Biodibertsitatea

Biodibertsitatea zer den, zerk eragiten dion: kontzeptua, datuak...etab.

Teknopolis saioko bideoa.

 

11. zinta/ 02.44.33

Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Aurkezlea. Biodibertsitatea (bioaniztasuna), dudarik gabe, modako hitza da gure artean. Ez da, egia esatera, hitz berria, baina ez zen ezaguna egin harik eta 1992. urtean Rio de Janeiron mundu-mailako gailurra egin zen arte. Geroztik, guzion ahotan dabil, nahiz eta oso ongi zer adierazi nahi duen ez dugun normalean jakiten. 

Horren inguruan osatu dugu ondoko erreportajea. Biodibertsitatea zer den, zertan dagoen eta zerk eragiten dion jakiteko. Ikustazue (ikus ezazue).  

Esataria. Azken urteotan naturaren kontserbazioak gizartearentzat duen benetako garrantziaz jabetzen hasi gara. Eta horrekin batera, giza jarduerek naturaren egoeran duten eragina ere gero eta nabarmenagoa da. Bi ideia horiek lotuz, 1992an Rio de Janeiron Nazio Batuen Ingurugiro eta Garapenari buruzko konferentzia egin zen. Han parte hartu zuten 178 estatuek munduaren dibertsitate biologikoa kontserbatzeko eta haren erabilera arrazionala jasangarria lortzeko ahaleginak egin behar direla azpimarratu zuten.  

Baina, konferentziak konferentzia eta ahaleginak ahalegin, zer da zehatz-mehatz biodibertsitatea? Labur esanda, biodibertsitatea naturako bizidunen aniztasun-maila edo barietateen neurria da.  

Aniztasun-maila hori aztertzean, aintzat hainbat kontzeptu hartu behar diren arren, biodibertsitate kontzeptua gehienetan animalia- eta landareen espezien aberastasuna adierazteko erabili izan da.  

Biodibertsitatearen inguruan, azken urteetan bi kezka nagusi sortu dira. Batetik, ez dakigu nolako biodibertsitatea dugun, ez baitakigu munduan zenbat espezie dagoen ere. Bestetik, biodibertsitatea oso azkar suntsitzen ari da. Munduko espezie-kopuruari dagokionez, ikerlariek hainbat kalkulu egin dute, eta zenbakietan gorabeherak badaude ere, zenbait ondorio atera daiteke. Adibidez, talde gehienetan jadanik deskribatuta dagoen espezie-kopurua, (pantailan urdinez ageri dena) oso txikia da talde horietarako aurreikusitako espezie-kopuruarekin alderatuz gero, (irudian gorriz ageri dena). Argi dago, beraz, balio baikorrena hartuta ere, espezien proportzio txikia ezagutzen dugula.  

Biodibertsitatearen suntsipen-abiadurari dagokionez, ez da erraza kalkuluak egitea desagertzeko zorian dauden espezie gehienak txikiak eta jarraipen zailekoak baitira. Dena den, kalkulu baikorrenen arabera, urtero 27.000 espezie desagertzen dira, ordu oro 3 espezie, alegia. Eta horrek tokitan uzten du Lurrean modu naturalean gertatu izan diren suntsipen handienen abiadura.  

Espezien desagertze- edo suntsipen-abiadura handi honen sakoneko arrazoiak hirutan laburbil daitezke. Lehen-lehenik, giza populazioaren etengabeko hazkundea: urtero 78 milioi pertsona gehiago gara munduan. Bigarrenik, garatutako herrialdeen kontsumo-maila oso altua izatea. Hirugarren arrazoia gutxien garatutako herrialdeen pobrezia lazgarria da. Ondorioz, herrialde horietako biztanleek beren inguruneak eman dezakeena baino gehiago hartzea dakarrelako.  

Horrek guztiak ondorio jakinak eragiten ditu. Hala nola, poluzioa, natur baliabideen gehiegizko ustiapena eta habitat-galera, azken hori nagusiki lehengaien ustiapenari eta eraikuntzari lotua dagoena. Faktore horiek guztiek biodibertsitatearen suntsipen azkarra eragiten dute.  

