Alzheimerren gaitza dutenen zaintzaileak profesionalizatu

Kazetariaren erreportaje labur batean, bi adituren iritzia laburtzen du. Zainketa, ikerketak eta dietak, gaitzari aurre egiteko, aipatzen ditu.

Alzheimerrari buruz Bilbon egiten ari den Konferentziako lehendakariordea da Celedonio Sobera; horrezaz gain, Konferentziako Familia eta Komunitate Alorra koordinatzeaz arduratzen da. Era berean, Kantabriako Alzheimer Gaixoen Senitartekoen Elkarteko burua da. Iaz aitaginarreba hil zitzaion 15 urtez Alzheimerra jasan ostean.

n Familientzat zer esan nahi du Alzheimerra duen gaixo bat izatea?

Oso esaldi erabilia bada ere, familia batean Alzheimer kasu bat sartzen denean senitarteko guztiek jasaten dute gaixotasuna.

Gaixoa subjektu nagusia bihurtzen da bere inguruarentzat, gaixoaren ingurukoei zama, ardura, kezka, dedikazioa pilatzen zaizkie. Eta azkenean, familia bera gaixoa baino kezkagarriagoa da, eta ia gure ardura nagusia bihurtzen da.

n Gaixoa gaizki dagoelako sentsazioa galtzen doan heinean, familiaren egonezina areagotuz doa?

Bai, hala da, denborarekin gaixoak gaizki dagoelako sentsazioa galtzen du. Senideen artean, ostera, sentsazioa hori areagotuz doa; lana ugalduz doa eta era berean zama emozionala ere bai. Izan ere, zalantza sortzen zaie egiten ari direna ondo dagoen edo ez, zerbait gehiago egin dezaketen...

n Beraz, zaindariak prestatzea ezinbestekoa da.

Halabeharrezkoa da familiak asimilatze prozesu bat izatea, egoera berria onartzeko, eta gero etorriko denerako prestatu behar da. Askotan antsietatea, insomioa eta bestelako patologiak izaten dira senideen artean, jasanezina den lanaren ondorioz, emazteak sarritan ez die behar adina arreta eskaintzen senarrari eta seme-alabei. Horretaz gain, aisialdia ere bazter batean uzten du 24 orduz gaixoa zaintzen egon behar duelako.

Nire emaztea eta biok, esate baterako, hamabost urteetan asteburu eta opor guztiak aitaginarreba zaintzen eman genituen, astegunetan hartaz arduratzen zirenek atseden har zezaten.

n Zenbat bizi daiteke Alzheimerra duen gaixo bat?

Alzheimerra duen gaixoak, batez beste, 12 bat urteko biziraupena dauka.

n Gaixotasuna oraingoz sendagaitza, da baina, era berean, biziraupena luzatuz doa eta kasuak areagotuz.

Gaixotasuna sendagaitza da, baina diagnostiko goiztiarraren bidez agerpena atzera daiteke. Era berean, egia da biztanleriaren bizi-itxaropena luzatuz doan heinean kasuak ugalduz joango direla, eta baita patologia honetan gaur egun koltxoi lana egiten duen familia desegituratuz doala ere. Ondorioz, ezinbestekoa da instituzioek beharrezko gizarte eta osasun baliabideak eskaintzea gaixotasun kardiobaskular eta minbizaren atzean XXI. medeko epidemia izango den honi aurre egiteko.

Giza-osasun zerbitzu horiek prestatzea erronka baina aldi berean, gizarte premia ere bada.

n Horregatik al da premiazkoa Madrilgo Gobernuak azken bizpahiru urteetan kaxoian duen Alzheimerraren Plangintza indarrean jartzea?

Dudarik gabe, Alzheimeraren Plangintza horrek gaixoen senitartekontzat premiazkoak diren zerbitzuak eratzea eta martxan jartzea aurrikusten baitu. Hau da, etxez etxeko zerbitzuak, eguneko zentruak eta ordezko oheak eratu behar dira, senitartekoei egunean ordu batzuetan, behintzat, zeregin neketsua arintzeko eta era berean, oporraldi batzuk ere euki ahal izateko.

Planak, dagoeneko, martxan behar zuen. Horregatik, agintariei belarritik tiratuko diegu egitasmoa lehenbailehen ezarri dezaten.



C1
1999-02-05
16443590
872