Arropa zabaldu

Hiri askotan estetika arrazoiengatik debekatuta dago arropak kanpora begira zabaltzea: turistentzat ez omen da oso polita hori ikustea. Baina, zergatik ezkutatu behar dugu gure eguneroko errutinaren zati hori?

Euskadi irratiko Baipasa saioan,  herrialde ezberdinetan arropa kanpoan lehortzeko ohiturez aritu dira Amaia Uribe, Ane Irazabal eta Arantxi Padilla kazetariak. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, hemen klikatu

 

 

 

 

Irudia: karlosiglesiasmontes, Pixabay

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Hainbat lekutan. Zenbait tokitan.
Baldin bazoazte. Joaten bazarete.
Ematen ote zitzaizkion. Ematen zitzaizkion zalantza. Ez dakigu ziur ematen zitzaizkion edo ez.
Gai horren inguruan. Gai horri buruz.
Garai batzuetan. Duela zenbait urte edo duela denbora bat.
Lehorgailua erabiltzearena. Lehorgailua erabiltzearen ohitura.
Gure egunerokotasuneko gauza bat. Gure errutinaren parte den zerbait.

Transcripción:[+] Transcripción:[-]
Esataria. Aizue, beste galdera bat dugu: jakin nahi genuen ea mundu mailan, bueno (tira),  zuek leku ezberdin askotan egon zaretenez, Zuen inguruko eraikinei begiratuta, arroparik eskegita ikusiko genuke? Ane Berlinen?
Ane. Ez,  Berlinen ez. Nire inguruan ez behintzat. Eta gainera ezin dugu.
Esataria. Ezin duzue.
Ane. Ez, ez, debekatuta dago. 
Esataria. Bai, ze kontua da hainbat lekutan estetika arrazoiengatik debekatu egin dutela kalera begira dauden portaletan (sotoetan) arropa eskegitzea, balkoietan, eta gu bereziki Ane, Italiarekin gogoratu gara. Oraintxe galdetuko dizuegu Arantxi eta Amaia New Yorken edo Kolonbian ere nola den egoera baina Ane, pelikula askotako irudi klasikoa delako, ez? Horrelako balkoietan, horrelako izara handiak ikustea baina hala izaten da? 
Ane. Jendeak uste du estereotipo antzeko bat dela baina egia da. Eta ez da bakarrik, bueno, askotan pentsatu izan da hegoaldean ez, ba Napoli eta inguruan, Sizilian eta ba gehien erabiltzen den ohitura bat dela baina adibidez Veneziara baldin bazoazte, Veneziako alde zaharrean, oso turistikoak ez diren guneetan, ze kale turistikoetan zoritxarrez  dagoeneko Airbnb-ak besterik ez daude, ez? Baina oraindik veneziarrak bizi diren auzoetan oso tipikoa da ikustea ba hori, arropak eskegita, izarak… denetarik. Baina agian egia da irudi, iristen zaigun lehenengo irudia Napoli dela.
Esataria. Bai, ze askotan ere mafiarentzat mezuak horrela ematen ote zitzaizkion ere esaten zen baina ez dakit hori egia edo gezurra den.
Ane. Bai, a ver (ea), hau Cosimorekin hitz egin dut orain ze nik egia da zerbait entzunda neukala gai horren inguruan baina… eta esan dit ez duela ukatuko ze gerta daiteke agian ba garai batzuetan hori horrela izatea baina egun, ez duela uste. Hau da, filmeetan eta horrela hau askotan erakutsi izan dela ba askotan mezu enkriptatuak edo ezkutuak bidaltzen omen zirela ba zer eskegitzen zenuenaren arabera ez? Baina egun ez duela uste hori horrela denik. 
Baina badakit, adibidez, ni Italian bizi nintzen bitartean 2020an edo 2021ean izan zen, Napoliko alkateak iragarri zuen debekatu egingo zituela (zuela). Ba hiria bisitatzen zutenentzat ba ez zela oso polita arropak eskegita ikustea baina herritarrak altxatu egin ziren eta azkenean erabakia atzera bota behar izan zuen. 
Esataria. Amaia, New Yorken arroparik ikusten zen eraikinetan? 
Amaia. Ez, ze han ohitura asko (handia) dago sekadoretan (lehorgailuetan) sikatzeko, lehortzeko arropak. Badakizue normalean, bueno, guk adibidez gure etxean ez genuen eduki etxe barruan garbigailurik eta lehorgailurik. Eduki genuen gure eraikinean behean ba halako lavanderia (ikuztegi) bat eta hara joaten ginen arropa garbitzen (garbitzera) eta hori oso ohikoa da. Lehorgailua erabiltzearena oso zabalduta dago, orduan, normalean ez da arroparik ikusten. 
Esataria. Arantxi, Kolonbian?
Arantxi. Kolonbian egia da garbigailu edo lavanderia horietako denda asko daudela eta gero egia da eraikin berrietan ere, ba hori,  justu jartzen dutela pisu (solairu) batean garbigailu pila bat jendeak hori erabili dezan etxe berrietan ez dagoelako espaziorik garbigailu bat jartzeko. Orokorrean hemen balkoietan eta terrazetan eta abar ez da arropa gehiegi ikusten zintzilikatuta.
Niri adibidez asko gustatzen zait arropa zabalik ikustea eta lehortzen ikustea eta egia da geroz eta (gero eta) ohitura gutxiago dagoela edo behintzat ez dela ikusten. Eta egia esan ez dakit zergatik, ze ez zait iruditzen itsusi egiten duenik. Ez dakit, gure egunerokotasuneko gauza bat ez dakit zergatik(an) ezkutatu behar dugun. Eta gainera lehorgailuak eragiten duen gastu horren kontra… ba ez dakit!
B1
2024-02-28
30811370
00:03:35
2020