Aipatu faktore horien artean, biodibertsitateari dagokionez, bada azpimarratu beharreko bat: habitataren galera. Oihan tropikalak kontinenteetako azaleraren % 6 inguru soilik izan arren, ezagutzen ditugun animalia eta landareen espezien erdiak baino gehiago hantxe bizi dira. Eta habitat mota hori da, hain zuzen ere, aldaketa gehien jasaten ari dena. Urtean munduan ia 17 milioi hektarea baso tropikal garbaltzen (soiltzen) eta soiltzen ari da. Hori Euskal Herriaren azalera baino 8 aldiz handiagoa da. Koralezko arrezifeak eta aintzirak ere, besteak beste, azkar galtzen doaz. Hori guztia kontuan hartuta, zientzialariek hurrengo 30 urteetan espezie guztien % 20 desager daitekeela uste dute.  

Biodibertsitatea desagertzea larria izanik, are larriagoa da espezieak ezagutu edo deskribatu baino lehen desagertzea. Eta hori da, hain zuzen ere, espezie askorekin gertatzen ari dena.  

Baina, zergatik diogu larriak direla suntsipen horiek guztiak? Zer ondorio izan dezake horrek?  

Arturo Elosegi (Biologoa. EHUko irakaslea). Bueno, biodibertsitateak garrantzi handia dauka, eta atal askotan. Batetik, badaude baliagai natural asko balio ekonomiko handia daukatenak: ba arrantza, basogintza eta horrelakoak. Eta horiek, argi dago, kudeatu beharko genituzkeela ez galtzeko moduan, epe luzera mantentzeko moduan. Bestetik, beste hainbat espezie edo ekosistema, gaur egun garrantzirik ez daukatenak, agian etorkizunean izan dezakete garrantzia. Horren adibide argiena da, hagina. Hagina da, badakizu, zuhaitz bat pozoitsua dena. Orain gutxi arte ez zen ezertarako erabiltzen, baina orain berriki deskubritu da bertatik ateratzen den substantzia bat, eta minbiziaren aurka oso eraginkorra dena. Agian beste espezie batzuetatik ere denbora baten buruan lortu genitzake etorkizunerako garrantzitsuak izan daitezkeen beste hainbat baliagai. Hirugarren arrazoietako bat izango litzateke babesa. Hau da, natura oso makina konplexua da. Oso, pieza asko dauzkana eta oso ongi ulertzen ez duguna. Eta horrelako kasuetan normalena izaten da, hoberena izaten da, pieza gehiegi ez kentzea.  

Hor badago zientzialari bat esaten duena biosfera bera, hau da, planeta osoa dela espaziontzi bat eta bertan dauden espezieak dira espaziontzi horretako piezak, errematxeak, tornilloak (torlojuak), eta horietako batzuk kendu ditzakegu, baina gehiegi kenduz geroz agian makina osoa kaltetu egin dezake. Agian, dibertsitate gehiegi galduz gero has gaitezke galtzen, izaten izurrite gehiago, edo izaten arrisku gehiago uholdeekin, eta abar.  

Eta beste arrazoi bat-edo da arrazoi etiko bat, nahi baldin badugu, ez? Ez daukagu eskubiderik hainbat espezie suntsiarazteko, edo beste modu batean esanda, ezin diegu gure ondorengoei utzi guk hartu duguna baino mundu askoz ere pobreago bat edo askoz ere txiroago bat.  

Orduan, biodibertsitatea mantentzearen arrazoia, batez ere, alderdi horretatik izango litzateke. Hori guztia galtzeko arriskutan gaude.  

Esataria. Euskal Herrian ere giza kolonizazioaren maila altua da. Eta ez dago urruneko lurraldeetara jo beharrik gizakiak eragindako espezien galtze-prozesuak ikusteko. Ezaguna dugu, esaterako,  bisigua eta honen gehiegizko arrantzarekin Euskal Herriko kostaldean gertatu dena. Bestalde, Europako hegazti-espezien % 38 desagertzeko arriskuan dagoela dioten datuak ere badaude, zenbait ehiza-mota, nekazaritza-lurren erabilera desegokia eta kutsadura direla medio.   

Luze jarrai genezake hari honetatik tiraka, eta adibideak ere ugari dira. Hala ere, badirudi apurka-apurka gizartea naturak eta ingurugiroak duten garrantziaz jabetzen hasia dela. Zenbaitentzat arrazoiak estetikoak eta sentimental edo filosofikoak dira. Beste askorentzat, ordea, arrazoi naturalistiko, etiko edo zientifikoak daude. Gainera, guztia dirutan neurtzen duen mundu honetara moldatu nahian-edo, naturaren kontserbazioari balio komertzial eta ekonomikoa atxikitzea badagoela ere ikusi da.   

