Chillida Leku Museoa, Hernanitik mundura

Eduardo Chillida eskultorearen obrak ikusteko aukera dugu Chillida Leku Museoan. Zabalaga baserriak eta inguruko lurrek osatzen dute museoa, eta baserriaren barruko aldean nahiz kanpoko aldean ikusgai daude artistaren lanak.

Chillida Leku Museoak Eduardo Chillida Juanteguiren (Donostia, 1924-2002) obraz gozatzeko aukera eskaintzen du. Lotura estua du lekuak naturarekin: Zabalaga baserriak eta inguruko lorategiak eta basoak osatzen dute museoa. Hamahiru hektareako lursailean, Donostiako artistaren 40 eskultura ikus daitezke, tamaina eta neurri desberdinetakoak. Adibidez, Argiaren bila eskulturak zortzi metro baino gehiagoko garaiera du, edo Lotura XXXII-k 60 tonako pisua. Hala ere, txanponaren bestaldean badaude metro bat baino gutxiago neurtzen duten eskulturak.

Baserriaren barrualdean dago Eduardo Chillidaren erakusketa. (Argazkia: Gonzalo Machado, Chillida eta Hauser & Wirth).

Kanpoko lan guztiak harrizkoak eta altzairuzkoak dira, eta bertara hurbiltzen diren bisitariek lanak ukitzeko aukera izaten dute. Zabalaga baserriaren barnealdean, berriz, Chillidaren obra delikatuenak daude: egurrez edo artilez egindako lanak, beste batzuen artean. Gainera, giza gorputzari eskainitako margolanak eta eskulturak daude, baita bere obra famatuenari buruzko argazkien erakusketa ere; Donostiako Haizearen Orraziari buruzkoa, hain zuzen ere.

1984. urtean erosi zuten Edurdo Chillidak eta Pilar Belzunce emazteak Zabalaga eta inguruko lursaila, baina museoak 2000. urtera arte ez zituen ateak ireki. 10 urteren ostean eta krisi ekonomikoa tarteko, Chillida Lekuk ateak itxi zituen 2011. urtean. Hauser & Wirth galeria suitzarraren laguntzari esker, 2019. urtean berriro ireki dute.

Bigarren etapa
Eduardo Chillidak beti amestu izan zuen bere eskulturak gorde eta erakusteko leku batekin. Argi zeukan naturaz inguratutako toki bat izan behar zuela, Nausica Sanchez museoko heziketa-zerbitzuko arduradunak adierazi digunez: “Utopia zen berarentzat. Ametsetan baso bat irudikatzen omen zuen, jendea bere eskulturen artean zebilela. Azkenean, ametsa egia bihurtu zen”. Txurruka familiarena zen XVI. mendeko Zabalaga baserria eta, Chillidak ikusi zuenean, maitemindu egin zen: bai inguruarekin bai baserriarekin.  

 

 Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce emaztea Grassen. (Argazkia: Hans Spinner, Chillida eta Hauser & Wirth)

Lehen aipatu bezala, krisi ekonomikoaren ondorioz museoa itxi egin behar izan zuten. “Zortzi urte hauetan, aldaketa gutxi izan dira. Egia da orain arte familiak kudeatzen zuela eta, orain, Hauser & Wirth dugula bidaide. Beraiek gauzak beste modu batera eramaten irakatsi digute”, azaldu du Sanchezek. Bestalde, Chillida Lekuren espiritua eta espazioaren arima mantendu egin dituzte: “Bere eskulturak hemen daude, baserria, obra eta sustraiak. Alde horretatik, ezer gutxi aldatu da. Kafetegia ireki dugu, denda eta baserriko teilatua berritu ditugu. Horixe da guztia”, esan du.

Aldaketak
Museoan zortzi urtean aldaketa gutxi egin badira ere, eskultura batzuk museotik beste leku batzuetara eraman dituzte. “Duela bi urte, Amsterdamera eraman genituen hainbat eskultura edo Ameriketako Estatu Batuetara… Orain, adibidez, bost lan Suitzan ditugu”.

Etorkizuneko aldaketen artean, aipatzekoa da, beste artisten lanak erakusteko asmoa dutela, izan ere, orain arte Chillidaren obra bakarrik eduki dute ikusgai museoan. “Ez dugu artisten izenik oraindik. Eduardo Chillidak artista garaikide batzuekin elkarrizketak izan zituen, eta horixe sortu nahi dugu guk etorkizunean. Gainera, bere lana testuinguruan kokatzeko ere baliagarria izango da”, adierazi du Sanchezek.

Kanpoko obrak harrizkoak eta altzairuzkoak dira, eta bertara hurbiltzen diren bisitariek lanak ukitzeko aukera izango dute.

