Familia aitzindaria?
Urtearen hasieran girotutako audio honetan, pasatu berriak diren Gabonen inguruko ohituren eta gertaeren inguruan egiten du gogoeta Maddalen Lujanbiok. Bere jardunean, Belengo kontuak gaurkotasuna duten gaiekin kateatzen ditu Maddalenek.
Pasa dira behingoz pasa behar zuten guztiak; eta ez pasatzeko batzuk ere bai. Pasa dira atez ateko kopla-kantu eta arrandak, pasa zen Olentzero ere, ikazkin bat gero eta apainagoa. Sinboloen gerran bataila gogorrak izan dira aurten, balkoietako petriletan. Din, dan eta don ixildu ziren euskeraz abestu eta erderaz txapela pasatzen zuten haurrak; gustu eskasez kantatuz eta gustu handiz kontatuz. Zahartu egin dira opariak ia irekitzerako. Pasa dira familia-otorduak, hanka ahulen gainean antolatutako mahai-buelta handiak; eta ukondoen pisua, eta belaunaldien desoreka nola edo hala aurten ere eutsi dio oholtzak antzezpenari.
Desegin dira Belengo estalpeak; Belen inguruak han segitzen du desegiten. Haurrek jaiotza egin zutenean plastilinaz, inork hitz egin ote zien Palestinaz? Jaiotzaren, Jesusen jaiotzaren bezperatan ekarri zion Gallardonek abortoaren lege bat opari. Ama Maria hitzik gabe uzten zuena; aita Jose, ausente, eta haurra, Jainko. Horra jaiotza garaikidea. Ez dakit uso batek ernaldu izana sartzen ote den Gallardonen abortatu ahal izateko kasuistikan; edo, akaso, Gallardonek berak uste aldean ausartak eta libreak ziren Nazaretekoak. Ze Espiritu Santuaren bitartez ernaldutako ama birjin bat ez al da intseminazio artifizialaren metafora bisionarioa? 2000 urteren ondoren hain ohikoa den egitate baten lehen profezia?