Erabaki latza

HABE aldizkariaren 43. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

HABE Aldizkariarentzat propio egindako ipuina

-Gaur egiten ez badut ez dut inoiz lortuko.

Felipe bere logelan zegoen, erabat urduri, leku batetik bestera ibiltzen, gelditu gabe, behin ere gelditu gabe, besoei era arraro batean eragiten ziela, norbaiti zerbait erakutsiko balio bezala. Zerbait esaten ari zen; behintzat ezpainak nola mugitzen zituen bistakoa zen, baina hain ahopetik esaten zuenez gormutu batek izan ezik ezingo zituzkeen inork haren ahotik irtendako hitzak ulertu.

Makurtu egin zen eta belauniko jarri; otoizka hasi omen zen. Nori otoizka jakitea aldiz ezina da; imajinatu egin daiteke, suposatu, ezin jakin. Era horretantxe luzaro iraun ondoren, bat-batean garrasiari eman zion zoro legez, txerriak gakoa iltzatua duenean bezain karrankaritsu, ileetatik tiraka ari zen bitartean, ileetatik tiraka burusoil geratu arte, eta orduan, buru-kaskoa futbol-pilota baino leun eta soilagoa zeukala, betazaletatik hasi zen tiraka txit eskizofreniko, betileak oro erauziz, minaren minez haren oihu eta aieneak gero eta entzungarriagoak bihurtzen zirelarik, gero eta ikaragarriagoak. Bera, ostera, ez zen konturatzen; izan ere, bere senetik aterata baitzegoen arras, bere senetik hamaika mila kilometrotara gutxienez, eta jarraitu egin zuen, eskizofrenikoago, orain bere hatzak bekainetan jarriak, atzapar modura erabiliz, eta eskuez ezin zuelako, gutun-azalak irekitzeko erabili ohi zuen aihotz batez menderatu zituen bere arerio haiek; poza agertu zitzaion bere aurpegi eta begietara bekainak odoletan igarri zituenean.

Borroka latz hartan ezin zen gelditu; alkondara erantzirik bularraldeko ile urria segatzeari ekin zion, aihotz zorroztu hura azaletik perpendikularki pasatuz behin eta berriro, txarribodetan txerriei iratzez erre ondoren egiten zaien eran. Jantzi guztiak bota zituen lurrera eta, honelaxe, larrugorririk, besoak eta hankak depilatzen jarraitu zuen atsegin handiz. Pubiseko ile kizkurra falta zitzaion soilik, eta arerio hau ere arin baino arinago akabatu zuen. Bera gelditu zen garaile bakarra borroka-landa malkartsu hartan.

Marmolezko giza eskulturen antza zeukan, erabat ilerik gabe, baina alde guztietatik zauriz beterik, odola borbor zeriola. Hura errukigarria benetan!

Berari atsegingarri gertatu zitzaion bere burua egoera hartan ikustea, ispilu aurrean bere burua ikusi bezain laster, ordura arte behin ere isildu ez zituen garrasi zoro haiek barre-algarak bihurtu ziren eta.

-Ja-ja-ja-ja-ja! Ja-ja-ja-ja-ja! Ja-ja-ja-ja-ja...

Pixkanaka-pixkanaka baretuz joan zen. Algara burrunbatsuak atseginezko irribarre bihurtu zirenean bere senera itzulia zela nabari ageri zen.

-Gaur bai, lortu egin dut, lortu ...

Telefonora abiatu zen pozaren pozez, zorua eta alfonbrak odolez zikintzen zituela erreparatu gabe; telefonoa deseskegi duen pausatuki, oso pausatuki, handiki-mandiki itxura jarri, zenbaki bat markatu zuen, oso geldiro, oso geldiro buruz zekien zenbaki bat, arnasa sakon hartu, arnasa kanporatu, zoriontsu eta ..., itxaroten zuen ahotsaren ordez pi-pi-pi-pi-pi-pi-pi-pi-pi gorgarri eta amaigabea aditu zuen.

Aurreko errabiak hartu zuen berriz; aurrean topatzen zuen guztia botatzen hasi zen, botatzen eta apurtzen, oihuka, garrasika; hatzak sartu zituen ahoan eztarriraino, barruan zeuzkan janari guztiak okaraziz; eskumutur osoa sartu zuen, behazuna ageri arte. Oka-janari harekin bere gorputz osoa igurtzi zuen, oinetatik bururaino, batez ere arreta berezia begietan jarriz. Berriz ere lasaitu zen eta usaindu zuenean goragale izan bazen ere, ezin izan zuen deustxo jaurtiki, tripako hesteak airez beterik zituelako.

-Motiborik gabe asaldatu naiz, komunikatzen zegoen, normala da ...

Berriro telefonoa harturik, buruz zekien zenbaki hura markatu zuen, airea hartu, airea bota eta itxaroten zuen ahotsaren ordez abisu mekaniko bat entzun zuen: "Hargailu automatikoa duzu hau; mesedez, eman zeure mezua".

-Zoazte pikutara hargailu guztiok eta urde automatiko zikin guztiok !


Berriro markatzen hasi zen, orain kontu handiz, zenbakiz zenbaki birpentsatuz. Airea hartu zuen sakonetik, gero bota. Orain bai, itxaroten zuen ahotsa aditu zuen azkenez!

- Kaixo Mertxe, deitzeko gogo biziaz ibili naiz aspaldion eta ... baina .... zera ...

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADITU.-Entzun.
AHOPETIK.-Ahapeka, isilean.
AHOTS.-Boza.
AlHOTZ.- Machete, cuchilla.
ASALDATU.-Aztoratu, haserretu.
ATZAPAR.- Garra.
BARETU.-Lasaitu.
BEHAZUN.-Hiel.
BERE SENETIK ATERATA.- Bere onetik kanpora.
BETAZAL.- Begi + azal. Párpado.
BETILEAK ORO ERAUZIZ.-Betile guztiak atereaz.
BIRPENTSATU.-Repensar.
BURUSOIL.- Ilerik gabe.
DESESKEGl.- Descolgar.
DEUSTXO JAURTIKI.-Ezertxo bota.
ERAGIN (BESOEI).-Besoak mugitu.
ERREPARATU.-Konturatu, ohartu.
EZINA DA.-Ez da posible, ezinezkoa da.
EZINGO ZITUZKEEN.-Ezingo zituen.
GORGARRl.- Ensordecedor.
GORMUTU.- Sordomudo/a.
GUTUN-AZAL.- Sobre.
HARGAlLU.- Receptor/a.
HATZAK.- Dedos.
ILTZATUA.-Sartua.
IRATZE.-Garoa.
MEZU.- Mensaje.
OKARAZI.-Hacer vomitar.
PAUSATUKl.-Geldiro.
TXARRIBODA.-Txerria hiltzen denean egiten den jaia.
URDURI.- Larri, nerbioso.
ZORO LEGEZ.- Zoro antzera, zoro bezala.
 

C1
1984-08-19
  • Santisteban , Karlos
16168992
2154