Haurtzaindegiak

Haurtzaindegiei buruzko azterketa baten emaitza. Sailak: Denak ez dira berdinak, hezitzaile kopurua, koalifikazioa, prezioak, H. Publikoak, segurtasuna, ordutegiak, hizkuntzak, jantokiak, lege berria, fitxa teknikoa.

Denak ez dira berdinak: 5etik 24 ume bitarte hezitzaile bakoitzeko

Guraso eta hezitzaileak bat datoz orain: aurreneko hilabeteetan umea zaintzeko erak, gerora, gizaki horren trebakuntza eta sozializazioan, berebiziko eragina izango du. Baina -eta hauxe dugu garaiotako beste ikur bat-eginkizun honen ardura geroz eta gutxiago darama familiak, honek haurrak zaintzea bizibidea duten profesionalen eskuetan utzi behar izaten baitu nahitaez. Joera honen agerpena: 1999an, Estatu espainolean, milioi bat haur joaten da egunero haurtzaindegira edo aurreeskolara, arauturiko irakaskuntza hasi aurretik. Honakoa ez baita derrigorrezkoa umeak 6 urte bete bitartean.
Honela bada, arreta berezia eta, arriskurik izateke, umeak lehen urratsak emateko moduko espazio egokia bermatzea lehentasunezko helburu bihurtzen da seme-alabak horrelako haurtzaindegietara bidaltzen dituzten gurasoentzat, hauek lanera joan behar baitute egunero. Aukera hau, haurra etxean geratzea bezain baliozkoa da; areago, pedagogo eta pediatra batzuek etxetik ateratzea aholkatzen dute, horrelako zentroetan hartzen den hezkuntza eta umeen arteko harremanak mesedegarri gertatzen zaizkiolako haurrari. Nolanahi ere, haur-eskola baten edo bestearen aldeko aukera egin aurretik, etxetik gertu egoteak ez luke izan behar (sarri gertatzen den bezala) hautatzeko funtsezko irizpidea. Ongi asmatzeko, aurretiaz hausnarketa egin eta haurtzaindegien bestelako alderdiak -apopilo txikiei eskaintzen zaien segurtasuna edo arreta afektibo eta pedagogikoa, esate baterako- konparatzea komeni da.
Hamabi hiritan (Madril, Valentzia, Malaga, Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Bartzelona, Alacant, Logroño, Castelló eta Santander) dauden ehun bat haur-eskolaren (40 publiko eta 62 pribatu) ezaugarriak aztertu ditu CONSUMERek.
Hitz gutxitan laburbilduz, hiru ondorio nabarmen daitezke: batetik, zentrotik zentrora hezitzaile bakoitzeko dauden haurren kopuruaren alde izugarria (5etik 24raino); bestetik, zentro hauetan umeak zaintzen dituen pertsonalaren prestakuntza akademiko egokia azpimarratzekoa da; azkenik, haurtzaindegi pribatuetako ordutegia (batez beste, egunean 11 ordu baino gehiago) publikoetakoa baino %30 zabalagoa da. Txostenean egiaztatu den beste datu bat: haurtzaindegiak kobratzen duen prezioa eta bertako asistentziaren kalitatearen (hezitzaileen kopuruaren eta horien koalifikazio akademikoaren, ordutegiaren edo oraindik ere lau hankatan ez dabiltzan haurrak matrikulatzeko aukeraren arabera neurtuz) artean ez dago erlazio zuzenik. Nabarmentzekoa da, bestetik, lau haurtzaindegitatik batek leiho edo ateetan segurantzi akatsak agertzea, umeen arriskua areagotuz. Instalakuntzetako garbitasuna eta kontserbazio-egoera, kasu gehientsuenetan, egokia zen: lau zentro bakarrik zeuden nolabaiteko hobekuntzen premian. Zerbitzu honen kostuari dagokiola, haur-eskolek kobratzen dituzten prezioak elkarrekin konpara ezinak direla egiaztatu da, tarifetan sartzen diren kontzeptu anitzengatik eta, era berean, tarifa bakoitzean eragina duten gora-beherak, deskontuak eta bestelakoak direla medio. Edonola ere, haurtzaindegia ongi hautatzen bada, aurrezteko aukera handia da: ikus dezagun, adibidez, gurasoek hilero-hilero, jardunaldi osoa (bazkaria eta merienda barne) ordaintzearren, 19.500 pezetatik 45.000 pezetaraino ateratzen dutela patrikatik.
Beste alde batetik, ia haurtzaindegi guztiek haurrentzako bazkari-zerbitzua eskaintzen dute gaur egun eta lautik hiruk, lau hankatan oraindik ez dabiltzan haurrak onartzen dituzte. Kontu koalitatiboagoetan, datu interesgarria idoro du CONSUMERek: hiru haur-eskolatatik batek bakarrik ematen die gurasoei idatziz haurren bilakaera eta aurrerakuntzei buruzko informazioa, hilean behin gutxienez.

