Twitter ezbaian

Twitter sare sozial garrantzizkoa da, erabiltzaile eta jarraitzaile asko dituena, baina bat baino gehiago ihes egiten ari da sare sozial horretatik. Zergatik?

Hainbat euskal erabiltzailek sare sozial horretaz duten iritzia emango dute hurrengo audio-pasartean.  

 

 

 

 

Argazkia: Alan Carrera. Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA:

Noren lepotik barre egin. Nori barre egin, noren bizkar barre egin.  

Bozgorailua eman dielako. Entzunak, ikusiak, irakurriak izateko aukera eskaini dielako.  

Edozeinek ezin du… eragile izan. Edozeinek ezin du norbaitengan eragina duena izan, norbaitengan ondorioren bat sortu.

Guk, oinezkook, asko eduki dezakegu galtzeko. Guk, pertsona arruntok, asko izan dezakegu galtzeko. 

Jendea mokoka. Jendea haserre, erasoka.

Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Esataria 1. Bartzelonako alkateak jarri digu aste honetan eztabaida mahai gainean twitter uztea erabaki duelako.  

Esataria 2. Bai. Bere agurrean Ada Colauk esan du ez dela beroaldian hartutako erabakia, oso ongi hausnartutakoa baizik. Batzuek aurpegiratu diote edo kritikatu diote akaso akats politikoa dela kontuan hartuta milioi bat jarraitzaile dituela twiterren, bere udalak baino bost aldiz gehiago, esaterako. Baina berak esaten du twitter pasa dela eztabaida eta egitasmoak sustatzeko tresna izatetik horren karikatura izatera, indarkeria, irain, eta hitz bidezko eraso matxisten foroa izatera. Eta horregatik, badoala, horrelako tresnari zilegitasunik ez emateko.  

Esataria 1. Eta gogoeta ekar dezagun gurera, euskaraz twitter erabiltzen dutenen twiteroekin.  

Esataria 2. Bai. Adibidez, Lorea Agirre kazetariak, Jakineko zuzendariak baretu egin du twitterren zuen bere parte-hartzea, protagonista izatetik lekuko izatera pasa da. Informatzeko erabiltzen du twitter iritziak emateko baino. Aldaketa ikusi du berak plataforma honetan.

Lorea Agirre kazetaria. Asko du niretzako oilar-jolasarena. Oilarra oilarraren kontra, nor okurrenteago, nork egur gehiago eman… Normalean eta askotan egurra ematea oso erraza da norbaiti; noren lepotik barre egin, zer dagoen gaizki eta zer dagoen ondo pontifikatzeko joera handi bat ere badago…

Esataria 1. Joxe Aranzabal kazetaria berriz, Arrasaten, herri-kazetaritzan erreferentea, unibertsitateko irakasle ere izandakoa, bera ia-ia hasieratik dabil twitterren. 15 urte baldin baditu twitterrek, ba berak 14 daramatza kontuarekin. Eta bere balantzea ona da indar mediatikorik gabekoei bozgorailua eman dielako. Edozeinek ezin du, dio Arantzabalek, Ada Colauk bezala twitter utzi eta eragina izaten jarraitu, eragile izan.

Joxe Aranzabal kazetaria. Kargu inportantea da. Edonoiz agertu daiteke bera TV 3n, Katalunia Radion, El Día, El País… Beraz, galduko dau (du)? Zerbait bai, baina ez asko. Baina guk, oinezkook, asko eduki dezakegu galtzeko uzten badugu, askotan gure plaza bakarra hori delako.

Esataria 1. Isaac Rosa idazleak dio askok ezin dutela twitter utzi beren produktuak saldu nahi baldin badituzte, edo izan liburua, artikulua, podcasta… horri ikusgarritasuna eman nahi badiote. Horren beharrik ez du Pello Salaburu EHUko errektore-ohiak, baina beretzat twitter tresna eraginkorra da, neurrian, bere iritzia plazan jartzeko oraindik ere.  

