Gurutze Gorriak boluntarioak behar ditu

Denbora beti izaten da arazoa denontzat, baina denbora gutxi badugu ere, boluntario izan gaitezkeela azpimarratu dute Eneko Marin eta Felix Zubia Gurutze Gorriko boluntarioek.

Asebetetzen zaituen lana dela azpimarratzen dute biek. Boluntario izateko baldintza bakarrak: 18 urte baino gehiago izatea eta denbora libre pixka bat izatea.

Irratiko elkarrizketa osorik entzun nahi baduzu, egin klik hemen

 

 

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA, GIZONEZKOA. Gurutze Gorriak kanpaina jarri du martxan boluntarioak behar dituztelako. Betiko aitzakia izaten da: denborarik ez daukagula, estresatuta bizi garela, baina beti ateratzen da denbora horretarako gogoa baldin badago, ezta Maialen?
KAZETARIA, EMAKUMEZKOA. Bai. Eta horren adibide dira gure gonbidatuak. Felix Zubia, Zainketa Berezien saileko medikua, eta etxe honetako laguna. Egun on.
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Egun on.
KAZETARIA, EMAKUMEZKOA. Eta berarekin dator Eneko Marin irakaslea. Egun on zuri ere bai.
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Egun on guztioi.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Felix, Zainketa Berezien saileko medikua zara. Bi seme-alaben aita ere bazara. Nondik ateratzen duzu denbora Gurutze Gorrian aritzeko ere, Felix?
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Ba nire emazteari galdetu. Gutxi, bueno, lehen baino gutxiago daukat, baina beti ni, 19 urterekin sartu nintzen boluntario, ba ikasketen bigarren urtean nengoela…
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Bai.
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Eta badira 24 urte, hortaz. Eta hortxe jarraitzen dut. Eta oraindik ere ikasten. Hau da, ikasten eta aberasten ez?, esperientzia guzti horiengatik.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. 24 urte Felix, Gurutze Gorrian. Zertan, zer egiten duzu Gurutze Gorrian, Felix?
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Ba ia denetarik. Esaten dut, baina batez ere anbulantzia-zerbitzuetara edo zerbitzu, osasun-zerbitzuetara joan, prestakuntza eman, ikasketak, bueno ba, horretan hasten direnei… Eta gero denetarik behar denean, ba ia guztia.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Ba Felix lanbidez mediku da, zu ez zara mediku, Eneko.
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Ez. Ni irakasle.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Bai. Baina, hala ere, mediku ez bazara ere, edo erizain ez bazara, edo osasunarekin zerikusirik ez badaukazu ere, laguntza eman dezakezu Gurutze Gorrian.
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Inongo arazo gabe.
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Bai. Guk profil ezberdinetako jendea daukagu ez?, eta gainera behar dugu eta nahi dugu.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Bueno, esan dugu boluntario-kanpaina bat martxan daukazuela, jendea behar duzuela, erreleboa behar duzuela, laguntza behar duzuela… Ze perfileko jendea beharko zenukete?
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Ba edozein. 18 urtetik gora hasita,
KAZETARIA, GIZONEZKOA. …edozein.
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Eta ez dakit muga bon jarri. Gizonezko zein emakumezko, borondatea duena eta denbora pixka bat eskaintzeko modua duena.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Ba esan duzu gainera hori, 18 urtetik gorako edozeinek lagundu dezakeela Gurutze Gorrian. Zenbat denbora eskaini behar zaio Gurutze Gorriari? Zeren esan duzu denbora behar da, zenbat denbora, Eneko?
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Bakoitzak daukana. Nik uste dut serioagoa dela. Nik asteburuetan aukera baldin badaukat edo, halakoetan, ahal, ahal dudan hori eskainiz gero, nahikoa da. Ez dakit, nire kasuan irakasle izanda, gorabeherak dauzkat.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Bai.
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Ekaina-bukaeran kanpaldiak direla, kurtso-bukaerako bilerak, denbora murriztu egiten da, baina udan, aldiz, denbora dezente daukat eta hor igo egiten da. Orduan, bakoitzaren aukeren arabera.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Bale.
KAZETARIA, EMAKUMEZKOA. Zuri boluntario izateak zer aportatu dizu edo zer aportatzen dizu?
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Ez dakit nik. Zurekin ondo sentitu eta besteei laguntzea. Eta Felixek esan duena: ba momentu larri horietan ba agian ez da atsegina, ez da gustukoa, baina aldi berean laguntzen ari zara, eta badakizu, ba beharra daukan pertsona horrek ikaragarri eskertzen dizula, eta askotan antzematen da bai begietan, edo irrifar soil batean. Ez da, ez da esan behar. Ez dakit. Baliagarri suertatzea oso positibo iruditzen zait.
KAZETARIA, EMAKUMEZKOA. Zalantzan dagoenari baina oraindik azken bultzada hori falta zaionari, zer esango zeniokete?
FELIX ZUBIA MEDIKUA, BOLUNTARIOA. Ba esperientzia oso polita dela. Benetan beteko zaituela, eta hor ikasten duzunak betirako balioko dizula, bai jakintza aldetik, baina batez ere bizipen aldetik.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Eneko?
ENEKO MARIN IRAKASLEA, BOLUNTARIOA. Ba zeharo ados. Aberasgarria dela eta gero hor ikasten duzunak, aplikagarria dela bizitzako beste esparru batzuetan. Orduan, bai seme-alabak direla, ekipoetako entrenatzaileentzako, irakasleentzako, edo norberak etxean, lehen laguntza hori eman ahal izateko…
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Ba hortxe. Eskaria egina dago. Boluntario-premia dauka Gurutze Gorriak eta hori adieraztera etorri zaizkigu Eneko eta Felix. Telefono-zenbaki hau gogoratuko dugu…
KAZETARIA, EMAKUMEZKOA. …gogoratuko dugu: 943. 22 22 22. Oso erraza.
KAZETARIA, GIZONEZKOA. Hori da.

B2
2018-10-22
16146943
00:03:35
1773