Udan gaude: zaindu larruazala

Aitona-amona askok burua eta gorputza estaltzen zituzten uda-sasoian eguzkitik babesteko. Orain, berriz, lehen izpiak azaldu orduko, neguko arropak erantzi eta eguzkipean noiz jarriko zain egoten gara sarri.

Uda-garaian, eguzkiarekin tentuz ibiltzeko gomendioa egin du Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Eta ez da txantxetan hartzekoa; izan ere, larruazaleko minbizia da munduan azkarren zabaltzen ari dena.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA. Uda-garaian, eguzkiarekin tentuz ibiltzeko gomendioa egin du Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Egun hauetan kanpaina berezia jarri du, gainera, elkarte honek martxan. Elkarteko kideekin eta informazioa jasotzera hurreratu diren herritarrekin hitz egin du Amaia Eneterreaga lankideak.
AMAIA ENETERREAGA. Aitona-amona askok, edo aitatxi-amatxi aunitzek burua eta gorputza estaltzen zituzten uda-sasoi betean eguzkitik babesteko. Orain, berriz, lehen izpiak azaltzen hasten direnean, neguko arropak kendu eta eguzkipean noiz jarriko zain egoten gara sarri. Urteak joan ahala, ohiturak aldatzen joan dira: larruazalaren kolorea iluntzeko ahaleginak emaitza gero eta efektiboagoa lortu, orduan eta asetze handiagoa jasotzen dugu.
EMAKUMEA 1. Hau eguzkitan egoten da asko.
EMAKUMEA 2. Atzo 2 ordu.
AMAIA ENETERREAGA. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak kanpaina abiatu du beste urte batez larruazaleko minbiziaz ohartarazteko. Lurraldeko zenbait herritara gerturatzen dira furgoneta berezi batekin, herritarren zalantzak argitu eta informazio egokia banatzeko. Izan ere, larruazalekoa munduan azkarren zabaltzen ari den minbizia da. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an, 263 melanoma-kasu jaso ziren. Elkartetik ohartarazi dute gehiago ere izan zirela, diagnosirik egin izango ez zuten arren. Arrisku-maila, gainera, gehienetan norberaren ohituren araberakoa da. Maider Sierra, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kidea.
MAIDER SIERRA. Ehuneko portzentaje oso altu batean azaleko minbizia da gure bizi-ohituren ondorioz sortzen den gaixotasun bat.
AMAIA ENETERREAGA. Udaran hondartza, igerileku, mendi edo errekan bainujantzia jartzea ohikoa bada ere, eguzkitik babesteko askok krema ematen dute, ordea. Teoria behintzat zabalduta dago.
EMAKUMEA 3. Bai, goizean bai. Egunero ematen dut. 50. Ona dela esaten dute, asike, horregatikan.
EMAKUMEA 4. Eguzki gabe (ere) bai, egunero, neguan eta udara ere bai. Kostunbreagatik.
EMAKUMEA 5. Baita ere. Aurpegian beti.
EMAKUMEA 6. Nik ez dut ematen. Alferkeriagatik. Eta etxean daukat adibidea baina ez daukat ohiturarik.
EMAKUMEA 7. Nire ustea da azal gogorrekoa naizela, baina badakit aitzakia makala dela baina…
AMAIA ENETERREAGA. Gipuzkoako Minbiziaren Kontrako Elkarteak dioenez, izpiak eguzkirik gabe ere badaude eta, hortaz, praktikan bertze (beste) babesgarriak behar ditugu lainopean gelditutako eguna izanda ere. Maider Sierra
MAIDER SIERRA. Krema bat, nik beti esaten dut, izan behar duela azkeneko aukera. Babesgarri on bat benetan da arropa, betaurreko batzuk, kapela bat… desegingo ez dena.
AMAIA ENETERREAGA. Ohitura-aldaketa prozesuan krema erabili arren, letra txikia kontuan edukitzea omen da garrantzitsuena: zenbakia ez ezik, azpian agertzen den babes-mailaren erreferentzia. Maider Sierra.
MAIDER SIERRA. Zenbakiez kremetan ahaztu egin beharko genuke. Zenbakiak, esan dezakegu, marketina direla. Muy alta baldin badu, nahikoa da, zeren marka batzuetako 50a beste marka batzuetan 90a da.
AMAIA ENETERREAGA. Eguzki-izpiekiko ditugun ohiturek, hortaz, larruazaleko minbizia abiarazi dezakete. 10 urteren buruan larruazaleko minbizia duten pertsonak bikoiztu eginen dira eta larruarekin lotutako arazoak ere biderkatu egingo dira, adituen arabera. Teoriatik praktikara pasa, edo ohitura aldatzeko hautua egin behar da hortaz.
GIZONEZKOA 1. Donostiako eguzkiarekin zuk uste duzu hori, krema behar dugula?
AMAIA ENETERREAGA. Oraindik ere badugu, ordea, zer ikasi.

B2
2018-06-29
16144998
00:03:10
2012