Maiak: galdu zen zibilizazioa

Maien Ibilbide ezaguna herrialde hauetan barrena egiten da: Guatemala, Mexikoko Hego-ekialdea (Chiapas eta Yucatán) eta Hondurasko zati bat. Oso paraje ederrez eta desberdinez goza daiteke hortik joanda: oihan tropikalak, koralezko arrezifeak, aztarna arkeologiko ikusgarriak, herritar indigena asko, eta ibiltzeko erraztasun handia.

Maien Ibilbide ezaguna herrialde hauetan barrena egiten da: Guatemala, Mexikoko Hego-ekialdea (Chiapas eta Yucatán) eta Hondurasko zati bat. Oso paraje ederrez eta desberdinez goza daiteke hortik joanda: oihan tropikalak, koralezko arrezifeak, aztarna arkeologiko ikusgarriak, herritar indigena asko, eta ibiltzeko erraztasun handia: merke samarra da bidaia, gaztelaniaz ere mintzatzen dira, garraio-zerbitzua ez da txarra, eta ez da bisarik behar, nazio batetik bestera pasatzeko.

Normalean, Cancunen hasten da ibilbidea, eta bertan amaitzen, 'Meka' turistiko horretan biltzen baitira hara joateko hegaldirik gehienak, eta hiri eta paraje hauek bisitatzeko aukera izaten da: Merida, Palenque, San Cristobal de las Casas, Quetzaltenango, Chichicastenango, Lago Atitlán, Antigua, Guatemalako hiriburua eta Tikal. Gomendagarria da ibilbidetik pixka bat irten eta Hondurasen sartzea, Copán ezagutzeko, eta egun pare bat Belizeko edo Yucatángo hondartza atseginetan atseden hartzeko.

Baina, zer gertatu zen maiekin? Nola liteke hain jakintsua zen eta halako piramide ikusgarriak egin zituen herri bat, astronomiaz hainbeste zekien zibilizazio bat, hain denbora gutxian galtzea? Dena dela, han dabilen bidaiaria berehala ohartzen da maien herria ez zela benetan galdu, mestizatu egin zela, bere kultura egokitu behar izan zuela, baina bizirik dirauela arbasoen lurretan.

Arkeologoak ez daude ados maien zibilizazioa zergatik galdu zen aztertzerakoan. Zalantzarik gabe, izan daitezke arrazoi bat baino gehiago: hiri desberdinen arteko lehia, herria apaiz-kastarekin gustura ez egotea, artasoroak agortzea...

Egia esan behar bada, maien zibilizazioa aski galduta zegoen konkistatzaile espainolak XVI. mendean hara heldu zirenean. Horregatik, oso erraz menderatu zituzten indigenak, baina hauek bizirik atera ziren kolonizatuak izan ondoren ere. Guatemalan, Yucatánen eta Chiapasen biztanlerik gehienak maien ondorengoak dira, peto-petoak edo mestizatuak.

Badira maien ondorengoak Belizen ere, nahiz eta gehienak beltzak diren, kolonizatzaile britainiarrek Afrikatik ekarri zituzten esklaboen ondokoak. Iraun ez ezik, maiek salbatu ere egin zituzten beren kulturaren alderdi batzuk. Ofizialki maiak katoliko bihurtu ziren, baina aski da herri batzuetako elizak ikustea, San Juan Chamulakoa (Chiapas) edo Chichicastenangokoa (Guatemala) esate baterako, zenbait erlijio-ohitura berezi eta herrikoi gorde dituztela konturatzeko. Adibidez, Maximon bertako jainko guatemalarra gurtzen dute, eta kultu hori antzinako maien sinesteetan errotuta dago. Maien aztarna arkeologikoak gordetzen dituzten parke nagusiak lotzen dituen ibilbideak asko laguntzen du Amerikako herrialde interesgarrienetako batzuen gaur egungo errealitatea ezagutzen.

