BAGOAZ! B1-15- Argazki eskasak

Lantaldea jo eta ke ari da lanean Errota aldizkariko erredakzioan. Izaro ez dago gustura, eta batetik bestera dabil. Urduri dago.

Asier informatikariak haserre hitz egingo dio Izarori.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ASIER.— Egongo al zara geldi? Goiz osoa dantzan daramazu. Horrela ezinezkoa da kontzentratzea!
IZARO.— Barkatu!
AMAIA.— Ai, Asier, ezin gara beti denok ondo egon.
ASIER.— Ba orduan etxera joatea du onena. Besteok lan egin behar dugu.
AMAIA.— Izaro, arrazoi zenuen, e? Zakarra baino zakarragoa da. Eta zuk, zer duzu?
IZARO.— Bufff... Gaurko eguna…!
AMAIA.— Lagunduko dizut?
IZARO.— Ez, ezin duzu; baina mila esker.
AMAIA.— Zer gertatu zaizu, ba?
IZARO.— Dena atera zait gaizki, den-dena! A zer egun petrala!
AMAIA.— Kontatuko didazu?
IZARO.— Bai, barka ezazu, Amaia. Gaur goizean elkarrizketa bat geneukan Cristinak eta biok, baina argazki-kamerak ez zuen ondo funtzionatzen. Saiatu naiz konpontzen, baina ezin izan dut. Eta elkarrizketatuak beste komunikabide batzuk zituen zain.
AMAIA.— Aitzakiak!
AMAIA.— Asier! A zer aldrebeskeria! Eta orduan?
IZARO.— Ba, telefonoarekin egin dizkiot argazkiak, baina aldizkariaren barruko orrietarako bakarrik balio dute.
AMAIA.— Orduan, zein da arazoa?
IZARO.— Elkarrizketatua idazle handi bat zen, eta, sari handia eman behar ziotenez, ba aldizkariaren aurreko azalean ere bazihoan, koloretan.
AMAIA.— Eta ezin zarete berriro beregana joan?
IZARO.— Ez, presa handia zeukan. Bartzelonan jasoko du saria.
AMAIA.— Eta ezin dizkiozue argazki gehiago egin.
IZARO.— Ba ez.
AMAIA.— Eta orain…
IZARO.— Orain zuzendaria…
ZUZENDARIA.— Izaro, zatoz nire bulegora, mesedez.
AMAIA.— Eutsi, Izaro, eutsi!

ETENA

ZUZENDARIA.— Begira, Izaro…
IZARO.— Sentitzen dut, baina Cristinarekin joan naiz idazle bati elkarrizketa egitera…
ZUZENDARIA.— Idazle bat ez, Ramon Saizarbitoria. Idazle handia da, Izaro.
IZARO.— Ba hori, ez da gure errua izan, baina ezin izan diogu argazki onik egin; argazki-kamera ez zebilen, eta gure atzetik beste komunikabide batzuk zeuden haren zain; kontua da telefonoarekin egin dizkiodala argazkiak, eta ez dutela azalerako balio.
ZUZENDARIA.— Eta orain ezin diozue argazkirik egin, Bartzelonara joan delako saria jasotzera.
IZARO.— Ui! Bazenekien?
ZUZENDARIA.— Horixe, goizean entzun dut irratian. Egon lasai, Izaro. Bartzelonako adiskide bati deituko diot. Ara egunkarian lanean ari da, eta hark egingo dio argazkia.
IZARO.— Eta kito?
ZUZENDARIA.— Bai, neska, lasai! Garaiz helduko dira. Baina nik ez dizut horretarako deitu.
IZARO.— A, ez?
ZUZENDARIA.— Ez. Nik aparteko orduei buruz hitz egiteko deitu dizut. Zenbat izan dira joan den hilean?
IZARO.— Ba… ez dakit, baina oraintxe begiratuko dut.
 

B1
2018-03-05
16141732
02:48
1342