Eros eta Psikis
HABE aldizkariaren 36. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Mario Meunier idazlearen "La leyenda de los dioses y de los héroes" liburutik itzulia eta egokitua (Aguilar, 1962, 211-216. orr.).
Errege baten hiru alaben arteko ederrena zen Psikis. Hain seduzitzailea izanik, Afrodita bera balitz bezala gurtzen zuten. Baina egun batez, zelati, amodioaren erregina honek, birjina zoragarri haren aurka mendeku hartzea erabaki zuen. Hala, bere semeari deitu eta esan zion:
- Eros, nire maite hori, aurrera eraman behar dituzu zeure amaren asmoak. Badira nire edertasuna emakume hilkor batenarekin konparatzen ozarki ausartzen diren gizonak. Zoaz bada, seme, eta nire lehiakide hori gizonik miserableen eta itsusienarekin maiteminarazi ezazu.
Horrela bada, jaitsi zen Olinpotik Eros. Baina Psikisen grazia eta edertasunaren handia ikusi zuenean, bera izan zen beste Afrodita honekin indar sutsuz maitemindu zena. Jauregi enkantatu batera eraman zuen, eta baso lokartuaren oihanarterik sakonenean zegoen egoitza naharo eta bakarti hartara etortzen zitzaion bisitan. Gutiziatzen zuen guztia ematen zion. Psikisek, halere, ez zuen inoiz bere maitearen aurpegi goxoa ikusterik izan. Aurpegi ezezagun hura ferekatzen ari zela, bere eskuek igartzen zuten edertasun delikatua erakusteko eskatu zion egun batean, Afroditaren semeak honela erantzun zion:
- Gure maitasunaren sekretua mantentzen duzun bitartean izango zara,. o Psikis!, zorioneko. Ni nor naizen jakiten ez, otoi, saiatu. Maita nazazu besterik gabe, eta jakin behar ez duzunaren lilura ez ezazu zeure ahaleginez hautsi.
Psikisen bi ahizpak, ordea, ditxa harekin jelosturik, azpilanetan abiatu ziren. Ikustera joan zitzaizkion, eta altxorrez gainezka zegoen luxuzko jauregi haren jabea, bere maitalea; munstro izugarri eta nazkagarri bat zela sinestarazi zioten.
- Egiaztatu nahi baduzu -erantsi zioten-, ezkuta ezazu edozein edalontzitan lanparatxo bat. Eta zure maitalea lozorroan seko dagoela uste duzunean, jaiki zaitez poliki, har ezazu lanpara, hurbil zaitez ohera eta orduan jakingo duzu nolako munstroa daukazun aldamenean.
Harrituta, antsiatsu eta nahigabeturik, Psikis, gau berean, lanpara bat biztu eta edalontzi batean ezkutatu zuen. Oheratu zen, eta erne, bere maitaleak lo hartu arte itxoin zuen. Garaia heldu zenean, hotsik egin gabe jaiki, lanpara hartu eta ohera hurbildu zitzaion. Baina, harriduraren handia!, munstroaren ordez, buru hori argitsu bat ikusi zuen. Anbrosiaren usaina botatzen zuten mutilaren ezpainek, eta lurrin goxoa heltzen zitzaion haren ileetatik.
Maitasunez inoiz baino beteago, musu eman nahi izan zion bere laztanari kopetan. Baina makurtzerakoan, lanpara alderatu eta olio kiskalgarrizko tanta bat erori zitzaion Erosen bizkar biluziaren gainean.
Minak esnarazi zuen eta berehala ohartu zen maitaleak eginiko okerraz. Istantean hegaz jarri, Psikis desenkantatu eta negarretan urtzen utzi zuen gizagaixoa. Minaren minez erotuta, zentzu gutxiko gazte hark ibai batera bota nahi izan zuen bere burua, baina uhinek setatsu ertzera eraman zuten atzera. Galdu zuena aurkitu nahian haluzinatuta eta antsiatsu, Psikis, Eros aurkitzearren, mundua zeharkatzeko asmotan jarri zen prest. Hamaika lurraldetan erratu, tenpluak bisitatzen ibili zen bere maitearen galdez. Baina inork ez zion haren gordelekua esan nahi izan. Azkenik, alde batetik bestera ibiltzen nekaturik, Afroditaren jauregiaren ate aurrean presentatzea erabaki zuen.
Horrela obratuz, eta bere mina erakustean, jainkosa eder haren baretasuna lortzea espero zuen. Erosen amak, bere semearen kolera bigunduz, hainbeste desiratzen zuen inkontrua erraztu egingo zuela, alegia. Afroditak, ordea, urrezko mototsak zituen hark, zorigaiztoko Psikis hura ikusi zuen bezain azkar, irribarre makur batez burua mugitu eta eraso egin zion. Soinekoa urratu, ileak erauzi eta negarretan deseginik zeukan aurpegian jo zuen basaki. Gero, Ezinegona eta Tristezia laguntzat eman eta bere esklabo bihurtu zuen, eta lanik latz eta umiliagarrienak ezarri zizkion. Psikisek, ezpainak ireki gabe eta Erosen amodioari fidel, obeditu egiten zuen beti.
Erosek, azkenik, zauria sendatu zitzaionean, halako maitasun sutsuaren oparia sariztatu nahi izan zuen. Olinpora joan zen, eta Zeus berberaren oinetara makurturik, Psikis berrerosi eta emaztetzat eman ziezaion erregutu zion. Zeusek, guztiari baiezkoa eman eta Psikis jainkoen egoitzara ekartzeko agindu zion Hermesi, eta hilezkortasuna ematearren, anbrosia atsegin hura eskaintzeko. Gero, jainkoek nektarra edaten zuten artean, eta Afroditak berberak ere bere koruekin dantzatzen zuen bitartean, Eros eta Psikis, ezkontzaren lokarriaz elkartu ziren betiko.
HIZTEGI LAGUNGARRIA
ALTXOR.- Tesoro.
ANTSIATSU.- Ansioso/a.
ATZERA.- Berriro.
AZPILAN.- Maltzurkeria, azpikeria.
BARETASUN.- Tranquilidad, placidez.
BASAKI.- Gogorki, era ankerrean.
BERREROSI.- Redimir.
BILUZIK.- Desnudo/a.
EDALONTZI.- Edontzia, basoa.
EGIAZTATU.- Comprobar.
ERRATU.- Errante.
FEREKATU.- Laztandu.
GUTIZIATU.- Desiratu.
HARRIDURAREN HANDIA.- ¡Qué asombro!
HILEZKORTASUN.- Inmortalidad.
ILEAK ERAUZI.- lleak atera.
INKONTRU.- Encuentro.
JAINKOSA.- Diosa.
JELOSTURIK.- Celoso/as.
LEHIAKIDE.- Rival, contendiente.
LILURA.- Fascinación.
LURRIN.- Perfume.
MAITALE.- Amante.
MAITEMINARAZI.- Hacer enamorarse.
MENDEKU HARTU.- Bengantza hartu.
MUNSTRO.- Monstruo.
NAHARO.- Joria, aberatsa.
NEGARRETAN URTU.- Derretirse en llanto.
OIHANARTE.- Enramado, espesura.
OZARKI.- Insolentemente.
SARIZTATU.- Saritu, saria eman.
SETATSU.- Tematsu.
UHIN.- Olatua.
URREZKO MOTOTSAK.- Urre kolorezko ile-adatsa.
ZELATI.- Celoso/a.