Ipuinak

Ipuinetan eta beste hainbat tradiziotan agertzen den mundu ikuskera izan du hizpide iritzi-emaileak. Zer egin beharko genuke beraietan islatzen den mezua gaur egun desegoki iruditzen zaigunean?


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

BEGOÑA MURUAGA. Denok ezagutzen ditugu ipuin tradizionalak. Eta gutariko askok komentatu dugu behin baino gehiagotan, ipuin horietan agertzen den mundu-ikuskerak sarritan kutsu sexista duela. Horrela ulertzen dute zenbait irakaslek eta berdin pentsatzen dute hainbat gurasok ere. Beraz, eta batez ere irakaskuntza-munduan proposamen ugari dago mahai-gainean ipuin horien inguruan: edukia aldatu, irakurketa kritikoa egin edo erabat baztertu. Nire iritziz, testu horien bere horretan mantendu beharko genituzke. Alde batetik, garai bateko gizartearen isla direlako. Eta bestetik, aukera ona ematen digutelako orduko gizartea eta ohiturak gaurko munduarekin konparatzeko.
Bada, aspaldiko kontu horren haritik beste gai baten berri izan dut azkenaldi honetan, euskal kanta tradizionalen ingurukoa. Hizkuntza sexista baztertu nahian Euskal herriko zenbait tokitan kantuan aritzen diren talde batzuek abestien letra aldatzeko proposamena egin dute. Oker ez banago disko bat ere kaleratu dute aldaketa horiekin. Adibide gisa, Aika mutil esan beharrean Aika gazte esatea proposatzen dute. Eta beste abesti batzuen pasarteak ere moldatu dituzte kantagintza tradizionalari gaurko ukitua emateko asmoz. Berriro diot ipuinei buruz esandakoa: utz ditzagun dauden moduan kanta tradizionalak,. horiek ere modu egokia direlako gure iragana hobeto ulertzeko. Bestalde, iraingarriak badira beti daukagu baztertzeko aukera. Ez naiz edozein tradizio errespetatzearen aldekoa, batez ere tradizio horrek giza eskubideak urratzen baditu. Baina aipatutako bi gai horiek beste maila batekoak iruditzen zaizkit. Eta ondorioz, horiekin beste era batera jokatu beharko genuke.
Berdintasunaren aldeko borrokan bide ugari daukagu, eta denak dira urratu beharrekoak. Baina nik ez nuke indar handirik jarriko kontu honetan indar hori beste borroka batzuetarako beharko dugulako. Aurki izango ditugun hauteskunde-kanpainei buruz ari naiz. Berdintasunaren aurkako erasoak bortitzak izango direlako.

B2
2019-01-14
  • Muruaga , Begoña
16148558
1439