Arantxa Iturbe, irrati-esataria
Oier Arantzabal eta Arantxa Iturbe aurrez aurre. Oier hasiberria irratian, eta Arantxa, berriz, eskarmentu handikoa mikrofonoaren aurrean.
Arantxa Iturbek esatari-lana nola egiten duen azalduko du entzungai honetan.
Audioa osorik entzuteko, sakatu hemen.
Argazkia: Eitb.
HIZTEGI LAGUNGARRIA: Egoista (neurekoi) jarriko naiz. Neurekoi, edo triste, edo alai… Alegia, izena mugagabean. Eta ez *nerekoia, *tristea, *alaia… Ikasi beharko duzu galdera horiek jaten: jan aditza estilo figuratiboan adierazita dago. Ikasi beharko duzu galdera horiek ez egiten, bazterrean uzten... Batuaz hitz egitera behartzen dudalako neure burua. Zertara behartu, zer eginarazi. Hitz egitera behartu. Era berean: esnatzera behartu, lo egitera behartu, ikastera behartu… Egiten dut ahalik eta naturalen. Ahal bezain natural egiten dut. (Galderak) entzungai jarri behar baldin badituzu. Galderak entzunarazteko jarri behar baldi badituzu, entzuteko moduan jarri behar baldin badituzu... Entzungai (entzuteko dena), irakurgai (irakurtzeko dena), ikusgai (ikusteko moduan dagoena)... |
Oier Arantzabal kazetaria. Momentu batean egoista (neurekoi) jarriko naiz ni, ze(ren) nahi dut ikasi pixka bat, ze lehenengo aldia da audiogintzan ari naizela (naizena).
Arantxa Iturbe irrati-esataria (elkarrizketatua). Bai.
Oier Arantzabal. Lehenengo aldia dut audiogintzan eta lehenengo aldia nire ahotsa entzuten; eta daukat irratiaren ikono bat aurrean. Orduan, eta galdetu nahi nion, galdetu nahi nizun aber (ea) aholkurik baduzun mikrofono aurrerako.
Arantxa Iturbe. Bueno, izan zu: hori esaten dute, ez?, hori dela inportanteena. Segun eta mikrofono aurrean zer egin behar duzun, ze(ren) adibidez, harritzen nau, ez duzu galderarik ekarri.
Oier Arantzabal. Ez.
Arantxa Iturbe. Idatzita. Eta irratigintzako ikono honek esango lizuke prestatzeko beti, baita podcast baterako baldin badira ere, galdera batzuk. Ez denak hala egiteko, baizik eta zuk buruan ekartzeko gutxi gorabehera nondik nora joan nahiko zenukeen, nahiz gero parean daukazunak eta, ni baldin banaiz arrazoi gehiagorekin, desbideratuko zaituen seguru…
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Eta ikasiko beharko duzun galdera horiek jaten. Baina bai eskema… Bueno, guk eskema ez, nik hitzez hitz esateko asmoa dudan guztia idazten dut.
Oier Arantzabal. Um.
Arantxa Iturbe. Besteak beste, bueno, batuaz egitera behartzen dudalako neure burua.
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Solte, suelto, uzten banauzu, ikustet (ikusten dut), aldatu eiten det (egiten dut) erregistroa.
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Aldatu egiten dut erabat. Erantzun, erantzuten dut nire euskalkian, baina galdetzen ari naizenean egiten dut ahalik eta naturalen baina batua, beti. Orduan, beti, beti, beti dena idatzita ematen dut.
Oier Arantzabal. Oso prestatuta eramaten duzu dena.
Arantxa Iturbe. Oso prestatuta. Ez da beti ateratzen paperan nahiko nukeen edo amestuko nukeen bezala…
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Baina badakit gutxi gorabehera nondik nora joan nahiko nukeen, ze(ren) normalean badakit zertaz hitz egingo nahiko nukeen edo zertaz hitz egin nahiko lukeen parean daukatenak (daukadanak): gerta liteke batere ez asmatzea eta parekoak beste zerbaiti buruz hitz egin nahi izatea; ez daukat arazorik gidoia alde batera uzteko. Baina galderak ere irratsaio batean, audio batean edo podcast… Berdin zait...
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Galderak ere entzutekoak baldin badira, entzungai jarri behar baldin badituzu, ez da gauza bera “Zer moduz zaude?” galdetzea edo “Ondo zaude?” galdetzea. Edo, ez dakit; ez da gauza bera galdera bat inprobisatzea naturaltasunaren izenean, ze(ren) beti naturaltasunaren izenean egiten da hori…
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Edo prestatuta eramatea galderak.
Galderak prestatuta edukitzean… Gauza bat du oso ona niretzat galderak prestatuta edukitzeak, eta da, pentsatu egin ditut. Galderak pentsatu egin ditut. Idazterakoan bir-pentsatu egin ditut, irakurtzerakoan hirur-pentsatu ditut eta egiterakoan laur-pentsatu ditut. Alda litezke lehendabizikotik laugarrenera askotan, baina badakit zein oinarritatik natorren, eta horren gainean egin dezaket jolas, egin dezaket poesiaren antzeko zerbait, egin dezaket zirikatu, baina oinarri bat azpian daukatela (daukadala). Eta uste dut pentsatzearekin daukatela zerikusia. Zenbat eta gehiagotan pentsatu gauzek hobetu egin beharko lukete, bertsolarien kasua salbu; ba igual ez. Baina bai.
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Pena ematen ditena (didana) da jende gazte askok argudio hori erabiltzen dit, arrazoimendu hori esatekoa, lankideen artean ere bai: “Aran, eske (izan ere), naturaltasuna galtzen da, irakurtzerakoan naturaltasuna galtzen da”. Eta esaten diot: “Bai. Ez badakizu ondo irakurtzen, bai”.
Lehendabiziko araua. Ondo irakurtzen ikastea.
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Nola ikasten da? Bozgoraz (ahots gora) irakurriz. Punto. (Kito). Horrek ez dauka besterik. Bozgoraz (ahots gora) irakurriz ikasten da ondo irakurtzen.
Oier Arantzabal. Bai.
Arantxa Iturbe. Ez antzemateko moduan kasik irakurtzen ari zarela, eta beste batzuetan interesatzen zaizu antzematea irakurtzen ari zarela, baina irakurketa-modu diferenteak dira.