Bortxaketa San Telmon

"Artea eta mitoa (Pradoko jainkoak)" izeneko erakusketaren kariaz, aspalditik datorkigun "bortxaketaren kultura" du gogoeta-gai artikulu honek. Artelan horiekin zer egin behar dugun galdetzen dio bere buruari Xabier Mendiguren Elizegik.

San Telmo museoan izan nintzen joan den astean, Fermin Muguruzaren Black is Beltza filmak Zinemaldian izan zuen estreinaldiaren ondoren antolatu zuten festatxoan. Klaustro eder hartan, kopa bat eskuetan, burua joan zitzaidan museo bereko ondoko aretoetan ikusgai dagoen erakusketara: Artea eta mitoa (Pradoko jainkoak).

Mitologia klasikoak (Grezia eta Erromakoak) artean izan duen trataera erakusten zaigu bertan, koadro, eskultura eta bestelakoen bidez, orain dela bi mila urteko artelan zenbaitekin hasi eta, batez ere, XVI-XVIII. mendeetako irudietaraino, denak ere Madrilgo El Pradoko funtsetako lanak. Erakusketa ongi eratua dago eta egokiak dira azalpenak, ilustratu egiten dutenak pedantekerian erori gabe.

Ni neu banaiz artezalea. Mitologiak ez nau bereziki txoratzen, baina jakin-min apur bat neukan eta joan nintzen ikustera. Bisitak merezi zuela atera nuen ondoriotzat, baina batez ere sala batek txunditu ninduen, hain zuzen ere, Antzinako jainko horien «bahiketa» edo bortxaketei eskainitako atalak. Berez, gaztetxotako irakurketen oroimen lanbrotan neukan nola Zeusek halako batean beltxarga baten itxura hartu zuen Leda neskatxa «seduzitzeko» (halaxe ikasten genuen, sedukzio hori gogoz kontrakoa izan arren), eta antzeko beste itxura-aldaketa batzuk ere izan zituela banekien, beste horrenbeste emakume gazteren faboreak lortzearren (garaiko hiztegiaz jarraitzea baimentzen badidazue), baina batxilergoko edukiekin ohi den eran, pilatutako jakintzaren azpialdean neuzkan haiek denak, hautsak estaliak eta erdi ahaztuak, San Telmoko paretetan zintzilik berriro ikusi arte.

Oroitzen hasita, oroitu nintzen hori dena literatura-lan bihurtu zuela Ovidiok, Metamorfosiak izeneko bere poema luzean, eta, Antzinaroaren miraz, Errenazimentuko eta neoklasizismoko pintore askoren inspirazio-iturri bihurtu zela (edo gorputz biluziak margotzeko aitzakia, beste etorki tematiko nagusia Kristautasunetik sorturiko iruditeria baitzen). Eta oroimenak gogoetari lekua egiten dion unean, izendapen bat etorri zitzaidan, ez Antzinatekoa ezta nire nerabezarokoa ere, azken urteetan ikasitakoa baino: bortxaketaren kultura, hitzez hitz.

Eta izendapenaren ondoren, halako kezka bat: eta zer egin beharko genuke guk, nola ikusi behar genituzke, orain, dakiguna jakinda, irudi guztiz eder horiek, emakumearen erabilera eta haienganako indarkeria sexuala artelan gisa sublimatzen duten koadroak? Kasurik ez egitea izan liteke erantzun bat, aspaldiko kontuak direlakoan, gaur egun beste kontzientzia-maila bat dugulakoan, halako basakeriak onartzen (eta are gutxiago ederresten) ez dituena. Baina zinez esan dezakegu halakorik, azken urteetan gertatutakoak gertatu eta gero, inguratzen gaituzten emakumeek egunero kontatzen eta salatzen dizkigutenak entzun eta gero?

Ikonoklastia izan liteke beste erantzun bat, ez batere berria: hainbat mugimenduren jokaera izan da, gizaldiz gizaldi, moralki ofenditzen zituzten irudiak deuseztatzea: horrela egin zuten kristautasunaren baitako adar batzuek irudi paganoekin, horrelaxe jokatu zuten (eta oraindik ere ez da amaitu) islamismoaren joera muturreko batzuek blasfemotzat jotzen zituzten irudi eta liburuekin. Orduko jokabide haiek basakeriatzat jotzen ditugu, baina zentsuraren eta dogmatismoaren harra iraganeko kontutzat hartzea inozokeria hutsa litzateke, integrismoak kolore guztiak hartzen baititu, ezkerretik eskuinera, eta gure garaia ez baitago inondik ere libre totalitarismoaren arriskutik.

Hortaz, zer egin? Ikusi eta erakutsi. Eta kontestua eman. Eta gaiaz pentsarazi. Eta barrura begiratu. Batez ere guk, gizonezkook. (Urriaren 28 arte ikus liteke San Telmokoa).

https://www.berria.eus/paperekoa/1898/022/001/2018-10-03/bortxaketa_san_telmon.htm


Interesatzen zaizu



C2
2018-10-04
  • Mendiguren Elizegi, Xabier
16146620
1213