F. Agirre Lukin

Euskal abertzaletasun nafarraren pertsonai ezagun honen historia kontatzen digu. 36ko gerra aurrean politikari nagusietakoa izan zen. Lizarrako alkate izan zen. Faxistek heriotza zigorra eman zioten.

M. LATASA

Fortunato Agirre Lukin politikari nafarra XIX. mendearen amaieran jaio zen, Gamazada izeneko matxinada foruzale herrikoiaren urte esanguratsu haietan, 1893an, hain zuzen ere, bigarren guda karlista amaitu ondoren eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako batasun historikoa nonahi goraipatzen zelarik.

Lizarrerriko hegoalde eguzkitsuan jaio zen, Arellano izeneko herrian, nekazaritza mundu tradizionala oraindik nagusi zen eskualde batean, alegia. Herri txikia zen, 'bere baitan bakarrik bostehun lagun inguru zituena, Ebro ibaitik hurbil eta bere lur emankorrak Arroitz nahiz Deikaztelu herri ederren artean kokaturik.

Haurtzaroa bertan pasa bazuen ere, soilik hamaika urte zuela, Lekarotz aldera jo zuen, irakasle ikasketak burutzera. Bere formaziorako erabakigarriak izango ziren zortzi urteak eman zituen bertan. Hogei urte bete gabe jaioterriaren ondoan zen berriz ere, Arellano baino handixeagoa zen Aberin herrian, irakasle gisa. Handik Iruñera joan zen, han ere maisu lana betetzera.

1926an Lizarran finkatu zen, betiko, baina lehenagoko urteak ez zituen alferrik galdu, zeren eta ordurako Euzko Alderdi Jeltzaleko partaidea baitzen, nafar hiriburuko batzokian zenbait ekimen aurrera eramanez. Bestalde, kirola biziki maite zuela idatzi da, eta Osasuna talde ezagunaren sorreran parte hartu zuela ere.

Baina, esan bezala, hogeiko hamarkadaren erdialdean Lizarra egini historikoan lanari ekin zion eta handik lau urtera bertako zinegotzi eserlekua eskuratu zuen. 1931n EM alderdiak Lizarran zuen udal batzordeko buru bilakatu eta 1933tik Fortunato hiriko alkatea izan zen, hau da, bigarren Errepublikako egun haietan Lizarrako alkatea EAJkoa izan zen.

1931n Lizarrako Estatutua aprobatu zuen hautetsien biltzarra antolatu eta zuzendu zuela irakurtzen ahal da, prozesu amaigabe hartan nahikoa pertsona garrantzitsua zelako. Edonola ere, argi dago gizon hau nekaezina zela eta ondorengo datu hauek adierazpen horren froga moduan erabiltzen ahal ditugu: Alderdi Jeltzalearen Napar Buru Batzan nahiz Euzkadi Buru Batzan delakoetan partaidea izan zen; Lizarrako ikastolaren fundatzailea (1935); Izarra futbol taldearen sorreran ere parte hartu zuen —Estella, Estrella zaharra zelakoan, eta hortik Izarra, balizko Lizarra beharrean jalo zen—; oso herrikoia izan arren, ahazten ari zen eta egun euskal dantza nazionala den Larraindantza (Baile de la Era) berreskunatzen ahalegindu zen.

1936ko uztailaren 18a heldu zen baina, esan nahi baita espainiar militarrek altxamendu faxista gauzatzeko aukeratu zuten data historikoa, eta egun horretan bertan Fortunato Agirre Lukin, Lizarrako alkate jeltzalea, atxilotu zuten. Espainiar militarrek Lizarrako ikastola itxi eta birlan zinen euskal liburu guztiak plaza batean erre zituzten. Txistu musika tresna erabiltzea debekatu zuten, baita «agur» esatea ere.

Handik egun gutxira erail zuten. 1936ko irailaren 29an izan zen, antza denez, Iruñerriko Aranguren aldean, Taxoare inguruan. Urte luzeak pasa ondoren, 1959an, familiak hezurrak Iruñeko senideen panteoian lurperatzeko baimena jaso zuen.

 



C1
2000-10-25
  • Latasa , M.
16438969
2074