Alergien loraldia

Udaberria hastearekin batera loratzen dira zelaiak, luzatzen dira egunak...Urtaro polita da, baina alergiaren bat duten pertsonek ez dute batere ongi pasatzen. Aldaketa klimatikoak, gainera, landareen era loreen polinizazioa aldatu du, eta, horrek, alergien loraldia ekarri du.

Hasi da udaberria. Udaberrian natura eta jendea kolore biziz janzten hasten da. Zelaiak lorez betetzen dira eta egunak luzeagoak dira. Naturaren loratzeak, ordea, zenbait arazo sortzen dizkie alergiak dituzten pertsonei.

Adituek diote munduko biztanleen heren bat alergikoa dela eta kopuru hori hazten ari dela. Euskal Herrian lau biztanletik bat da alergikoa.

Lore edo landare jakinekin kontaktua izateak gorputzearen erantzun desegokia sor dezake: alergia. Argazkia: Pixabay

Udaberriko alergien artean ohikoak dira arnasbideekin lotura dutenak. Ugaritu egin omen dira, eta adituek diotenez, aldaketa klimatikoak zerikusia du: neguan tenperatura-aldaketak nabarmenak dira, prezipitazioak gutxitu egin dira eta kutsadura maila handia da. Aldaketa klimatikoak landareen eta loreen polinizazio-prozesuak luzatu egin ditu eta, horrek, pertsona alergiko gehiago izatea ekarri du.

Udaberriko ohiko alergiak
Alergia gorputzaren erantzun desegoki bat da, oro har, kaltegarria ez den substantzia batek eragiten duena. Horren aurrean sistema immunologikoak antigorputzak sortzen ditu. Hori gertatzen denean, hainbat sintoma azaltzen dira, eta horri deitzen zaio alergia.

Unibertso zabala da alergiena, oso gorabeheratsua. Udaberriko alergiak, adibidez, polenak, lore edo landare jakinekin izandako kontaktuak eta intsektuen ziztadek sortzen dituzte. Akaroei alergia izatea da ohikoena kostaldeko herrietan. Barrualdeko herrietan, berriz, gramineoen polenak sortzen ditu alergia-kasu gehienak.

Aldaketa klimatikoak landareen polinizazio prozesuak aldatu ditu. Argazkia: Pixabay

Polen, lore edo landare jakinekin kontaktua izaten denean ondorengo sintomak izaten dira ohikoak: errinokonjuntibisa, doministikuak, sudurretik tantak, azkurak, malko-jarioak, betazal puztuak edota konjuntibitisa.
Atxen Aranzabal Zumarragako ospitaleko alergologoaren arabera, “sudur, begi eta bronkioetan erantzun bat sortzea da ohikoena. Sudurrekoak izaten dira azkura, mukiak, doministikuak edo taponamendua. Begietakoak, aldiz, azkura edo malkoak. Bronkioetan eztula, arnasestua edo txistu-hotsak”.

Alergiarik ez duenak min txiki bat sentituko du intsektuen ziztadarekin, adibidez. Alergikoak, aldiz, osasunerako arriskutsuak diren ondorioak izan ditzake: mingaina eta eztarria handitzea, arnasa hartzeko zailtasunak izatea, edota zorabioak.

Alergiek, hortaz, pertsonaren arabera, sintoma arinak, ertainak edota larriak eragin ditzakete.

Atxen Aranzabal, Zumarragako ospitaleko alergologoa. Argazkia: Kultur Atelier

Zergatik gertatzen dira alergiak?
Oro har, pertsona batek ez du alergia jaiotzatik izaten. Hainbat substantziarekin kontaktua izaten denean sortzen dira alergiak, baina genetikak ere badu zerikusia. Jaiotzean geneetan informazio jakina eramaten da, baina horrek ez du esan nahi alergikoa izango dela pertsona bat. Sarri, pertsona batek alergikoa izateko geneak izan ditzake, baina alergia hori ez bada manifestatu ez du sintomarik izango.

Alergiak zergatik gertatzen diren jakitea bezain zaila izan daiteke, askotan, jakitea ea pazientearen sintomak alergiaren batekin lotuta dauden. Hainbat proba daude, eta probak egin ondoren sortzen diren erreakzioak aztertuta ondorioztatzen da substantzia jakin batek alergia sortzen dion pertsonari ala ez.

Tratamenduak eta gomendioak
Aranzabalek udaberriko alergiei aurre egiteko tratamendu ugari daudela dio, ohikoenak antihistaminikoak direla. Horiez gain, gatza erabiliz egiten direnak edo espraiak daude. Hauek, alergenoak garbitzen dituzte sudurretik.