Zein da hezitzaile-kopuru egokia?
Zentroek dituzten hezitzaile-ekipoari dagokionez, alde handiak daude. Hiri bakoitzako batez besteko kopuruak erkatzen baditugu, langile-kopuru handiena Bartzelonan atzemango dugu: zazpi haur irakasleko, hau da, Gasteiz, Iruñea eta Donostiako haurtzaindegietan baino haur bat gutxiago. Bederatzi haurretaraino igotzen da erlazioa Santander, Malaga, Logroño eta Madrilen aztertu ditugun zentroetan, Bilbon baino bat gutxiago oraindik. Kopuru murritzena Alacant (12 ikasle hezitzaileko), Castelló eta Valentzian ditugu: 13 haur profesional bakoitzeko. Zein kopuru litzatekeen egokiena norbaitek galdetzen badu, 2002 urtean indarrean sartuko den legera jo besterik ez dugu: haur-hezkuntzan diharduten zentroek hezitzaile bat izan beharko dute urtebete ez duten zortzi umeen talde bakoitzeko. Irakasle bakoitzak urtebetetik bi urte bitarteko umeak baditu, hamahiruk osatuko dute bere taldea, gehienez ere. Eta erlazio hau biziki aldatzen da, bi urtetik hiru urte bitarteko haurrak badira: hezitzaile bakoitzak 20 ume hartu ahal izango ditu; azkenik, ikasleak hiru urtetik sei urte bitartekoak badira, zaindariak 25 umeren kargu egin ahal izango du.
Egoera-balantzeak ere alde handiak agertzen ditu, zentroen titulartasuna (pribatua ala publikoa) alderatuz gero: Bartzelona, Malaga, Bilbo eta Donostiakoetan, batez besteko portzentaia altuxeago geratzen da haurtzaindegi pribatuetan. Publikoen artean ere badira desmailak, ordea: Castelló eta Valentziakoetan, batenaz beste, hezitzaile bati 17 haur dagozkion bitartean, Bilboko publiko bateko profesionalak 5 haur besterik ez du.

Zaindarien koalifikazioa, egokia
Haurtzaroko lehen urte hauetan hezitzaileak duen eginkizuna, gerora haurraren bizi-prozesuaren funtsezko euskarri izango denez, profesional horren gaitasun akademikoa ez da garrantzi handiko kontu bakarra: haurtzaindegietako profesional-taldearen eskarmentuaz eta tasun humanoez ere interesa agertu beharko luke gurasoak.
CONSUMERek egiaztatu duenez, zentro hauetako pertsonalaren koalifikazio akademikoan -denetan egokia bada ere-, nolabaiteko desmailak ikusten dira, azterturiko hamabi hirietan. Emaitzarik onenak Madril eta Bartzelonan bildu dira: hiri hauetan, hezitzaileen %99 eta %96ak, hurrenez hurren, lanbide honetan jarduteko titulazio egokiena erakusten dute: Magisteritza, Haurtzaindegietako Teknikari Espezializatuak edo Haur-Hezkuntzako Goi-Teknikariak dira. Santander (%89), Bilbo eta Alacanten (%85 inguru) jaitsi egiten da portzentaia, Valentzia (%79), Castellón (%66) eta Gasteizen (%65) bezala. Kalitate apalagoa hautematen da Malaga (%59) eta Donostian (%57), Iruñea eta Logroñoko indizeetara iritsi gabe, hala ere: hauetan, pertsonalaren %49 eta %45ek egin du aipaturiko ikasketa horietako zenbait. Aldeak alde, haurtzaindegietan umeekin lanean diharduten profesionalen prestakuntza onargarritzat jo daiteke: lautik hiruk dute titulazio akademikorik egokiena eta gainontzekoak puerikultore, puerikulturako laguntzaile, psikologo, pedagogo edota Magisteritzako nahiz Haurtzaindegiko Teknikari espezialista prestatzen ari diren ikasleak dira.

