Xeles-en denbora-pasak
Andoni Egañak zahar-egoitza bateko pasartea kontatzen du entzungai honetan. Egoitzako agure gehienek ohiko moduan jokatzen dute baina haietako baten jarrerak erabat aztoratu ditu zahar-egoitzako zaintzaileak. Zergatik jokatzen du, baina, horrela?
Pasarte hori aitzakia harturik, ariketa hauek proposatzen dizkizugu:
- Audioa entzun eta laburpen zuzena aukeratu.
- Zure hitzekin adierazi.
- Zure hipotesia idatzi.
Irudia: Stefan Schweihofer, Pixabay
Andoni Egaña
Eguartea luze egiten zen zenbaitentzat zaharren egoitzan. Horregatik ariketak egiten jartzen zituzten zaintzaileek: gimnastika apurren bat, kanturen batzuk, puntua eta gantxilloa nahi zutenek…
Xelestinok ez zuen sekula talde-ariketa horietan parte hartzen. Nola edo hala egoitzako egunkarietako bat bereganatu eta gelara ezkutatzen zen bazkalaurreko pare bat orduz egunero-egunero.
Agure bakartitzat hartu zuten hasieran, agure berekoitzat gero. Egoitzako egunkari bakanetakoa bere egiten baitzuen denbora luzez. Ez haren gelara joan egunkari eske, oihuka haize hartzera bidaliko baitzintuen. Hain egoten zen orrietara bildua!
Amaia langileak bazkalondorengo siesta-ordua baliatzen zuen gelara isilka sartu eta Xelestinori egunkaria kentzeko. Ez zen bidezkoa egun osoan beretzat har zezan. Eta beti gauza bera egiten zuen zaintzaileak. Denbora-pasen orrialdea zabaldu eta Xelesek zerbait egin zuen jakin. Eta sekula ez zuen denbora-pasen orrialdean boligrafo-arrastorik ere sumatu. Beste zaintzaileengana itzuli eta beti gauza bera esaten zien: “Ez dakit Xelesek zertarako behar duen egunkaria. Denbora-pasen orrialdea bete nahi duela esaten digu beti, baina sekula ez du ezer zirriborratzen orrialde horretan. Auskalo zertan ematen duen denbora egunkaria eskuetan hartuta.”
Amaia eta gainerako zaintzaileak aztoratzen zituen misterio hau argitu egin behar dugu. Hiru aukera emango dizkizuet Xelesen jarrera nondik norakoa zen zeuek erabaki dezazuen.
Lehen aukera. Xeles zaharra bezain azkarra da. Espainiako gobernua eta EAJ eta Bilduren artekoaharremana ulertzeari sudokua deitzen dio. Gurutzedrama egunero-egunero arreta handiz jarraitzen duen Ukraina eta Errusiaren arteko aferari. Eta 7 desberdintasunak aurkitzen ere trebea da. Halako agintariak halako esan zuen duela lau urte eta orain kontrakoa dioela, halako kirolarik gaztetan modu batera hitz egiten zuela eta orain bestera… Xake-partidak ere burutzen ditu. Bera beti beltzekin migrazio-albiste lazgarriak irakurriz. Mundua da denbora-pasa Xelesentzat. Denbora-pasen orrialdea da begiratu ere egiten ez duen bakarra.
Bigarren aukera. Xeles zaharra baino, azkarra da, oso azkarra. Ez du boligraforik ere behar denbora-pasen orrialdea betetzeko. Buruz egiten ditu ariketa guztiak, baina lotsatu egiten da bere dohainen berri inori ematen.
Hirugarren aukera. Xeles zaharra da, gerra-urteetan jaioa. Esanekoa izan beste irtenbiderik ez du izan bizitza guztian. Eta orain esanekoetan esaneko, denbora-pasen orrialdea denbora pasatzeko dela uste du. Eta baliagarri zaio: hari begira jartzen da eta orduak ematen ditu begira-begira, beste ezer egin gabe.
Dena zen asmazioa. Baina ziur nago badirela han edo hemen hiru motatako Xelesak. Zuek aukeratu Xeles balizkoa nolakoa izatea gustatuko litzaizueken.
- Itziar Larzabal Bengoetxea