Legearen aurrean

HABE aldizkariaren 26. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.
Honako hau Franz Kafkaren ipuina da, Joseba Erkiziak euskaratua.
Ipuin honetarako ikus: Franz Kafka, Relatos Completos, Edit. Losada, 1979, 173-114. orr.

Legearen atarian zaintzaile bat dago.

Nekazari bat hurbiltzen da zaintzaile honengana legean sartzen utziko al dion eskatuz, baina oraingoz ezin diola utzi erantzuten dio zaintzaileak.

Nekazaria pentsakor gelditzen da eta geroago sartzen utziko al dion galdetzen du.

-Gero baliteke, baina orain ez -esaten dio zaintzaileak.

Legearen sarrerako atea irekita dago beti bezala.

Zaintzaileak alde batera egiten du. Gizona makurtu egiten da barrura begiratzeko. Zaintzailea barrezka hasten da hori ikusten duenean eta honela esaten dio: -Halako irrika baldin baduzu, ahalegin zaitez sartzen nire debekuaren gainetik. Ni ahaltsua naiz eta zaintzaileetariko azkena, baina hurrengo geletako ate bakoitzean dauden zaintzaileak zein baino zein ahaltsuagoak dira; nik neuk ezin dut jasan hirugarren zaintzailearen begirada.

Nekazariak ez zuen horrelako oztoporik espero; legeak denentzat eskuragarria izan behar zuela uste zuen; baina orain zaintzailea astiroago ikusi ondoren -bere larruzko berokian bildua, bere sudur handi eta zutarekin, bere bizar urri, luze eta beltzarekin-, sartzeko baimena eman arte bertan itxoitea erabakitzen du.

Zaintzaileak aulkitxo bat eskaini eta ate ondoan esertzeko baimena ematen dio. Gizona bertan eserita gelditzen da zain, eta egunak eta urteak joaten zaizkio horrela. Era guztietako ahaleginak egiten ditu barrura sartzeko, bere eskaerekin zaintzailea aspertu arte; honek batzuetan galdeketa txikiak egiten dizkio; beraren herriari eta beste gauza askori buruz galdetzen dio; baina axolagabeko galderak dira, indiferenteak, handi-mandiek egiten dituztenak bezalakoak, eta azkenean oraino ezin diola sartzen utzi esaten dio beti.

Gizona ongi hornitua etorri da bidaiarako eta soinean daraman guztiaz baliatzen da, denik baliotsuena izanik ere, zaintzailea engainatzeko bere ahaleginetan. Honek, egia esan, dena onartzen dio, baina zera esanez beti: -Honexegatik bakarrik onartzen dut, ahalegin guztiak egin izanaren segurantza izan dezazun.

Urteak joan eta urteak etorri, gizona zaintzaileari begira egon zen ia etengabe. Ahaztu zen beste zaintzaileez eta aurrean zeukana iruditzen zitzaion legean sartzeko oztopo bakarra. Bere zoritxarra madarikatzen du, lehen urteetan eragabe eta ozenki; gero, zahartzen doan heinean, murmurio isil batzuk bakarrik jaulkitzen ditu. Umekerian erortzen da, eta hainbeste urtez zaintzailearengan jarritako arretari esker hark bere larruzko jantziaren lepoan dituen zorriak ere bereiztera iritsi denez, zorriei ere laguntza eskatzen die zaintzailea konbentzi dezaten. Azkenerako ikusmena galtzen hasten da eta ez daki benetan bere inguruan iluntzen ari duen ala bere begiek engainatzen duten. Dena den, orain halako distira bat sumatzen du, itzalezina, legearen atetik irteten. Herioa bertan duelarik, denboraldi horretan guztian jasotako eskarmentua buruan bildu eta artean inoiz egingabeko galdera bat zuzentzen dio zaintzaileari; hurbiltzeko esaten dio keinuz, elbarritzen ari zaion gorputza ezin baitu ia zuzendu. Zaintzaileak gogor makurtu beharra dauka beraren aurrean, bien arteko gorputz-altueraren aldea biziro nabarmendu baita nekazariaren kaltetan.

-Zer gehiago jakin nahi duzu oraindik?-galdetzen du zaintzaileak-. Aseezina zara.

-Gizaki guztiek dute legearenganako joera -esan zuen gizonak-. Nola liteke hainbeste urtetan nik ez beste inork ez eskatu izana bertan sartzeko baimena?

Konturatzen da zaintzailea gizonaren azkena hurbil dagoela, eta ia gortuta dauden belarri haiei aditzera emateko, berarengana hurreratu eta orroaka esaten dio:

-Ez zegoen inori hemendik sartzen uzterik, sarrera hau zuretzat bakarrik eta espresuki egina baitzegoen. Orain joan eta itxi egingo dut.


Franz Kafka-ren ipuina, Joseba Erkiziak euskaratua.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHALTSU – Poderoso/a.
ALDE - Diferentzia.
ASTIROAGO - Más detenidamente.
BALITEKE - Es posible.
BEREIZI - Distinguir.
BEROKI - Abrigo.
DISTIRA - Resplandor.
ELBARRITU - Paralizarse.
ERAGABE ETA OZENKI - En forma desconsiderada y en voz alta.
ESKAERA - Súplica.
ESKARMENTU - Experiencia.
ESKURAGARRI - Asequible.
GALDEKETA- Interrogatorio.
GORTUTA – Sordo/a, ensordecido/a.
HANDl-MANDIEK - Jaun handiek.
HEINEAN - Neurrian. A medida que.
HERIOA – Heriotzaren pertsonaia.
HORNITUA – Pertrechado/a.
HURRERATU - Hurbildu.
IKUSMEN - Ikusteko ahalmena. Vista.
IRRIKA - Gogo, desira.
ITZALEZINA - Inextinguible.
JASAN - Soportar.
JAULKI - Emitir.
JOERA - Tendencia.
MADARIKATU - Maldecir.
MAKURTU - Agacharse.
MURMURIO - Murmullo.
NEKAZARI - Laborari. Campesino/a, labrador/a.
NIRE DEBEKUAREN GAINETIK - A pesar de mi prohibición.
ORROAKA - Rugiendo.
PENTSAKOR - Pentsaka. Pensativo/a.
SOINEAN - Jantzita, aldean.
SUDUR ZUTA - Nariz respingada.
UMEKERIA - Infantilismoa.
ZAINTZAILE - Begirale. Guardián.
ZEIN BAINO ZEIN AHALTSUAGOAK – A cual más poderoso/a.
 

C1
1983-05-17
16168224
3886