Gerezi denbora
Gerezien denbora horrek 1931-1936 urte-tartea hartzen du. Espainiako Gerra Zibilak zapuztuko zituen itxaropen-urteak izan ziren , amets-urteak…
Urte-tarte horien bukaerako puska bat, 1936ko bi hilabete eskas, dakartza ipuin luze honetara idazleak: anarkista bat eta euskal apaiz nazionalista abertzale bat elkartuko dira Valladolideko apezpiku frankista zalea, anarkisten preso, askatzeko. Benetako istorio hori du oinarri liburuak. Hala, anarkista batzuk eta Roman apaiza apezpikua salbatzen saiatuko dira, Bilbotik Donostiara joanda. Istorio absurdoa dirudi, eta egia esan, umore absurdoa badu liburu honek, baina drama ere bai. Dena den, idazleak berak esana da zein zen bere asmoa, gerra-giroko istorio bat kontatzea. Ez zuen gerra inori azaldu nahi. Azaldu nahi ez, baina argi geratzen da gerra guztiak absurdoak eta krudelak direla.
Egilea: Inazio Mujika Iraola
Argitaletxea: Alberdania
Argitalpen-urtea: 1999
Hona narrazio-zati bat:
Zer ote zegoen ba Donostian horren garrantzi handikoa, eta Valladolideko Artzapezpikua askatu beharra. “Obixpo bat?”. Obispoa ezetz, artzapezpikua, eta euskalduna gainera. Kotxintxinakoa balitz ere, nori bururatzen zaio. Preso zeukatela CNTko ziegetan, Donostian. Urtero bezala, udaldia Donostian igarotzeko asmoz etorri, eta, Oreja medikuaren erietxean bihotzeko arazotxo bat zaintzen ari zela, bertan harrapatu omen zuen gerrak. Handik gutxira atxilo hartu zutela nire laguntxoek, horrela esan zidan: “hire laguntxoek”. “Suerte txarra”, esan nion nik. Asko sentitzen nuela, baina ezin nuela ezer egin.
11.or.