Ezin prezioak erkatu: kontu txarra
Langileen prestakuntza eta haurren asistentziaren kalitatea umearen aurrerakuntzan hil edo bizikoak diren arren, guraso asko saiatzen dira hautatu duten haurtzaindegiko tarifa ahalik eta merkeenak izan daitezen, noski. Haurtzaindegietako prezioen azterketak erakusten duenez, tarifetako irizpideak arrunt desberdinak dira, faktore askoren emaitza baitira: eskola publikoa ala pribatua den, umeak zentroak zenbat ordu ematen duen, bertan bazkaltzen duen, besteak beste. Pribatuetako prezioak aztertzeko, CONSUMERek abiapuntu hau hartu du: gosaldu, bazkaldu eta meriendatuz (zentroak zerbitzu hauek eskaintzen baditu) jardunaldi osoa bertan pasatzeko seme-alaba matrikulatu duten gurasoek ordaindu beharreko kopurua erreferentzia harturik, hiri bakoitzeko haurtzaindegietan emaniko ordubetearen batez besteko kostua, alegia. Honelakoetan, Bartzelonako pribatuek dute tarifa garestienak (227 pezeta orduko, batez beste), ondotik Alacantekoak (214 pezeta) eta Malaga (201 pezeta) datozela. Merkexeago gertatzen dira Madril (188 pezeta) eta Valentziakoak (168 pezeta); eskalaren erdigunea Donostia (154 pezeta orduko), Iruñea (149 pezeta) eta Gasteizen (148 pezeta) aurkitu dugu. Merkeenak Santander (132 pezeta), Bilbo (131 pezeta), Castelló eta Logroñokoak (115 pezeta inguru) dira.
Garrantzizkoena, ordea, beste kontu bat da: haurtzaindegiko prezioen eta asistentziaren kalitatearen (hezitzaileen kopuruaren eta horien koalifikazio akademikoaren, ordutegiaren edo oraindik ere lau hankatan ez dabiltzan haurrak matrikulatzeko aukeraren arabera neurtuz) artean erlazio zuzenik ez dago. Bartzelonako zentro pribatuek, adibidez, garestien gertatzen badira ere, irakasle bat dute bederatzi ikasleko, batez beste. Ratio hau 10 eta 11 haurretara iristen da Alacant eta Malagako haurtzaindegi pribatu garestietan ere. Logroñokoak, aldiz, merkeago dira langile gehiago duten arren (8 ikasle hezitzaile bakoitzeko). Kontrajarrera, ordea, Castellón dugu: hiri honetan, pribatuek eskaintzen dute batez besteko bigarren prezio merkeena, profesional-talde murritzago baten lepotik (13 haur hezitzaileko).

