Dokuteka
Zer da Pigmalion efektua?
Hainbat gurasoren jarreraz hitz egingo dugu jarraian.
Greziako mitologia zaharraren arabera, errege bat izan zen Zipren. Pigmalion zuen izena. Eta emakumerik ederrena irudikatuko zuen bolizko estatua, Galatea izenekoa, zizelkatzen hasi zen. Bukatu zuenean zeharo maitemindu zen estatua harekin, hain zen liluragarria. Azkenean, erregeak bere fedearen indarraz eta gogo handiaz benetako emakume, hezur eta haragizkoa, bihurtu zuen, Venus jainkosaren laguntzaz.
George Bernard Shaw-ek ere Pigmalion izeneko antzezlana idatzi zuen 1912an eta hura oinarri harturik George Cook-ek My fair lady filma egin zuen. Bai, Audrey Hepburn-ek 'The rain in Spain falls mainly in the plain' abestu zueneko hura. Film hartan, Higgins irakaslea sinetsita zegoen Londresko kaleetako edozein neska lore-saltzaile aristokrata bihur zezakeela, haren ahoskera eta portaera zakarra saiatzearen poderioz finduz. Baita lortu ere. Neska haietako bat bere ardurapean hartu, trebatu, handi-mandien ospakizun batera eraman eta inork ez zion neskari bere jatorri apalaren antzik ere eman. Beraietako bat hartu zuten.
Badago Bernard Shaw-en testuan elkarrizketa mamitsu bat. Honelakoa gutxi gorabehera: 'Ikusten? norberak lor ditzakeen gauzak alde batera utzita (janzkera, ahoskera...) neska lore-saltzailearen eta andereñoaren arteko aldea ez da nola portatzen diren, besteek nola tratatzen dituzten baizik. Higgins irakaslearentzat lore-saltzailea naiz eta beti izango naiz halaxe tratatzen nau eta. Baina zuk andereño bezala tratatzen nauzu eta ni halaxe sentitzen naiz eta banaiz'.
1966an Rosenthal eta Jacobson ikertzaileek azterlan entzutetsua egin zuten. Hainbat irakasleri esan zieten, oso 'test' ahaltsuek hala iragarrita (adimena neurtzeko Test of General Ability, TOGA delakoa), beren ardurapeko hainbat ikasleren ikasteko gaitasuna oso altua zela, eta horietako beste zenbaitena, berriz, ez zela apartekoa. Baina, hori jukutria hutsa zen, ikastalde horien batez besteko mailak antzekoak baitziren. Hainbat hilabete igarotakoan, TOGA testari berriro erantzunarazi zieten ikasleei. Eta 'azkar ustekoek' gora egin zuten beren puntuazioetan. Zer gertatu zen? Bistan denez, irakasleek ez zieten denei berdin irakatsi. Haien ustez ikasle 'onak' zirenak ikasle on gisa tratatu zituzten. Eta gehiago ikasi zuten horiek.
Geroztik ere burutu dira antzeko azterlanak hezkuntza arloan ez ezik lan-munduan ere. Emaitzarik sendoenak armadetan bistaratu dira. Hausnartzekoa da, beraz, beren umearen aurrean 'Ez, ez, gure mutikoak ez du matematikarako balio. Baina tira, natur zientzietarako bai' eta horrelakoak esaten dituzten gurasoak ez ote diren ari umearen aukera batzuk indartzen eta beste batzuk murrizten. Agian, Zipreko erregearen eta Higgins irakaslearen adibideei jarraikiz ate gehiago irekiko dizkiegu seme-alabei nahiz eta, egia esateko, in Spain euria nonahi egin dezakeen.
Pigmalion Zipreko errege ospetsu bat izan zen, bihotz onekoa eta jakinduriaz agintzen zekiena. Bere aisialdia eskulturak egiten ematen zuen, horiek egitea zuen gustukoena. Ez zuen besterik, ez zuen beste olgetarik, ezkontzeko asmorik ere ez. Erresumako menpekoak larri zeuden, erregearen familian ondorengorik jaiotzen ez zelako. Saiatzen ziren erregearentzat emaztegairen bat bilatzen, baina hari ez zion axolarik. Egun batean emakume eder bat zizelkatu behar zuela otu zitzaion, eta ez zuen etsi harik eta lana amaitu zuen arte. Ederra zen irudia. Marfilezko irudi bikain hura arropa bitxiz jantzi zuen. Galatea jarri zion izena. Konturatu zenerako maiteminduta zegoen Egun batean, Afroditaren omenezko festa egun batean harri eta zur utzi zituen guztiak, denen aurrean Galatea bizidun bihurtzea eskatu baitzion jainkosari, merezi zuen bezala maite izateko. Eskaria egin bezain laster, tailerrera joan zen presaka. Eta hara non ikusten duen bere Galatea maitea irribarrez berari begira, eta poliki-poliki berarengana hurbiltzen. Hura gozamena! Galateari erregina izatea eskatu zion. Hark emaztea izatearekin nahikoa zuela erantzun. Eztei-eguna zoragarria izan zen. Afrodita bera benetako gizaki-itxuran azaldu zen. Zoriontsu bizi izan ziren. Seme-alabak izan zituzten, besteak beste, Pafo. Harrezkero Zipreko herriak etengabe eskaintzen zizkion opariak Afrodita jainkosari, eta honek ondo baino hobeto zaindu zituen Zipreko herritarrak. Bada kondairaren beste aldagai bat ere. Eta dio, Pigmalion gazteago batekin errukituta, estatuari musu emateko agindu ziola, eta, une hartan bertan Galatea emakume bihurtu zela, egilea txundituta eta liluratuta utzi zuela.
