Intsektuak elikagai
Gurean ez da batere ohikoa, baina kanpoaldean, Asian batez ere, guztiz arrunta da jendea intsektuak jaten ikustea.
Bittor Rodrigez dietistak intsektuen elikagai-ezaugarriez hitz egingo digu, eta kaleko jendearen iritzia ere entzungo dugu honako audio-pasartean.
Argazkia: plater korearra
Carl Rubino. Pixabay
HIZTEGI LAGUNGARRIA Baliabide naturalen urritasuna hizpide hartuta. Natura-baliabideak gutxitzen ari direla aintzat izanik. Elikagai osagarritzat hartzea. Elikadura osatzeko jaki gisa hartuta. Proteina-iturri. Proteina ematen duena. Gurinarekin edo. Adibidez, gurinarekin. Xigortuta. Xigortu: zerbait sutan eduki kolore arrea, iluna hartu arte. Gurean: kasu honetan, gure herrian, gure gizartean. |
Esataria. Jango al zenituzkete intsektuak, zomorroak, kilkerrak edo kakalardoak? Gurean ezin dira saldu, baina bai Europako hainbat herrialdetan. Onartzen azkena Portugal izan da. Elikagaien Mundu Erakundeak dio intsektuen haragia, intsektuek haragiak edota arrainak baino bi aldiz bitamina gehiago dutela. Gustua eta jakinmina izanez gero, Aloña Berazak ditu jakin beharrekoak.
Aloña Beraza kazetaria. Ekialdeko herrialdeetan ohikoa da aspaldidanik eta gero eta gehiago dira intsektuak egunerokotasuneko elikagai gisara hartzen dituzten herrialdeak, biztanleriaren hazkundea eta baliabide naturalen urritasuna hizpide hartuta. Elikagaien Mundu Erakundeak azaldu du intsektuen bitaminak onuragarriak direla gizakiarentzat proteinak eta aminoazidoak dituztelako. Bittor Rodriguez dietista, nutrizionista eta EHUko irakaslea da eta iritzi du interesgarria dela intsektuak elikagai osagarritzat hartzea.
Bittor Rodriguez dietista. Elikadura edo mantenuaren ikuspuntutik interesgarriak dirudite produktu osagarri bezala. Nik oso argi daukat. Norberaren aukera da norberaren elikadura. Hau da, badaukagu beste… Intsektuek eman ditzaketen bitamina eta mineral eta proteina-iturri batzuk, lekaleak, esaterako. Baina ez nuke esango derrigorrez sartu beharko liratekeenik. Badauzkagu beste alternatiba batzuk.
Aloña Beraza. Gainera, dieta orekatu batean intsektuak txertatzeko adibide batzuk ere eman ditu.
Bittor Rodriguez. Gosarian hartu liteke proteina-iturri bezala. Intsektuak gurinarekin edo. Baina bururatzen zait ere bai, arratsalde erdian bokadillo (ogitarteko) bat hartzen baldin badugu, gazta batzuetan, txingurriak daude sartuta. Gazta-bokata bat, gazta horretan txingurriak edukita.
Nik neuk probatu ditut xigortuta: kilkerrak, txingurriak … Fruitu lehor zaporea zeukaten, karraskariak ziren… Kurioso.
Aloña Beraza. Proposamen horiek berak kalean luzatuta, era guztietako iritziak jaso ditugu.
Elkarrizketatua 1. Ke ba, ke ba! (Ezta…!) Izugarrizko nazka ematen didate.
Elkarrizketatua 2. Gozoa baldin badago dena jaten da.
Elkarrizketatua 3. Segun nola prestatuta dauden, aperitibo bezala edo pipak bezala, igual jango nituzke.
Elkarrizketatua 4. Probatzeagatik bai. Ikusteko aber (ea) onak edo txarrak dauden.
Elkarrizketatua 5. Piparrak (biperrak) jartzen ditugun bezala ba igual bitxoren (agian animaliaren) bat jarri beharko dugu zartagian.
Elkarrizketatua 6. Batzuk bakarrik. Kakalardo bat ez nuke inoiz jango, baina kilker bat bai egongo nintzateke prest probatzeko.
Elkarrizketatua 7. Ez. Atzera ematen nau.
Elkarrizketatua 8. Ez nuke jango hola ez?
Elkarrizketatua 9. Probatu nuen behin, eta ja(da) nahikoa. Zen pipa txar bat.
Aloña Beraza. Hala eta guztiz ere, denek uste dute kosta egingo litzatekeela elikagai horiek gurean txertatzea.
Elkarrizketatua 10. Gauza berri batekin hastea beti kostatzen da. Baina nik uste denborarekin integratuko zirela.
Elkarrizketatua 11. Hemengoak nik uste ezetz. Nahiago dugu txuleta eta arraia. Gauza gozoak.
Elkarrizketatua 12. Kontutan hartu behar da kanpoko jendeak igual ikusten gaituela txipiroiak bere tintan jaten, eta hola, beltzak direnak, edo tripakiak jaten, eta esaten “jo, hori nazka!”. Baina gero igual, intsektuak gauza iguala izango litzateke. Azkenean da ohitura hartzea.
Elkarrizketatua 13. Ba nola hartuko dugun ez dakit, baina probatu beharko ziren. Ziur nago jaten badugu txakur bat edo katu bat ez genuela gehiegi notatuko (nabarituko) zapore-aldaketa. Gehiago dela barrera (hesi) mental bat.
Aloña Beraza. Badirudi intsektuak elikagai berriak izango direla aurrerantzean. Dena den, ikusi beharko da oraindik etorkizuneko jaki bihurtuko diren ala ez.