Pello Salaburu EHUko errektore-ohia. Jende anitzek irakurtzen duela eta iritziak eman ditzakezula edozein unetan.  

Esataria 1. Idurre Eskisabel kazetari eta irakaslea ere urrundu egin da twitterretik, aldatu du berekiko harremana.  

Idurre Eskisabel kazetaria. Hor sortzen ziren elkarrizketetan, interesa sortzen zidaten eta parte hartzen nuen, eta egia da azken boladan urrundu naizela… Izan daiteke prozesu pertsonal bat, boladarako aldaketa bat, gauza humano hori… Baina badaukat baita ere inpresioa nahiko toki deserosoa bihurtu dutela, ez?, giroa da askoz ere suminkorragoa…

Esataria 1. Bere iritziz, honetan ere pandemiak badu eragina.  

Idurre Eskisabel kazetaria. Garai batean elkarrizketa eta truke interesgarrietarako aukera gehiago zegoela. Eta esango nuke gaur egun gertatu dela polarizazio bat, ez? Eta koadrillismoa edo tribu izatea oso muturrera eramanda dago, bizi dugun mundua zalantza eta ziurgabetasuna dela, inzertidunbreak, ez?, eta pandemiak hori oraindik eta gehiago areagotu du ziurtasunen bila jendea, dogmen bila, eta horrek ekartzen du berarekin muturretara joatea eta polarizazio handiak, ez?

Esataria 2. Twitter erabiltzeko modua aldatu da?  

Jurdan Arretxe kazetaria. Bai. Pila bat. Nik eduki nuen hor klik bat, Idurre Eskisabelek esan duen bezala, pertsonala, eta izan zen aita ospitaleratu zutenean. Bueno, egun horietako batean sartu nintzen eta konturatu nintzen hor jendea mokoka, segur aski ni ere bai, eta abar. Eta esan nuen: “Baina zertan ari naiz?” O sea (alegia) bizitza ez da hau, bizitza ez dago hemen, eta are gehiago, hemen gehiago dago heriotzaren pultsioa bizitzarena baino. Baina hori, sakelakotik kendu nuen aplikazioa, ez dakit.  

Esataria 1. Aldiz, pandemia-garaian twitterren zientzialariek lortu dute lehen ez zuten ikusgarritasun eta erreferentzialtasuna. Elhuyarreko Ana Galarragarentzat tresna eraginkorrena bihurtu da.  

Ana Galarraga (Elhuyar). Asetzen zaitu, ez? Ikusten duzu. Bueno, bale (ados), nire lanak zerbaiterako balio du. Zuzenean galdetzen dizkizute zalantza pertsonalak, beren kasu propioak, ezta?, eta horretarako aukera ematen du twitterrek.

Esataria 1. Eztabaida garratz horietan beste osagai bat dela anonimotasuna. Eztabaidetan badagoela jendea izen-abizenekin agertzen dena eta beste batzuk askoz ere lasaitasun handiagoz ezizen baten atzean esaten dituztenak, bueno ba batere mugarik gabe, gauza asko, ezta?

Jurdan Arretxe. Bai. Eta horren atzean askotan, edo batzuetan, ikusi dugu zein arazo duten zuk behin horrelako bat jasaten duzunean salaketa jarri, eta zein arazo dituen poliziak eta justiziak horren atzean nor dagoen edo nor egon daitekeen…

Esataria 1. Edozein kasutan, Arantzabalen iritziz, zintzo erabilita, euskaraz aritzen garenok gehiago dugu irabazteko.

Joxe Aranzabal. Nik uste dut irabazteko gehiago daukagula galtzeko baino.

Esataria 1. Idurre Eskisabelek ere gehiago irabazi duen sentsazioa du.

Idurre Eskisabel. Gehiago da ezagutzeko ekarri didana orain artekoan, behintzat uste dudalako baita ere geuk ere erregulatu dezakegula ez, tresnarekiko daukagun harremana. 



C1
2021-09-01
28676761
05:20
644