Etxe komunitatetako arazoak
Etxe komunitate batean berogailuan aldaketak egin nahi dituztela eta, aholkulariari galdetzen diote nolako gehiengoa beharko luketen erabakiak hartzeko. Aholkulariak erantzunak eta adibideak ematen ditu.
Gertatu zena
Gure bizilagun elkarteak gasolio bidezko berokuntza zentrala dauka etxebizitza guztietarako. Bizilagun batzuek gasoliozkoaren ordez hiriko gas sistema jartzea proposatu dute eta bi modutara egiteko aukera dago: lehena, berogailu berarekin jarraitu eta gasezko galdara jartzea; bigarrena, etxebizitza bakoitzean gasezko galdara jartzea. Kasu bietan erregai mota aldatu egingo litzateke.
Nola jokatu
Jabetza Horizontalaren Legeaz egin daitezkeen interpretazioak gorabehera, bi aldaketa horiek onartzeko ez da beharrezkoa erabakia aho batez hartzea.
Lehen aukerari buruz (dagoen azpiegitura beste erregai batera egokitzea), aski litzateke jabe eta kuoten gehiengo soila. Berokuntza zentrala eraikineko titularren jabetzako elementu komuna denez, erregai eta galdara mota aldatzea administrazioko egintza da eta, beraz, ez da beharrezkoa erabakia aho batez hartzea.
Bigarren aukerari dagokionez (hau da, eraikin osorako berokuntza zerbitzuaren ordez etxebizitza bakoitzerakoa jartzea), aski litzateke kuotaren hiru bostena ordezkatzen duten jabeen hiru bostenaren erabakia.
Gainera, erabakiak behartu egiten ditu aurkako botoa eman dutenak ere eta, ados egon ez arren, ordaindu egin beharko dute. Jabetza Horizontalaren Legeko 17-1 artikulua ezartzen da kasu honetan eta lege horren arabera, "igogailu, atezaintza, zainketa edo interes orokorreko beste zerbitzu komun batzuk ezarri edo kentzeko, eratze titulua edo estatutuak aldatzea eragiten duenean ere, jabe guztien hiru bostenen aldeko botoa beharko da eta jabe horiek aldi berean partaidetza kuotaren hiru bostena ordezkatuko dute".
Edozein modutan ere, hiru bostenaren gehiengoa lortuko ez balitz, zenbait jurisprudentziak nahikotzat jotzen du gehiengo soila. Horrela, Madrilgo Lurralde Entzutegiaren 1994ko abenduaren 7ko epaiak zioen galdara zentralaren ordez etxe bakoitzean galdara indibidualak jartzeko nahikoa dela jabeen gehiengoz hartutako erabakia.