Sen ekologikotik kontzientzia ekologikorako itzulia
Gaur egun egiten ditugun hainbat ekintza ekologiko gure kontzientziak edo ideologiak bultzatutakoak dira. Gure aurrekoek, aldiz, bere senak bultzatuta egin ohi zituzten ekologiarekin lotutako jarduera asko eta asko; hain zuzen ere, desagertzear dugun baliabidea: sena.
Gai horren inguruan dihardu Maialen Lujanbioren gogoeta honek.
Irudia: Inn, Pixabay
Beste leku askotan bezala, Urola aldean ere lehorte lan-kontuetan. Urola bazterrean ikusitakoa da, kartel bat, alerta nuklearraren tankerako uhinak zituen irudian eta letra larriz, hitzaren bi zentzuetan larriz, honela zioena: “Lanpostu berriak sortzeko, erosiko herrixen”. Aurretxotik entzuna genuen telebistan, Arrasateko dendari bat gogoraraziz ez zela Fagor bakarrik auzia, beste lanpostu batzuk ere bazirela arriskuan, eta oroitzeko, eta egiteko Gabonetako enkarguak Arrasateko dendetan. Patrikak ideologiari dei, lehen sena zena ideologia baita orain. Sena zen gure aurreko amek eta amonek kanpaina beharrik gabe jarraitzen zutena: bertako gaiak erostea, bertakoei eta bertan. Ekologikoa ez zen igual izango, produkzioz, baina bai gizarte-funtzioz. Europako zenbait hiritan, adibidez, salgunetik 30 kilometrora baino urrunagoko gaiak ez dira ja ekologiko kontsideratzen. Eroski eta gisakoak, hemen ere, urrutiko merke-zurretan ibili ostean, % 20 bertako produktuak iragartzen hasi dira orain. Elkarrekiko konpetentziak bultzatu ditu horretara, baina iniziatiba ohoragarri bezala saldu digute. Sena zena estrategia bihurtu da orain.
Plastikozko poltsa 5 zentimo kobratzen da, eta nola kartera txiki batean biltzen ziren lehengo oihalezko poltsa haiek, ba holakoxeak banatu dizkigute udaleko logotipo eta esloganekin. Ona da proposamena, baina batzuetan jendarte inkapaz eta itzali bateko parte ere sentitzen da bat holakoekin. Balirudike poltsak eta tupperwareak ere udalak prestatu behar dizkigula; txukun-txukun, gurasoek umeei bezala, kontzientzia har dezagun. Sena behar zukeena kontzientziazioa baita orain.
Udalaren logoa dute hondakin organikoentzako kubotxo famatuek ere, kontainerrak sutan baino ia iskanbila gehiago sortarazi duten horiek. Eta ez da, hala ere, orainkoetxea hondakin organikoak apartatzea, nahiz eta sena zena joko politikoa izan orain. Esnea saltzeko makinak ere ugaldu dira; poltsatan dator eta beirazko botiletan. Tetrabrik izan zen inbentoaren lilurak apalduta, beira berrerabili egiten da. Sena zena garapen jasangarria deitzen da orain.
Orain sena zenaren beharrik ez baita, orain teknologia baita dena. Eta, adibidez, gu hain jende teorikoa, gu hain jende ikasi eta ideologizatua, gu hain jende sentibera eta kontzientziatua garen gu kapaz gara saltsa berdearen errezetaren bila Interneten ibiltzeko, ama etxean edukita. Alegia, hau da hau bueltatzarra egin duguna bagenekienera iristeko.