Zu bezalako etxea
Norberaren nortasuna era askotara azaltzen da: arropan, jateko moduan, ibiltzeko maneran... Eta etxea apaintzeko eran. Etxea ere izaeraren ispilu baita.
Zu nolako, etxea halako. Esaera zahar bat izan daiteke hori. Etxe batean sartzen garenean, pixka bat erreparatzen badiogu, han bizi direnak nolakoak diren jakin dezakegu. Beraz, horrek zera esan nahi du. Etxea barrutik apaintzeko orduan, norbere gustura jartzen saiatzen dela jendea.
Javier Petralanda dekoratzaileak zenbait aholku emango dizkigu. Agian eztabaidagarriak, baina tira. Etxea babesa da Javier Petralandarentzat, berotasuna: 'Etxea aterperik inportanteena da, eta azken batean, amak ematen diguna ematen digu'. Horregatik uste du emetasun-ikutu bat izan behar duela etxeak. Formaz ari da; forma borobilak, kolore ez- erasokorrak, emetasunarekin lotzen ditu Javierrek: 'Emakumeek duten intuizio eta sentitzeko jarrera hori guk oraindik ez dugu ikasi' dio. En fin! Eta uste du hori etxean sartu behar dela, esate baterako, ertzetan kantonerak jarriz, edo kortinak erabiliz. Hots, armoniaren bila jo behar dela: 'Armonia duen toki batek armonia lortzen laguntzen digu, eta desarmoniak desorekatzen gaitu, edo desorekatzeko bidean jartzen gaitu'.
Pastel koloreen aldekoa da Javier, logelak lo eta lasai egoteko -horretarako bakarrik, Javier?- omen direlako. Beraz, urdin argia, arrosa, izokin -kolorea... ditu atsegin dekoratzaile honek. Aldiz, txuria tokia guztian, berde iluna... ez ditu laket. Eta are gutxiago grisa. Horregatik izango omen dira aurki Lakuako funtzionarioak munduko tristeenak. Sabaia grisa, zorua grisa, mahaiak grisak, altzariak grisak... eta kristalak ilunak. Horregatik aholkatzen zien Lakuako lagunei eta, adibidez, landareak jartzeko, edo posterrak Gorbeiako mendiekin eta. Berde iluna eta txuria aukeratuz gero, beste kolore batzuekin nahasteko, egurrarekin. Hori da J. Petralandaren iritzia. Koloreen bidez beste oreka-mota bat ere bila daiteke. Adibidez, umeen gelan. Javier Petralandaren ustez, umea ipurtarin, bixi horietakoa bada, inon geldi egoten ez den horietakoa, kolore lasaiak hautatu behar dira, eta alderantziz, lasaiegia bada, kolore bizixeagoak. Bada besterik. Logelaren lasaitasunari begira, ez zaio gustatzen aparailu elektronikoak sartzea. Beraz, fuera logelatik CDak, telebistak... Eta, mesedez, ez eskegi, ze hori ikustea ere tokatu zaio, Picassoren Gernika ohe-barrenean. Gauza bat da Picasso estimatzea, gerrak saihesteko lan egitea, eta beste bat, ohetik jaiki eta lehendabiziko irudia hori izatea. Landareak ere gustatzen zaizkio geletan.
Baina Euskal Herrian, oraindik ere, landareak gelatik kanpo ateratzen dira gauez. Beldur gara oxigenoa kenduko ote diguten. Baina Javier ez da ari landare-baso bat jartzeaz. Landare-pare batek ez du kalterik egiten. Eta landareak bezain atsegin ditu natura duten koadroak. Abstraktua ez zaio gustatzen. Hala ere, norberari gustatzen zaiona jarri behar omen da.
Orekaz aritu gara lehen. Behin Javier Petralanda oreka gutxiko etxe batean izan zen: gelak poligono irregularrak ziren, angelu eta ertz asko zituzten. Baina hango jabea armoniaz kokoteraino zegoen, eta horregatik zuen etxea zuen legez. Gizon hark une hartan desarmonia pixka bat behar zuen bere bizitzan, eta ondo iruditzen zaio, beti ere salbuespen gisara, hori etxean islatzea. Hori bai. Javierrek uste du etxea norberak dekoratu behar duela: 'Nik ez nioke sekula esango dekoratzaile bati etxea dekoratzeko. 'Zatoz, eta lagundu etxea dekoratzen' esango nioke. Lagundu, etxeko jabearen beharren edo gogoen arabera.