Etorkinentzako irudizko hiztegia: on-line eta CD formatuan
Aisa, etorkinak euskalduntzeko bildumaren baitan kokaturik, hona hemen Etorkinentzako Irudizko Hiztegiaren bi formatu berritan.
Lehenik eta behin, gogoratu nahi dugu zertan den Aisa materiala. Euskara ikasteko oinarri-oinarrizko materiala da, Euskal Herrira iristen diren etorkinentzako harrera-ikastaroetan erabiltzeko materiala, etorkinek hemengo gizartea, ohiturak, etab. ezagutzeko eta euskara ikasteko lehendabiziko urratsak emateko. Etorkinak euskarara hurbiltzea du helburu, euskal gizartean hobeto integra daitezen. Izan ere, ikastunitate guztietan ikasleei aukera eskaintzen zaie beraien ohiturak eta gureak alderatzeko: janzkeran, familian, jateko orduan.
Hiztegiaren garrantzia
Hasierako maila honetan hiztegiari garrantzi berezia eskaintzen zaio eta horrexegatik antolatu ziren ikastunitateak gaien arabera (familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka.), hiztegiaren lanketa sistematikoa eginez, eta argitaratu zen irudizko hiztegia zazpi hizkuntzatan. Irudizko hiztegian erabilitako hizkuntzak hauek dira: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, arabiera, berberera eta txinera, hauek baitira Euskal Herrira etorritako etorkinen gehiengoak hitz egiten dituen hizkuntzak. Ikusita liburu-formatuan argitaratu zen hiztegia oso arrakastatsua suertatu dela, beste bi formatuotan eskaintzea erabaki da: CD formatuan eta Interneten http://www.habe.org helbidean.
9 euroren truke eskuratu ahal izango duzue hiztegiaren CDa. Zazpi hizkuntza baditu ere, erraz nabigatuko duzue batetik bestera, bilatu nahi duzuen hitza erraz aurkitzeko modua eskaintzen baitu.
Hauek dira Etorkinentzako Irudizko Hiztegia CD formatuan behar bezala ikusi eta erabili ahal izateko ordenagailuak bete behar dituen gutxieneko baldintzak: -PC bateragarria -Pentium III prozesadorea edo azkarragoa -64Mb-eko RAM memoria -100 Mb leku librea disko gogorrean -CD-ROM irakurgailua -Windows 2000/XP -Web nabigatzailea: -Internet Explorer 6 edo berriagoa -Mozilla 1.7 edo berriagoa
Lehenago esan dugun bezalaxe, HABEren web orrian dago eskura hiztegia. www.habe.orghelbidean sartu eta lehenengo pantailan bertan aurkituko duzuen pastillan klik egitea nahikoa da bistaratzeko. CD formatuan bezalaxe, nabigazio-sistemaren bidez oso erraz aurkituko dituzue edukia osatzen dituzten hitzak.
Zuzenketa-orria: Hona hemen euskarazkoa, osatuta: ETORKINENTZAKO IRUDIZKO HIZTEGIA OINARRIZKO LEXIKOA ZAZPI HIZKUNTZATAN Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Frantsesa, Berberera, Arabiera, Txinera