Doala zakurraren salara!

Guadalajarako gizon baten eta Ziburuko ikasle baten artean Bizkaiko hiriburuan gertatutako benetako pasadizoa izan du hizpide Garbiñe Ubeda iritzi-emaileak Euskadi Irratian.

Euskara dela medio, Guadalajarako turistak erakutsitako haserrea kontatzen du.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

MAITE ARTOLA.- Garbiñe Ubeda, egun on.
GARBIÑE UBEDA.- Kaixo, egun on.
MAITE ARTOLA.- Gaur kontatzera zoazena benetan gertatutakoa da hortaz, ez?
GARBIÑE UBEDA. Bai. Bai.
MAITE ARTOLA.- Adi hizkuntzen gatazkari lotuta, benetako pasadizoa Garbiñe Ubedak.
GARBIÑE UBEDA.- Imajina ezazue Guadalajarako gizon bat, zahar xamarra, bere gisako beste gizon bat alboan duela Bilbo aldean paseoan. Imajina ezazue Guadalajarako turista zahar xamar horrek Google maps edo antzekorik erabiltzen jakin ez eta estilo zaharrean bilatzen dituela hiria bisitatzeko behar dituen argibideak, alegia, kalean harrapatzen duenari galdezka.
Zubi esekiari begira, galdera luzatzeko premia sortu zaio sortu turista kastellanoari. Eta horra pagotxa: gaztetxo-multzo bat dakusa metro eskasetara galeperrak bezala pasean haiek ere. 14-15 urteko neska-mutilak dira, Ziburuko Piarres Larzabal kolegiotik etorriak Bizkaiko hiriburua ezagutzeko aitzakian. Turista kastellanoak ilararen atzealdean doan mutiko bat jo du begiz, arreta eskatu dio lehendabizi, eta bakartu duenean, zenbait argibide zehatz ere bai zubiaz, Bilbo aldeaz edo dena delakoaz. Mutikoak entzun berri duen parrastari segida eman ezinean, bera euskalduna dela erantzun dio ahal bezala, eta Guadalajarako gizonak, bat-batean turista izateari utzi eta supremazista minduaren larrua agerian, espantuka eta irainka hasi zaio mutikoari. Guadalajaratik ere entzuteko moduan, euskalduna bada gaztelaniaz hitz egiteko obligazioa duela eta ez dagoela gaztelania ez dakien euskaldunik eta joan dadila zakurraren salara ume-moko madarikatua eta me cago en Dios hau eta La ostia hura, larderiatzen dio harik eta mutiko txundituari irakaslea erreskatean heldu zaion arte. Honek izorratzeko inongo asmorik ez zegoela, Ziburutik, alegia, Lapurditik datozela eta antzeko beste hainbat azalpen eman dizkio gaztelaniaz gizonari, baina hari, nekez entzun zaio barkamenik. Bai, ordea, barrea eta identitatearen ukazioa bigarrenez: “ya, ya, o sea que son de Francia”, bota die kanoikada.
Halaxe hartu du bakea gizonak, eta isilik jarraitu diote bere bideari gazteek, ni nire aldetik asmazio-izpirik ez duen gertaera surrealista honetan.

Juzga beza entzule bakoitzak zeren gainean eraikitzen den gehienetan bakea eta bizikidetza.
MAITE ARTOLA.- Zakurraren salara joateko esan zion hori, gazteleraz nola ote zen?
GARBIÑE UBEDA.- Bueno, uste dut por culotara bidali zuela.
MAITE ARTOLA.- Garbiñe, eskerrik asko.
GARBIÑE UBEDA.-Zuei.
MAITE ARTOLA.- Hurrengo arte.



B2
2018-12-11
  • Ubeda , Garbiñe
16148035
00:03:31
102