Ni "ahobizi" izango naiz, eta zu?

Gure eguneroko hizkuntza-ohituretan aktiboki eragiteko asmoz, azaroaren 23tik aurrera,11 egunez, martxan izango dugu euskaraldia.

Ekimen horretan, “ahobizi” eta “belarriprest” izango dira protagonista eta eragile. Hamaika egun horietarako psikologikoki prestatzen ari dela kontatu digu Faktoriako ''Sinadura'' tartean Elixabete Garmendia iritzi-emaileak.

Elixabetek, ahobiziarena eginez, seduzitzaile-papera hartu nahi duela azaldu digu hausnarketa interesgarri honetan.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ELIXABETE GARMENDIA.- Ahobiziren txapa belarritakoen kutxatxoan ipini dut goizetan ez ahazteko paparrean jantzi behar dudala. Txaparekin batera eman dizkidaten gomendioak irakurri eta barneratu ditut. Eta hasi naiz ariketa psikologikoa egiten neure buruarekin euskaraldiaren erronkarako. Joseba Ezkurdiak lau eta erdiko txapela irabazteko erabakigarria izan baldin badu prestaketa psikologikoa, nik beste horrenbeste egin behar dut beldur eszenikoa gainditzeko.

 

Badaukat eredu bat: Imanol. Bera aho biziarena egiten ikusi dut ezagutu nuenetik, duela hiru urte luze. Imanolek euskaraz jaulkitzen du euskara beti, baita ezagutzen ez duen jendartean ere. Horretarako, mintzaideari begietara tinko so egiten dio, irribarrea ezpainetan, aurpegiera atsegina, ahots tonua gozo, hitzak ondo ebakiz, eta horrela mintzaiderik entzungor eta setatiena ere seduzitu egiten du. Oraindik ez dut entseatu ispiluaren aurrean, baina horixe izango dut eredua: ataka estuan gogora ekarriko dut Imanolek zer egingo zukeen, zer egingo duen eta hura ondoan baneuka bezala jokatuko dut.

 

Bestelako zume batzuk ere bildu nitzake indar psikologikoa elikatzeko. Esaterako, txikitan gure etxean eslogana zen hura. Jolasean eta imitazio gisa soilik erabiltzen bagenuen ere gaztelania, gure aita-amek hura entzun orduko zapla botatzen ziguten agindua: “erdaraz ezta txantxetan ere” edo gure attattak (aitonak) kalean azaldu bat-batean eta lagunarteko solasean hizkuntza ziplo aldatzen genuenekoa, haren demandaren beldur. Euskararen polizia gisa jokatzen zuten gure senitarteko haien baitan, euskal hiztunaren sentimendu agoniakoa zegoen eta diktaduraren kontrako intsumisioa.

 

Atzo 43 urte diktadorea hil zela. Zorionez, ez daukat euskararen poliziarena egin beharrik, seduzitzailearen papera suertatzen zait. Euskaraldiaren 11 egun horietan asmatuko al dut seduzitzaile irmoaren papera txukun egiten.

 

B2 C1
2018-11-22
  • Garmendia , Elixabete
16147616
02:18
1595