Arturo Elosegi. Bueno, argi dago ekonomia dela gaur egun mundua mugitzen duena, eta orduan, bilatu behar dugu nola baloratu alde ekonomikotik biodibertsitatea. Orduan, baliagai batzuk oso aisa baloratu ditzakegu. Nik zer dakit, baso batek ekoizten duen zura edo itsasotik ateratzen den arrantza. Hori aisa baloratu daiteke. Baina horrelakoetan, askotan ahaztu egiten zaigu baso horrek, zuraz gain, beste hainbat baliagai ekoizten dituela. Esate baterako, fruituak, ehiza, oxigenoa…      

Ni ziur naiz Euskal Herrian badaudela basoak perretxikotan gehiago ekoizten dutenak, diru gehiago ematen dutenak zuretan baino. Orduan, balio guzti horiek [horiek guztiak] hartu beharko genituzke kontu(t)an ekosistema horren garrantzia ezagutzeko.  

Eta bestetik, badira beste balio erantsi batzuk ez datozenak zuzenean ekosistema ustiatzeagatik. Esate baterako, espezie asko bizirik mantentzeak eman dezake dirua. Adibiderik argiena izaten da Kenya, Tanzania, alderdi horietako lehoiena. Lehoiak ehizatzeagatik hainbat diru ordaintzen dute ehiztariek, baina lehoiak bizirik mantentzeagatik gobernuak 10-100 aldiz diru gehiago irabazten du turismoa-eta erakartzen duelako.    

Eta azkenean, badaude beste balio batzuk horrekin lotuta baita ere, ekosistemak bere horretan mantentzearekin, eta horietako bat izan daiteke, esate baterako, ibaien, ibai-ertzeko basoek depuratzeko (arauzteko) daukaten gaitasuna edo fadurek depuratzeko daukaten gaitasuna. Kalkulatzen da fadura-hektarea batek milioi asko ematen duela urtean depurazioan. Hori kenduko bagenu, depuradorak ezarri beharko genituzke. Edo bestela, ingurunea kaltetu egingo litzateke.  

Orduan, horrelako modu batzuk badaude biodibertsitatea baloratzeko. Pasatzen dena oraindik arlo nahiko berria dela eta asko aurreratu behar dela honetan.  

Esataria. Dena den, naturaren kontserbazioaz hitz egiten denean, babeserako arau eta legeak datozkigu burura, horiek dira-eta gertuen geratzen zaizkigun neurriak. Horrelako araudi eta babes motak indarrean jartzean, normalean, espezieak edota horien populazioak eta ekosistema eta paisaje [paisaia] bereziak hartu ohi dira kontuan. Euskal Herrian ere maila desberdinetako hainbat babesgune ditugu. Eta Europako Batasunaren mailan habitatei buruzko arteztaraua deritzon legea dago indarrean. Horren arabera, espezien babesa bermatzeko bideetako bat gune babestuen sarea sortzea da. Arrazoi horregatik, Europako Batasunak Natura 2000 izeneko sare ekologikoa osatuko duten kontserbazio-guneak izendatu zituen. Euskal Herriko administrazioei dagokienez, lurraldearen % 13 inguru bilduko luketen guneen zerrenda bidali diete gobernu zentralei sare horretan sar dezaten.  

Baina, askotan, biodibertsitatea babesteko ez da nahikoa estatu edota eskualde batean neurriak hartzea, animalia eta landareek ez baitituzte muga politikoak kontuan hartzen. Beraz, beharrezkoa da babes-neurriak ere mundu-mailakoak izatea.  

Eta hemen koka genezake sarreran aipatu dugun Rio de Janeiroko konferentzia. Handik irten zen hitzarmenean, batetik, garapen-bidean dauden estatuei beren eremuak babestea eskatu zitzaien, han daudelako munduko baliabide biologiko eta genetiko gehienak. Eta, bestetik, herri industrializatuei garapen bidean daudenei laguntzeko konpromisoa onartzea eskatu zitzaien, horietatik hartzen baitituzte beren negoziorako oinarri diren baliabideak.  

Dena den, duela bi urte hitzarmenaren ondorengo bost urteen balantzea egin zutenean, emaitzak ez ziren oso positiboak izan. Nabarmena da, nolanahi ere, apurka-apurka gauzak aldatzen hasi direla, kontzientziazio-maila gora doala, hainbat herrialde neurriak hartzen hasia dela eta nazioarteko hitzarmenak ere sinatzen direla. Hala ere, arriskua ez da desagertu eta lanean jarraitu beharra dago. Izan ere, naturak eta biodibertsitateak guk uste duguna baino toki eta garrantzi handiagoa dute gure ongizatean.         

Interesatzen zaizu



C1
1999-03-26
16263134
0:13:00
5328