Udaberriko loreak

Udaberria ate joka dugun honetan, zelai-soroak lorez gainezka hasi dira. Badira, ordea, hain koloretsu, lurruntsu eta ikusgarri ez diren urte osoko loreak ere: esanahia dutenak, apaingarri hutsak direnak, hitzezko loreak...

Euskadi irratiko Atzekoz aurrera tartean, Maialen Berasategik lore moten inguruko gogoeta egin du. 

 

 

 

 

 

Irudia: Albrecht Fietz, Pixabay.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Leiho-hegi. Leiho-koska. 
Balkoi biluzi. Apaingarri eta lorerik gabeko balkoiak, balkoi hutsak.
Apainkeria hutsal. Ezertarako balio ez duena. Besterik gabeko apainketa. 
Antigual-lurrina. Zahar kiratsa, garai bateko gauzen ukitua.
Zuriak baino zuriagoak. Oso faltsuak. 
Azken beltza. Heriotza, amaiera. 
Bizi ebakiak. Amaitutako, bukatutako biziak. 
Laudorio egitea. Norbaiti buruzko hitz politak esatea, eskaintzea.
Garai elkor. Une zail, lehor, ez emankor.

Transcripción:[+] Transcripción:[-]
Maialen Berasategi. Loriak udan ihintza bezala maite det (dut) udaberria. Baina, ai, alergia-garaia ere izaten da niretzat. Landareen ugalketak mukitsu jartzen dit sudurra; urtsu eta gorri begiak, hazkuratsu aho-eztarriak. Loreek, beraz, liluratu bezainbat uxatzen naute. Udaberri nirea, ezin zaitut maite baina non biziko naiz zugandik aparte. Leiho-hegi eta balkoi biluziak ditugunok miresmenez behatzen diegu balkoian urte guztiak udaberri duten bizilagunei.
Mesopotamiako eta Egiptoko zibilizazio aspaldikoetan honezkero lantzen omen zuten lorezaintzaren arte noblea baina ez dakit gaur egun balore handirik ematen zaion. Besteak beste, segur aski genero rolen polarizazio gero eta muturrekoago honetan femeninoegitzat jotzen direlako loreak. Apainkeria hutsal eta, beraz, balio eskasezkotzat. Are, esango nuke, antigual-lurrina ere hartzen diegula kasik: Goenkaleko Maria Luisa gogoan. 
Gaur egun, sofatik jaiki eta despistatuta edo, injustiziaren kontra altxatzea okurrituko balitzaigu, demodé legoke guztiz fusiletan loreak sartu eta matxinadari krabelinen iraultza deitzea.
Hala eta guztiz ere, duela aste batzuk, amaren egun esaten diogun horretan, jende mordoxka ikusi genuen hara-hona lore-sortak hartuta, nahiz eta ama askok nahiago luketen segur aski lore gutxixeago eta laguntza gehixeago.
Ez alperrik, loreak askotan kulpantearen barka-eske edo erredentzio-asmo izan ohi dira; tulipan zuriak baino zuriagoak.
Loreak oparitzen dira liburuaren egunean eta, orobat, lore-printzaz koloreztatzen dira ospitaleratuen mesanotxe (gau-mahai) aseptikoak eta, azken beltza iristen denean ere, lore ebakiak jartzen ditugu maite ditugunen bizi ebakien hilobietan.
Eta, jakina, hizkuntzan ere uste baino presenteago dauzkagu loreak. Bizitzako aldirik ustez oso eta onenean dagoenaz adibidez, adinaren lorean dagoela esaten dugu. Inori loreak botatzea, berriz, hego Euskal Herrian behintzat, pertsona horri laudorio egitea da. Baina ez pentsa, iraintzeko ere badarabiltzagu loreak: zeinek ez dauka ba lankide, koinatu edo ezagunen kanpolarrosa-etxekardoren bat? Eta zein ez da ba norbaiten lankide, koinatu edo ezagun baba-lorea? 
Erribera eta Aragoi aldean ababol esaten diote jende motel, motz edo ergel samarrari: amapola (mitxoleta) alegia. Nahiz eta niri neuri oraintxe sastraka-garai elkor honetan, egun bakarreko lorearekin kontentatu besterik ez dugun honetan, gauza gutxi bururatzen zaidan egia esan mitxoletaz pinportatutako larre bat baino eder eta barren pizgarriagorik.
C1
2024-03-19
30843231
00:03:42
2558