Haurtzaindegi publikoetako tarifak
Udalen, diputazioen edo erkidego autonomoen menpe dauden 40 haurtzaindegitako prezioak ere konparatu dira. Tarifen konplexua ikusirik, janari-zerbitzua sartuko balitz, haur batengatik hilean ordainduko liratekeen gutxieneko eta gehieneko prezioak xedatzea deliberatu da.
Administrazioak darabiltzan era guzti-guztietako irizpideak balioetsi ondoren (baldintza sozioekonomiko eta familiarrak, haurren adina, zentroan zenbat ordu ematen duten, haurtzaindegi horretan beste seniderik ba ote dagoen, janari-zerbitzuaz baliatzea, etab.) kasu bakoitzean aplika litezkeen prezioak asko direla eta, bestetik, azalean behintzat, erakundeek gurasoen beharretara egokitu nahi dutela egiaztatu da. Bisitatu ditugun udal- haurtzaindegiei begira (lau Gasteiz eta Donostian, hiru Bartzelonan, bi Alacanten eta bat Logroño, Iruñea, Bilbo, Valentzia eta Malagan), azpimarratzekoa dugu Malagako zentroak dohainik eskaintzen duela zerbitzua; baina bertan sartu ahal izateko, sozioekonomi eta famili egoera larrietan dauden haurrei lehentasuna ematen dieten onarpen-eragozpenak gainditu behar dira. Era berean, Araba, Gipuzkoa eta Errioxako hiriburuetako udal haurtzaindegietan ordainketarik ez egiteko aukera ere hartzen da kontuan. Udal batzuek, ahalbide urriak dituzten gurasoak gutxien-gutxieneko tarifak ordain ditzaten behartzen dituzte: Bartzelonan 3.725 pezeta hilean; Alacanten, 5.600 pezeta eta Iruñean, berriz, 10.000 pezetatik gora. Aukera hau Valentzia eta Bilbon ere eskaintzen da, baina prezioa finkoa da bietan: 4.350 eta 6.000 pezeta. Halarik ere, diru-kopuruok ezin ordainduzko gertatuko balitzaizkie aipaturiko bost hiriburuetan bizi diren familiei, Administraziora jo dezakete (Gizarte-Zerbitzuetara, gehienetan), kasua aztertu eta haurtzaindegi publikoen kostua zatika nahiz osorik beteko lukeen diru-laguntzarik izapida dezaten.
Udal haurtzaindegiak eskaintzen dituzten bederatzi hirietako udalek jasotzen dituzten konbinaketen azterketari esker, ordain daitekeen gehieneko tarifari buruzko hurrenkera egin ahal izango dugu. Gasteizkoetan, azken kostua hilean 56.643 pezetara igo daiteke, sehaskako umeentzat, janari-zerbitzurik gabe, edo 49.329 pezetara, zentroan gosaldu, bazkaldu eta merendatzen duten haur handiagoen kasuan. Gehieneko prezio hauek behera doaz Iruñean (45.700 pezeta), Bartzelonan (43.800 pezeta), Alacanten (34.800 pezeta), Donostian (30.600 pezeta) eta Logroñon (bertako kuota garaiena 30.033 pezeta litzateke).
Bestetik, erkidego autonomikoek kudeatzen dituzten 21 haur-eskola ikertu ondoren, udalen menpekoak baino merkexeago direla ondorioztatu da. Azterlan honetan haurtzaindegi bakar bat dago, Malagan, diputazioak kudeatua: honen gehieneko prezioak (hilean 22.000 pezeta inguru, plaza libreetan, funtzionarioek baitute lehentasuna), udalekoak baino merkeago eta erkidego autonomoen eskutik doazenen parekoak dira.

