Demokrazia transgenikoa

Maialen Lujanbio bertsolariak Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin duen hausnarketa honetan, paralelismoa aurkitzen du produktu transgenikoen eta demokraziaren artean.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

OFF AHOTSA.Euskadi Irratia.
ESATARIA. Asteartea da; Maialen Lujanbiok sinadura.
MAIALEN LUJANBIO. Arto, arta txiki, arta xehe, arta berde… Arto izenak izango ziren ezin zenba ahala, eta orain zenbakiak berak dira artoarentzat izen: TC1507, Mon810… Hitzek gero eta gutxiago esaten dute; orain artoaren haziak eta hitzenak transgenikoak dira. Isiltasun-aro bat beharko genuke: hitzak egurasten utzi beharko genituzke, lugorri-aro bat hitzentzat, barruan zuten ideia bere onera etorri dadin berriz. Hartara berreskuratuko lukete euren barruko muina hitzek. Eta ez litzateke hain doakoa askatasuna ahoskatzea, adibidez. Ez litzateke hain erraza berdintasuna esatea. Min emango lukete hitzek ahoan. Lugorri-aro baten ondoren, tasunari erneko balitzaio barruan daraman asuna, birritan pentsatu beharko litzateke ahoratzerako, ahoskatzerako. Duintasuna, asuna erresumingarria baita, baina sendabelarra.
Hitzak egurastuko bagenitu, garbiago antzemango genioke gaitzari ere, lizuna, ustela non den. Bistaratuko litzateke hitzen barruan zornea; lugorriaren ondoren keriak barruan zuen eria azaleratuko litzateke berriz, eta keria murtxikatzea, bortxakeria, ezingo litzateke hain oharkabe pasa, ustelkeria, hitzen zornea lehertuko litzateke ahoan. Baina esanaren esanaz barruak jan dizkiegu hitzei, tasunak eta keriak ez dute ez muin eta ez mami. Genetikoki eraldatutako hitzak dira. Eta larriago dena, jabego pribatukoak. Mon Santo firmako pozoi batekin fumigatutako inguru bateko aleak eta eleak.
Ostiral honetan Europako Batzordeak  TC1507 artoari oniritzia eman liezaioke, onartzen duen bigarren transgenikoa izango litzateke, Mon Santoren Mon108aren ondoren. Mon Santo munduko pestizida eta hazi transgenikoen ekoizlerik handiena da. Eurek merkaturatzen dute pestizida, eta pestizida horrekiko immune den hazi transgenikoa. Pozoiak inguruko zomorroteria guztia suntsitzen du, baina alea lehengoan mantentzen da.
Eta pentsatzen nuen halakoxeak direla hemen gobernantzak ere: demokrazia hitzaren jabe eurak dira. Eta demokraziaren aurkako pestizida ere eurek jartzen dute: fumigatzen dute kale, bazter eta inguru, protesta eta kritikak oro, eta hala ere, beren demokrazia, itxuraz, uki gabe geratzen da. Demokr –hazia: gobernantza transgenikoa.

C2
2013-12-16
  • Maialen Lujanbio
16236140
00:04:00
4786