Yucatán mexikarra turisten Cancun famatua baino zerbait gehiago da. Chichèn Itzá eta Uxmal leku egokiak dira maien artea ezagutzeko. Tulum urdin turkesa koloreko itsasoaren ertzean dago, ederra da benetan, eta hango magiak harrapatu egiten du bidaiaria, nahiz eta inguruan turistak saldoka ibili. Meridak oso ondo gordetzen du kolonia-garaiko edertasuna. Yucatángo gastronomiak berriz, ezaugarri bereziak ditu sukaldaritza mexikarraren barruan.

Chiapasen bada maien esparru garrantzitsu bat (Palenque), arkitektura kolonial espainola bete-betean erakusten duen hiri bat (San Cristobal de las Casas) eta herrixka polit asko. Eta gainera badu beste zerbait, asko erakartzen duena: indigenek Mexikoko botere zentralaren aurka Askapen Nazionalerako Armada Zapatistaren bidez burutu zuten matxinada. San Cristobalen neska gazte asko ikusten dira zatarrez eta abere-ilez egindako panpina graziosoak saltzen, Marcos komandantearen irudia dutenak, buru-beroki eta guzti. Guatemala da indigenarik gehien duen herrialdea. Aipatzekoa da, besteak beste, Lago Atitlángo paraje zoragarria: hiru sumendi ikusgarri eta hamabi herrixka lakuaren ertzean finkatuta. Baina liluragarriagoa da oraindik Chichitenango herria, batez ere, azti 'quichéak' Santo Tomás elizaren aurrean, eta azokan, egiten dituzten errito bereziak ikusteko aukera baldin bada. Baina, egia esan, turista asko ibiltzen baitira, hobe da, ahal bada, Sololá lasaira joatea.

Guatemalan badaude beste bitxi ederrak ere: Antigua, konkistatzaileen hiriburu izana, eta lurrikara ikaragarri batzuek liluragarriago bihurtu dutena; Livingston, Jamaika dirudiena, Karibeko kostan baitago eta biztanleak beltzak baitira; eta bereziki, Tikal, maien aztarnetan hunkigarriena, oihan itzelean gordea, piramideen puntak bakarrik agerian daudela. Livingstonen sumatzen den Karibe 'berezi' hori bete-betean sentitzen da Belizen. Estatu hori aski berria da, 1981ean lortu zuen independentzia. Maien arrasto asko daude Belizen, nahiz eta hain ezagunak ez izan, adibidez: Xunantunich edo Altun Ha. Baina, Belize oso egokia da batez atseden hartzeko. Zoragarria da irla zingiratsuetan eguzkia hartzea, paraje eder hari begira. Itsasoko urak urdinak dira eta gardenak, itsasertzeko palmondoak ikusgarriak, arrainak mila koloretakoak. Hain zuzen ere, hemengo San Pedro irla zingiratsuan inspiratu zen Madonna 'La isla bonita' abestia egiteko. Baina, hor baino lasaiago egon nahi baduzu eta diru gutxixeago gastatu, zoaz Cayo Caulker-era. Ez dago ibilgailu motordunik, zaratarik ere ez, eta leku aproposa da marisko gustagarria jateko, ron bikaina dastatzeko eta reggae musikaz gozatzeko. Ziur aski, Maien Ibilbidea munduko ederrenetakoa izango da eta osoenetako bat, gainera, bidaiarientzat. Eta paraje horiek ez baitaude elkarrengandik hain urruti, hilabete batean bisita daiteke osorik. Hori bai, esan behar da endredo pixka bat badela moneta desberdinak erabili beharra, herrialdeetako muga bakoitzean: peso mexikarrak, quetzal guatemalarrak, Hondurasko lempirak, eta Belizeko dolarrak. Baina, diru-trukatzaileekin tratuan ibiltzeak dibertsio-puntu bat gehitzen dio bidaiari.

Irudiak: Uxmal (Darvin Santos ) eta Atitlán (DEZALB) Pixabayn


Interesatzen zaizu



B2
2003-01-08
16524552
5115