Txartel gorria eta horia: emakume baten asmakizuna

Futbolean arau-hausteren bat dagoenean ohikoa izaten da jokalariari txartel gorria edo horia ateratzea. Baina non ote dute jatorria txartel horiek? Eta nori eta nolatan bururatu zitzaion horrelakorik?

Epaile ohi bat zerbaiten bila ari zen: nola zigortu futbol-partida bateko jokalariak hauek zigorra argi eta garbi ulertzeko moduan? Bere emazte Hildak eman zion irtenbidea. Ken Aston ingelesa izan zen Munduko Futbol Kopako norgehiagokarik tamalgarrienetako baten epailea: Txile-Italia, 1962. Bere epaile-ibilbideko lehiarik bortitzena izan zen: Santiagoko Bataila. Denetik gertatu zen: istiluak, borrokaldiak, jokalari kanporatuak... Lehia hark arrasto sakona utzi zion epaileari. Asko sufritu zuen lehia negargarri hura epaitzen. Jokalariak lasaitu nahi, eta ezin, ingelesez hitz egiten zienez, ez ziotelako ulertzen. Ez zuten hizkuntza hura menperatzen. Bi jokalari italiar kanporatu zituen Astonek. Baina porrot egin zuen epaileak, eta etsita bukatu zuen partida.

 

Urte gutxira, Ingalaterran, 1966ko Munduko Futbol Txapelketan hartu zuen parte Astonek, baina FIFAko Epaileen Batzordeko kide gisara, ordurako jubilatuta baitzegoen epaile modura. Urte hartako txapelketan, final-laurdenetan hain zuzen, Ingalaterraren eta Argentinaren arteko norgehiagoka oso korapilatsua izan zen.

Astonek epaitzeko sistema erraz bat sortu nahi zuen, nazioartekoa, zalantzarik gabekoa, eta hizkuntzak hizkuntza, epaileak zigortutako jokalariek, eta ikusleek, argi ulertzeko modukoa. Horrela ez zen duda-mudarik izango lehian gertatutakoaz. Etxera bidean, Kensingtongo semaforo baten aurrean, pentsatu zuen: «Horrelako zerbait izan beharko luke, argia: horia, kontuz; gorria, debekatua pasatzea! Bai, baina nola?: ez da hain erraza zelaian argidun semaforoak jartzea!».

Etxera heldu zenean, bere kezka azaldu zion Hilda emazteari. Hasieran, ez zuen ematen emazteak arreta handirik jarri zionik azalpenari. Ken Aston egunkaria irakurtzen hasi zen. Denbora gutxira, hara non etortzen zaion Hilda bi kartoi mehe dituela, horia bata eta gorria bestea: «Eta epaileek horrelakoak eramango balituzte sakelan? Ohartarazteko, horia eta kanporatzeko, gorria». 

Astonek pozik hartu zuen irtenbidea eta hainbat proba egin ondoren, eta dezente eztabaidatu eta gero, sistema abian jarri zen 1970ean, Mexikon izan zen Munduko Futbol Txapelketan. 


Aurreneko txartela Mexiko-Sobietar Batasuna norgehiagokan atera zuten, aipatutako txapelketako lehendabiziko partidan alegia, 1970eko maiatzaren 31n. Alemaniako Tschenscher epaileak atera zion Asatiani sobietarrari, honek Velarde mexikarrari ostikada gogor bat emateagatik. 27. minutua zen.
 


B1
2018-09-25
16146435
3090