ez, txinatar baten zain.
JOSU.— Bai, bai, Oier, mementurik onena aukeratu duzu etxera bueltatzeko: bost minututan afaria mahaian izango dugu.
OIER.— Pozten naiz!