Bertsolari-txapelketaz

Jokatzen ari den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren gaineko iritzia plazaratu du Iñaki Segurola idazleak, 31 eskutik blogean. Bertan nahiko kritikoa ageri da bertsoak baloratzean hobesten diren irizpideekin. Bidenabar, gogora dakarzkigu bertso-txapelketen historian gertatutako pasarte batzuk.

Zubeldia

Pena hartu nuen aurrena. Bertsolarien gerrako aurreneko ekinaldian Zubeldia puntuetan azkenputz! Aurreko puntan berriz… nor? Ba, betiko jende-modu eguneratua, orduratua, segunduratua. Gero pentsatu nuen holaxe behar zuela, eta hobe zela gainera holaxe izanda. Norguaiagoka (sic) nagusirako ez du edozeinek balio.

 

Has gaitezen galdezka: zer da grazia? Eta da mundu orok senti lezakeen zera bat, inork definitzen ez dakiena. Grazia hitzetan, gorputzetan, eguraldian, pausoan… Grazia da gauza bat ezin neurtu daitekeena, ezin konta daitekeena, puntuetan kabitzen ez dena. Eta Zubeldiak grazia dauka; euskarak grazia dauka Zubeldiaren ahotan. Baina Zubeldia «barregarria» dela uste dute besteek, grazia gauza barregarria dela nahi baitute sinetsi, eta axalekoa dela, halaxe baitzaie komeni sakon-poetikotzat jotakoei. Eta ez: ez da hala. Grazia ez da barrea. Grazia da barrea eta beste gauza asko, inongo irizpide epaitzailetan agertzen ez direnak, ezin ager litezkeenak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zubeldia bertsolaria


Bertsolarien Txepelketan (sic) aurreko puntan geldituko diren horiek zer daukate? Ba, puntuak dauzkate, puntu mordoa irabaziko dute, irizpide epaitzaileek emandako puntuak. Zubeldiak puntu gutxi eskuratu ditu, eta normala da. Zubeldiak koskak ditu, beste inork ez bezalako koskak, eta Txepelketan puntuak balio du, ez koskak. (Bidenabar: koska izendatzen dudana ere ez dakit definitzen.)

 


Txepelketako publikoa audientzia nazional haundi bat da; oso nazionala, oso eguneratua, oso jantzia, oso osoa. Zubeldiak oso hori puskatu egiten du, erantzi egiten du. Haren hitzek dantzan egiten asmatzen dute; beste gehienenak, berriz, hitz gelberak dira, hitz eroriak dira, Inhibition (sic) Centerrak ezin gehiagoraino anplifikatuko dituenak, gizenduko dituenak, «poetiko» bihurtuko dituenak. (Halatsuko zerbait sentitu zukeen Arestik ere bere garaian: Basarriren kontra hitzegin zuen, olerkariak okerlari zirela deklaratu zuen, bertsolaritzak «sagardotegitik komentura» egin zuen bidea salatu zuen, eta hola. Amuriza zaharraren bertsokera intsentsatuarekin ere izan ziren xextra batzuk.)


Lizardi eta Txirrita bi mundu ziren, ia bi hizkuntza ziren. Gaurko bertso puntutsua literatura neurri-errimaduna besterik ez da; idatzizko mundu berbera da, baina neurri-errimaduna. Ez dakarkigu «bestelako» mundurik eta hizkuntzarik, Txirritak Lizardirenaz oso bestelako mundu bat dakarkigun bezala. Salbuespena Zubeldia da (Irazuk salbuespena izateari uko egin zionetik). Hargatik maite dugu Zubeldia nik eta beste askok. Gure euskara irendu honi potroak jartzen dizkiolako atzera berriz, edo, nahiago bada, ama euskara mastektomizatua bi titi tenterekin edertzen duelako.


Sareak ezin harrapa dezake gatzik. Irizpide epaitzaileen sareak ezin harrapa dezake gatzik, hitzezko gatz dantzaririk. Epai irizpidedunak sakonkeria infopoetikoz gizendutako hegaluze bat dakar audientzia nazional euskaljatorraren superportura, baina gatzik ez, batere ez, alerik ere ez.

Basarri eta Txirrita bertsolariak

 

Basarrik ere kendu zion txapela Txirritari. Bata barregarri utzi zuten orduko irizpide eguneratuek, eta bestea gixongazte jantzi, sakon, poetiko moduan gelditu zen. Gaur inork ez du gogoan gazte haren bertso bakar bat ere, eta orduan barregarri gelditu zenaren aitamenak ez dira oraino ixildu sartuagatik lurpian, eta nekez ixilduko dira beste larogei urtian.


Ohar geografiko bat, bukatzeko: gaurko txapeldungaiek kostakoak edo kostatik oso gertukoak behar dute izan, zeren gaur egungo koxtagizakiari ez baitzaio itsasoko gatzik eransten; egiten zaiona da hondartzako txiringitoko expiritu mengel garaikidea itsatsi, eta expiritu horrek puntuak ematen ditu bertsotako supermerkatuan. Gatzagak eta gesaltzak goi-herrietan daude, behealdeko jende-modu horrek burlaz begiratzen dien goi-herrietan, hain juxtu.


Maite dugu Zubeldia. «Beste zerbait» aditu nahi genukeen askok ia Zubeldia bakarrik maite dugu.

(Iñaki Segurola, 31 eskutik bloga, 2013-10-10)


C2
2013-11-19
  • Segurola , Iñaki
16163532
6925