Haurtzaindegiak: garbi bai, baina ez erabat seguru
Haurraren lehendabiziko urteetan, istripuak nola edo hala ekidin beharreko arriskuak dira. Bere seme-alabak jasotzen dituzten haurtzaindegietako zuzendaritzak aurreikusiriko segurtasun-neurriak, arretaz aztertu beharko lituzkete gurasoek. Haurren eskutik kanpo, behar bezalako altueran kokaturik edo, hau ezinezkoa deneak, sareska batez babesturiko leihoak, beira haustezinak edo zimurduraren kontrako sistemaz hornituriko ateak eta antzeko elementuek, adibidez, zentro hauetan ume txikien segurtasuna areagotu egiten dute. Ehunetik gora haur-eskolatan eginiko ikuskaritzak erakusten duenez, %24ak ez ditu behar bezala aplikatzen prebentziozko neurriok: Gasteiz, Logroño eta Bartzelonan bisitatu ditugun guztietatik bakar batean ere ez dira segurtasun-arazoak atzeman. Castelló, Valentzia eta Bilbon ez dago horrelako arazorik zentroen %88an eta gaierako hirietan egoerak okertuz doaz. Iruñeako haurtzaindegien erdietan baziren akatsak. Ondorio kezkagarriak ateratzen dira Madrilgoetan (%64ak, gaizki) eta Alacantekoetan (%87ak arazoak agertzen zituela). Xehetasun bitxi bat: hiri mediterraniar honetan aurkitu dira ikasleen balizko gaitzak sendatzeko osasun-gelaz hornituriko zentro-portzentairik handiena (%63). Zerrendaren beste muturrean, Valentzia, Iruñea eta Bilbon bisitaturiko eskoletatik batek ere ez du eskaintzen horrelako zerbitzurik, denek ere larrialdiko botikina daukaten arren.
Instalazioetako garbitasun eta kontserbazioari dagokiola, emaitza asegarriagoak bildu dira, haurtzaindegi gehientsuenetan CONSUMEReko teknikariek eginiko balorazioa aldekoa izan baitzen. Lau zentrotan (Gasteizko batean, Valentziako batean eta Santanderko bitan), halaz ere, lehenbailehen konpondu beharreko hutsuneak atzeman dira: komunak berritu, hormak zuritu edo geletako argitasun naturala areagotzea.

Era askotako ordutegiak
Eskola pribatuetako eguneroko batez besteko ordutegi erabilgarria 11 ordu eta 15 minutukoa da, hots, publikoetan baino ia bi ordu eta erdi gehiago, batenaz beste. Hirien arabera, aukera zabalenak Malagan eskaintzen dira, bertako ordutegi baliagarriak 11 ordu baino gehiago irauten duelako. Batez besteko ordutegi erabilgarri urriena Valentzia eta Iruñeakoa da (9 ordu eta erdi), eta Alacantekoa (8 ordu eta 45 minutu).
Matrikulazioei goazkiela, zentro guztiek ez dituzte onartzen oraindik lau hankatan ez dabiltzan haurrak. Lautik batek ez ditu jasotzen baina Donostia, Madril eta Bilbon bisitatu diren zentro guztiek onartzen dituzte. Gasteiz eta Castellóko zentroen %63ak bakarrik sartzen ditu horrelako umeak eta Valentzia eta Logroñon erdiak kalean geratzen dira. Sektore pribatua, alor honetan, publikoaren aurretik doa, oraindik lau hankatan ez dabiltzan haurrak zentro pribatuen %84ak onartzen dituen bitartean, publikoen %68ak bakarrik jasotzen dituelako.
Ikaskuntzan zehar haurren bilakaera ezagutzea kezka latza dute guraso askok. Egun, hala eskatzen duten aitamei hezitzaileek inolako eragozpenik gabe ematen diete alor horri buruzko informazioa baina, halaz ere, ohartarazpen horiek idatzizko txostenetan jasotzea omen da bide egokia, jarraipena ahalik eta zehatzena izan dadin. Nolanahi ere, haurtzaindegietako %33ak bakarrik (publikoen %26ak eta pribatuen %37ak) egiten du horrelakorik hilean behin gutxienez, gurasoek berariaz eskatzen ez badute. Bartzelona eta Donostian bisitatu diren zentro guztietan bakarrik ematen da maiztasun horrekin informazioa. Zerbitzu hau murritzagoa da Gasteiz eta Valentziako haurtzaindegien %14raino eta Madrilen %9raino. Emaitza pattalena, ordea, Santander eta Malagan batu da: bisitatu diren haurtzaindegietatik bakar batek ere ez die seme-alaben aurrerakuntzei buruz idatzizko informaziorik ematen, hilean behin bederen, gurasoei.

