Marguerite Duras

1914ko apirilaren 4an jaio eta 1995eko martxoaren 3an hil zen idazle eta zine-zuzendari frantziarra. (Gia Dinh, Vietnam, 1914 - París, 1995). Frantziaren menpeko Indotxinan jaiotako idazle honek frantsesez idatzi zuen.

Jaiotako herrialdean bizi izan zen amarekin, 1932ra arte. Han bizitutakoak aintzat hartuta Un barrage contra le Pacifique eleberria argitaratu zuen 1950ean. Lan horrek egin zuen ezagun, ez ordura arteko arrakasta eskaseko nobelek. Bigarren Mundu Gerran, Parisen bere senarrarekin-eta, alemaniarren kontra aritu zen; eta Alemaniara erbesteratu zuten senarra. Emazteak ihes egitea lortu zuen.

Guda amaiturik, gogotik ekin zion lanari Durasek: kazetari, zine-zuzendari, nobelagile, antzezlan-idazle, antzerki-zuzendari … Gerra-ondoko  neorrealismoan kokatzen da hasieran. Neorrealismo honek errealitatea islatu nahi du, objektiboa izan, eta ez ditu atsegin alegoriak, fantasiak, abstrakzioa: Des petits chevaux de Tarquinia da horren adibide.

Existentzialista ere bazen hasieran; hauentzat gizakiak bere burua gauzatzen du bere esperientziaren bidez, ez dago aldez aurretiko paturik. Idazle bezala horrelakoa bazen hasieran, gero  «nouveau roman» aldera  jo zuen: idazleak argazki-kamera imitatu behar du, eta baita pertsonaiak deskribatu ere; baina psikologian oinarrituta epaitu ez, zeren uste dute epai horiek maizegi aurre-iritziz josita daudela.  

Hiroshima, mon amour (1958) filmaren gidoia idatzi zuen. Arrakasta itzela izan zuen  Alain Resnais-ek zuzendutako pelikula honek. Duras gai bertsuen inguruan ibili zen beti: maitasuna, sexua, heriotza eta bakardadea. Détruire, dit-elle argitaratu zuen 1969an, L'Amour 1971n, eta L'Amant 1984an. Azken honek bazeukan neurri batean aurreko bien antza. Arrakasta handia lortu zuen irakurleen artean, (200.000 aletik gora Frantzian salduak) eta besteak beste,  Goncourt saria lortu zuen 1984ko eleberri horrekin. 

 

La douleur plazaratu zuen 1985ean, 1945ean idatzia: autobiografikoa da, nahiz pertsonaia guztien izenak aldatuta egon. La pluie d'été da idatzi zuen azken nobela. Marguerite Durasen bizitza hain izan zen gorabeheratsua, eta hain emankorra bere artista-lana, zaila egiten baita bata bestearengandik berezita ulertzea.

 

Idazle honen lana euskaraz irakurri nahi duenak Ibaizabal argitaletxeak argitaratutako Maitalea liburua du eskura.




B2
2014-03-03
20757628
50