Berriz zentauro

Etorkizun hurbilean kokatutako eleberria. Paula Pagaldai protagonistak Parisen burutzen duen ikerketa baten inguruko gorabeherak kontatzen dira bertan mundu birtuala eta errealitatea nahasiz. Hamaika iradokizun kitzikagarri topatuko du irakurleak gizartearen eta teknologiaren martxari buruz, baina, horrez gain, zer pentsatua ere emango digu beste hainbat gairen gainean.

EGILEA: Katixa Agirre

ARGITALETXEA: elkar

ARGITALPEN URTEA: 2023

 

Liburuaren aurkezpen-bideo laburra esteka honetan ikus dezakezu.

Hona pasarte bat (11. or):

Horrela hasten dira gauzak. Trantsiziorik gabe. Betaurrekoak janzteko keinuak dena aldatzen du. Hemen zaude eta bat-batean hor. Edo alderantziz. 

   Adibidez.

   Zeure gorputza larre berde batean, zutik

   Ez, zeure gorputza ez.

   Zeure kontzientzia.

   Ahaztu gorputza duzunik ere. 

   Horrela hobeto.

   Sentitu nola disolbatzen den.

   Soilik larrea, larrea hemen. Berdea. Oraindik bustita, sentitzen duzu? Goiza delako. Ihintza, hozkirri apala. Ez epaitu zure sentsazioak. Etiketatu. Etiketatu eta utzi joaten.

   Ingurura begira dezakezu, ezker-eskuin. Beldurrik gabe. Eguzki izpiek dena berdeago egiten dute, hainbeste berde diferente, hordigarria da, ezta? Haizea dabil, fin. Zerua urdin dago, urdin infinitua. Hartu arnasa, urrunago basoa hasten da, bota arnasa, hor. Hor dago zure helmuga orain.

C1
2023-03-02
30177266
1012