Emakumeen kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur
Emakundek gizarte osoari dei egiten dio gaur, Emakumeen kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespen publikoa egin dezan, hiri eta herri ezberdinetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz edota emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa bihurtu den puntu lila erakutsiz. Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaidak, Lehendakariak deitutako kontzentrazioan parte hartuko du, Lehendakaritzako egoitzan, goizeko 11.45tan.
Mobilizazioa eta pentsamolde aldaketa ezinbestekoak dira, Emakunderen iritziz, emakume eta gizonen ezberdintasunaren erakusle latzena den emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, eta indarkeriaren gaitzespenarekin batera, Emakundek indarkeria mota honekin amaitzeko berdintasun politikak tresna bezala aldarrikatzen ditu.
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokak alor asko ukitzen dituela gogoratu du Emakundek. Oso garrantzitsua da hezkuntzan lan egitea, baina ez soilik eskoletan. Sozializazio agenteak asko dira (familia, eskola, komunikabideak…). Gizartea osoak errepikatzen ditu estereotipo sexistak eta beraz, gizarte osoaren inplikazioa behar da hauen kontra egiteko. Prebentzioak duen balioa azpimarratu du eta, zentzu honetan, gazteekin lan egitea ezinbestekoa da. Horretan saiatzen da urte osoan zehar martxan dagoen Beldur Barik programa (www.beldurbarik.org). Honekin batera, Emakundek azpimarratu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa bide honetan, eta sail arteko koordinazio eta inplikazioa. Eta goraipatu nahi izan du baita ere emakumeen taldeek eta gizarteko beste hainbat talde eta entitatek egiten duten lan guztia alor honetan.