Intsektuen ziztadak min txiki edo irritazio bat sortu ohi die pertsonei, alergikoei, aldiz, arrisku handiak. Argazkia: Pixabay

Botikez gain, ordea, badaude sintomen prebentzioan lagundu dezaketen zenbait gomendio udaberriko alergiei aurre egiteko, besteen artean: goizeko 05:00etatik 10:00ak bitarte eta arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara bitartean jarduera fisikoa aire librean ez egitea; etxeko leihoak ez irekitzea; belardietan etzanda ez egotea; erabili beharreko arropa etxe barruan zintzilikatzea; egun haizetsuetan betaurrekoak erabiltzea; autoako leihoak ez irekitzea.

Aranzabalen ustez, garrantzitsua da “polenari alergia dion pertsona batek jakitea zein garaitan dagoen polen hori eta horren arabera babes-neurri batzuk hartzea, esaterako, eguzkitako betaurrekoak, edo musukoa erabiltzea...”.

Eguraldiaren arabera alergia gehiago edo gutxiago izaten da. Apirilean euri asko egiten badu eta maiatza eta ekaina lehorrak badira polinizazioa handia izango da eta, ondorioz, alergiak izateko arriskua aregotuko da. Maiatza eta ekaina oso euritsuak badira, aldiz, alergia gutxiago izango da.


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zein da Atxen Aranzabal?
Ni naiz Atxen Aranzabal, ni naiz alergologa (alergologoa). Nik egin nuen medikuntza, eta gero espezialitatea, alergian. Nik aztertzen ditut gaixotasun alergikoak.

Zein dira udaberriko ohiko alergiak?
Alergia hauek dira …., polenari alergiak izaten dira, baina polen desberdinak daude. Normalean otsailean edo urtarrila bukaeran hasten dira jada polenak giroan, anbientean. Lehenengo hasten dira zuhaitzetako polenak. Izaten dira, lehenbizikoak izaten dira altza-polenak, urritza-polenak edo lizarra-polenak eta, edo pinu-polena ere bai. Eta beranduxeago agertzen dira beste polen batzuk, plátano de sombra polena edo urki-polena. Eta ya (aurrerago) maiatzan arruntena izaten da, hau da, gramineak (gramineoak). Gramineak (gramineoak) dira belar mota batzuk, bale? Eta hauek izaten dira maiatzean eta ekainean, orduan inportantea da jakitea pazienteak noiz daukan (dauzkan) sintomak, ze (zein) garaitan, eta a ver (ea) sintoma hauek errepikatzen diren urtero.

Zein dira alergia horien sintomak?
Sintoma arruntenak dira sudurrekoak edo begietakoak, baina baita bronkiotakoak (ere). Sudurrekoak izaten dira azkurea, mukiak, doministikuak edo taponamendua. Eta begietakoak ere, azkurea eta malkoak. Bronkiotan izaten dira eztula, arnas esturik (arnasestuak) edo txistu-hotsak. Horiek izaten dira edozein momentutan.

Zein dira alergien tratamenduak?
Lehenengo, alergia gauza bati baldin badiogu, lehenengoa da ekiditea substantzia hori, baina askotan ezin da ekitidu (ekidin) substantzia, pues (ba) adibidez polena. Polena dago kalean, irteten bazara, baina inportantea da jakitea ze (zein) garaitan dagoen polen hori, eta pues (ba), zuk neurri batzuk hartzeko bai? Gero, bigarren gauza, ya daukagu (dauzkagu) botikak. Tratamendu sintomatikoa, sintomak kentzeko.
 

Zein gomendio emango zenituzke?
Alergia badiogu polen bati, lehenengo jakin behar dugu ze (zein) garaitan dagoen polen hori, eta garai horretan ikusi, normalean egun eguzkitsuetan, haizetsuetan, hego haizea baldin badabil, jendea okerrago egongo da parke batean, kalean edo mendi batean. Eta hobeto egongo da leku itxietan. Pertsona hau pues (ba) joaten bada kalera, gomendatzen diogu babestea, edo eguzkitako betaurrekoekin, edo, gaur egun, maskarillekin (musukoekin) ere babesten du (da) oso ondo sudurra, eta sintoma gutxiago edukiko badu (ditu) garai honetan, eta tratamendua egitea claro (noski). Ez du merezi egotea doministikuka edo oso azkurearekin (azkure handiarekin), oso molestoa (gogaikarria) da.

B1
2021-04-23
28176693
00:04:38
426