Bilintx, poeta erromantiko eta umoretsua

1831ko apirilaren 30ean jaio eta 1876ko uztailaren 21ean hil zen Donostian Indalezio Bizkarrondo, "Bilintx" bertsolaria. Donostiarra bertsolari urbanoa zela diote. Batzuen ustez, inoizko euskal poetarik erromantikoena.

Guillermo Joaquín Indalecio Bizkarrondo Ureña zen berez, baina berak hirugarren izena erabiltzen zuen beti, Indalezio. Bigarren abizena amaren aldeko Ayamonteko aitonarengandik zetorkion. Nikolasa Erkizia azkoitiarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten.

 

 

Antzoki zaharra, lehen eta orain

 

Bilintx mutil kozkorretik aritu zen arotz; gero ere bai, Donostiako Antzoki Zaharreko antzezlanetarako. Atezain ere izan zen bertan. Ez zuen ume-gaztetan zorte handirik izan: 3. solairutik erorita desitxuratu zuen aurpegia. Horregatik esaten omen zioten Indalezio Moko. Gero, gaztetan, sokamuturrean zezen batek herren laga zuen betiko. Antzoki ondoan kiosko bat ere bazeukan egunkariak-eta saltzeko; behin kioskotik 8.000 erreal lapurtu zizkioten.


Azken Karlistaldian karlisten aurka aritu zen. Haien granada batek larri zauritu, eta bizia salbatu nahirik bi hankak moztu zizkioten. Alferrik, hilabete gutxira gorriak pasatuta hil zen, 1876an, Madrilek euskal foruak kendu zituen egunaren bezperan. Egunkariek heriotzaren berri eman zuten Donostian eta Madrilen. Bai Donostian eta bai Bilbon bere izena duten kaleak daude.


Bilintxen lan asko galdu badira ere, Jose Manterola idazleak asko jaso zituen. Idazle horrekin eta garaiko beste idazle eta musikari inportanteekin ibiltzen zen Bilintx Donostian. Horregatik diote batzuek bertsolari urbanoa zela. Koldo Mitxelenak esan zuen Bilintx dela euskal poetarik erromantikoena.


1962an eta 1978an Auspoa argitaletxeak Bilintxen biografia eta hainbat poema eta bertso argitaratu zituen. Bilintxek maitasunezko poemak idatzi zituen, artean oso gutxi landutako gaia euskaraz. Bere bizitza du inspirazio-iturri, eta amodioaren gazi-gozoa erakusten du. Bilintxenak dira, adibidez, “Behin batian Loiolan” kanta ospetsua, edo “Triste bizi naiz eta, hilko banintz hobe” hasten den kanta. Baina umorezko bertsoak ere idatzi zituen: zirikatzaile handia zen. Behin mozkor batek esan omen zion “Agur, Bilintx!” eta Bilintxek erantzun “Agur, Balantx”.


Errima eta bertso-egituraren aldetik, bertsolaritzan oinarritzen da batez ere, baina hizkuntza poetiko landuagoa darabil orduko bertsolariek baino, konparazio ugari eta aberatsak eginez, adibidez. Bilintxek bere garaiko poeta erromantiko batzuk irakurriak zituen: Becquer, Campoamor, Trueba… Bertso-idazlea zen, batez ere; ez zen aurrez aurre asko aritu. Gaztelaniaz ere idatzi omen zituen kronika batzuk. Bilintxen umore satirikoa goraipatzen du Koldo Mitxelenak. Horren adibide dira kaleak garbitzen ibilitako zaldiari jarritako bertsoak, edo “Potajiarena” izenekoak.
 


Jaitsi


B1
2015-04-14
20764140
4:25
160