Irekiera berriaren aurretik, Luis Laplace arkitekto argentinarrak zuzendu ditu berritze-lanak. “Joaquin Montero arkitekto donostiarrak hasitako bideari jarraipena eman dio. Laplacek nabaritzen ez diren aldaketak egin ditu, Monterok egindakoa errespetatuz”. Ez da bera bakarrik izan, Piet Oudolf naturaren artista holandarrak ere ipini baitu bere alea. “Oraindik ez da ikusten, baina museoaren sarreran lorategi bat sortu du. Pare bat urte barru zuhaixkak haziko dira eta koloretako muga naturala egingo dute”, azaldu du Sanchezek.

Bisitariak eta bisitak
2019an ateak zabaldu dituztenetik leku askotako jendea ari da museoa bisitatzen: “Frantzia, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Mexiko, Txile, Kanada… Chillida oso ezaguna da hemendik kanpo. Txilen, adibidez, Arkitekturako unibertsitatean bere obra ikasten dute, eta horregatik etortzen dira bertatik bertara ezagutzera”.

Kanpokoek soilik ez, bertakoek ere bisitatzen dute Chillida Leku. “Badirudi behin egonda bigarren aldian ez dagoela ezer berririk ikusteko, baina hori ez da horrela. Azken batean, gidariaren arabera, bisita desberdina izango da, bai gidariak kontatzen duena, bai aukeratzen dituen eskulturak ere”, kontatu du Sanchezek. Gidariak 40 eskulturetatik batzuk aukeratzen ditu, ez guztiak. “Argi dago oinarrizko azalpena bera dela beti, baina ondorengoa aldatu egiten da”, gehitu du.

Lotura XXXII eskultura Chillida Leku Museoan. (Argazkia: Iñigo Santiago, Chillida eta Hauser & Wirth).

Hernaniko Zabalaga baserria egunero dago irekita, astearteetan izan ezik. Nausica Sanchezek bisita gidatuak gomendatzen ditu, bisitariak Chillida hobeto ezagutuko duelako. Hala ere, beste aukera bat ere eskaintzen dutela azaldu du: “Sarreran mapa bat banatzen dugu eta, bertan, hogei eskultura agertzen dira. Guztiek QR kodea dute eta, aplikazioa jaitsita, eskulturei buruzko informazioa eskuratuko dute bisitariek, lau hizkuntzatan”.

Eta zu izan zara inoiz Chillida Leku Museoan? Eduardo Chillidaren obratik, zer lan ezagutzen dituzu?


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. Nor zen Eduardo Chillida?
Eduardo Chillida, nik esango nuke alde batetik eskultorea zela, noski, hutsunearen eskultorea. Ze berak eraikitzen zituen hutsuneak, ez? Espazioak eta, batez ere, Eduardo Chillida zen humanista bat. Bere lana ez zen bakarrik, noski artea zen, baina lotura zeukan beste diziplinekin: bai musikarekin, fisika, matematika, poesia… ez? Berak esaten zuen arteak zeukala beti harremana poesiarekin eta eraikuntzarekin. Orduan berak sortzen zituen konstrukzioak (eraikuntzak), eta hutsunea sortzeko bai? Bere eskulturekin.
 
2. Humanista zela aipatu duzu…
Humanista aipatu dut, eta berak esaten zuen baloreak oso presente(ak) zirela bere lanean. Esaten zuen, adibidez, hemengoa zela, bai? Euskalduna, sustraiak hemen Euskal Herrian zituela, baina besoak zabalduta zeu(z)kala munduari, ez? Orduan, hemengoa eta edozein toki(ta)koa ere. Eta honera (hona) etortzen da jendea leku guztietakoa eta hori interesgarria ze bere hizkuntza azken finean unibertsala da. Berak esaten zuen, adibidez, euskaraz ez zekiela, baina bere obrak hitz egiten zuen euskara ere. Baina bere obrak hitz egiten du alemana ere bai, ze aleman pila bat etortzen dira honera (hona). Azkenean, artearen hizkuntza unibertsala da, ez?
 
3. Zerk harritzen du Chillida Lekura etortzen den bisitaria?
Espazioa eta eskulturaren tamaina, ez? Neurria. Ze sartzen zarenean eta ikusten duzunean Buscando la luz, Argiaren bila eskultura horrek dituela zortzi metro, ba nik uste dut, jendearentzat da nahiko harrigarria. Gero, Lotura ere, 68 toneladako (tonako) eskultura bat, ez? Reinosan egindakoa… Eta espazioa, eta izateko aukera, paseatzeko, naturan… Nik uste dut nahiko berezia da (dela), leku magikoa da, arima berezi bat dauka eta nik beti, adibidez, azpimarratzen dut: sartzen den jendea(k) de repentean (bat-batean) erritmoa gelditzen da (du), de repentean (bat-batean) hasten dira motelago joatean, haurrak ez, haurrak hasten dira korrika; baina helduak oso motel doaz, bai.

B1
2019-10-17
  • Malutafilms
20771338
00:03:22
636