Elebakartasuna, nagusi
Bi eta hiru hizkuntzatako hezkuntza-ereduen (zentro guztien %23an eta %3an bakarrik aplikatzen dira hauek) gainetik, espainolezko irakaskuntza elebakarra da nagusi, nabarmen, haur-eskola publikoetan. Ikaslea eta hezitzailearen arteko komunikazioa espainolez bakarrik gauzatzen da Castelló, Iruñea, Logroño, Madril, Malaga eta Santanderen bisitatu ditugun haurtzaindegi publikoetan; Gasteiz eta Bilbokoetan euskara ere erabiltzen da. Irakaskuntza pribatuari dagokionez, Iruñea eta Malagako zentroek eskolak gaztelaniaz soil-soilik ematen dituzte. Bilbon bisitaturiko haurtzaindegi pribatuen %63an eta Donostia eta Valentziakoen %60an, berriz, elebitasunaren aldeko apustua egina dute. CONSUMERek Bartzelonan ikuskaturiko haur-eskolak ditugu nabarmentzekoak: horietako %60ak elebidunak dira eta %40an, azkenik, hiru hizkuntzatako (katalanera, inglesa eta espainola) ereduari heldu diote.

Jantokirik bai?
Haurrak lehenbiziko urteetan hartzen duen elikadura erabakior gertatzen da hazkuntzan. Haurtzaindegi gehienek janari-zerbitzua eskaintzen badute ere, Gasteiz, Bilbo, Alacant, Valentzia, Logroño eta Santanderen bisitaturiko zentro guztiek ez dute aukera hori eskaintzen. Bizkaiko eta Errioxako hirietan izan ezik (bertako haurtzaindegi publiko guztiek dute jantokia), hutsune hau publikoetan jazotzen da, nagusiki. Ez da horrela gertatzen Castelló, Donostia, Iruñea, Madril, Malaga eta Bartzelonan, hiriotan ikuskatu diren sare publikoko zentro denek zerbitzu hau baitute martxan.
Donostia, Castelló, Malaga eta Bartzelonan bisitatu diren haurtzaindegi guztiek ematen dute merienda. Gasteiz eta Valentziakoen erdiek bakarrik eskaintzen dute zerbitzu hori.

Haurtzaindegiak: 2002 urtean legeak xedatuko duena
LOGSE garatzen duen 1004/91 Errege-Dekretuak, haur-hezkuntzan diharduten zentro guztiek 2002 urtetik aurrera bete beharko dituzten gutxieneko baldintza zenbait xedatzen ditu (173/98 Errege-Dekretuak xedatu bezala). Arau horrek dioenez, zentro horiek hezkuntza hutsean diharduen tokian egongo dira, kanpo alderako irispide independentea dutela. Era berean, urtebetea ez duten haurrak jasotzen direnean, elikagaiak maneiatzeko espazio egokia antolatzeko beharra jasotzen du. Bi urtetik beherakoentzako gelek (sekula ez 13 haur baino gehiago gela bakoitzean) area bereiziak izango dituzte, atsedenaldi eta higiene-lanetarako. 30 metro karratuko erabilera anitzeko gela ere atondu beharko dute zentroek: gela hori jantoki gisa erabili ahal izango da. Bestetik, bederatzi gela bakoitzeko, gutxienez 75 metro karratuko jolas-patioa ere eduki beharko du zentroak. Langileek bere, lababo, dutxa eta komunaz hornituriko garbi-gela izango dute (haurren gela eta zerbitzuetatik bereiz).

Fitxa teknikoa

-102 haurtzaindegi (40, titulartasun publikokoak eta beste 62, pribatukoak) bisitatu ziren, 12 hiritan: Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Donostia, Malaga, Logroño, Santander, Madril, Bartzelona, Alacant, Castelló eta Valentzian.

- Otsailean zehar, CONSUMEReko teknikariek ikuskatu zituzten 7.430 haur matrikulaturik dituzten haurtzaindegiak, eta hurrengo datuak jaso zituzten: ikasle-irakasleen kopurua, haurrak zaintzen dituztenen titulu akademikoa, haurtzaindegiak egunero eskain dezakeen ordutegia, lau hankatan oraindik ez dabiltzan umeak onartzen diren, haurraren bilakaeraz gurasoei idatzizko informazioa ematen zaien, zentroko garbitasuna eta mantenimendu-egoera, geletako argitasuna, ate-leihoetako segurtasun-neurri bereziak eta janari zerbitzua dagoen.

- Zentro bakoitzeko arduradunekin elkarrizketa pertsonala egin zen



C1
1999-04-08
16442130
6642