Zuhurragina

OSATUZ ZALANTZAK izeneko tartean, hortz-haginetako kontuak aipatuko ditu Jabier Agirre sendagileak.


Esataria: Gaurkoan hortz-haginetako kontuak aipatuko ditugu. Izan ere, ezin uka dentistarengana joatea ohitura osasungarria denik, baina poltsikoarentzako ere ez dakit horren mesedegarria den...

Jabier Agirre: Bai, bai. Zuk esandako horretatik hitz bat hartu nahi dut: "hortz-haginak" esan duzu. Euskaraz "hortz-haginak" hitzean  biltzen dira batetik hortzak eta haginak. Nik uste esamolde oso polita dela. Askotan ez dugu jakiten nola deitu, hortzen barruan haginak ere badaudelako, eta hortzeria ere badago, baina  hortz-haginak oso esamolde polita eta jatorra da. Axularrek ere erabiltzen omen zuen. Bai, jatorra eta polita da.

Esataria: Eta hortz-hagin guztiak berdinak dira?

Jabier Agirre: Ez, ez dira berdinak, ez. Erditik albo batera joanez, dauzkagu erdi-erdian ebakortzak, ebakitzeko diren hortz edo paleta handi batzuk. Gero dauzkagu letaginak, puntazorrotza direnak, batez ere janariak eta txikitzeko, animaliek izaten dituztenen antzekoak, askoz ere motxagoak, noski, eta gero datoz haginak. Haginak izan litezke aurrekoak, aurreko haginak edo premolarrak esaten dena, eta gero atzeko haginak; atzeko haginak izan litezke bi edo hiru, eta horiek duten funtzio inportanteena da janaria txikitu, ondo murtxikatzen edo mastekatzen lagundu eta abar.

Esataria: Beno, bi edo hiru izan litezkeela aipatu duzu. Zergatik bi edo hiru?

Jabier Agirre: Beno, hortzak, dakizun bezala... lehendabizi esne hortzak daude, eta gero, horiek erortzen doazen neurrian betiko hortzak edo hortzeria definitiboa ateratzen da. Ea haginen kasuan, hirugarren hagina edo euskaraz zuhurragina esaten zaiona... Eta zergatik zuhurragina? Ba, seguru aski pentsatuz umetan tontakeria asko egiten ditugula, umekeri kontuak eta abar, eta ez dakit, 20 urteren buelta horretan edo nolabaiteko zentzumena etortzen zaigula burura, eta euskarak hor asmatu du zuhurragina... Eta ez da euskararen kontua bakarrik, espainolez esaten zaio "muela del juicio". Orduan "juicio" ere pixka bat zentzumena, edo... Askotan zuhurragina agertzeak ez du esan nahi  derrigor pertsona hori zentzuduna edo zuhurra denik, baina beno, euskarak horri zuhurragina esan dio.

Esataria: Eta amaitu aurretik, hortz-haginen inguruan beste konturik aipatu nahi al duzu?

Jabier Agirre: Bai, bai, badaukat nik aspaldian arantza txiki bat "dentista" hitzarekin. "Dentista" hitza nik uste dut euskaraz onartu behar genukeela beste hizkuntza guztiek onartu duten bezala. Hau da, ez dago problemarik baten batek esan nahi baldin badu, baina zertara dator euskaraz, adibidez, "haginlaria", edo "hortz-artatzailea" edo horrelakoak erabiltzea? Espainolez ere badaude "sacamuelas" eta horrelakoak, baina jendeak normalean "dentista" erabiltzen du. Beraz, nik uste dut euskaraz ere "dentista" erabili beharko genukeela inolako problemarik gabe.


Jaitsi


B2
2006-12-03
  • Agirre , Jabier
16135034
02:50
4999