Australia, naturaren ederra!

Australia oso urruti dago (egun osoa hegazkinean joanda), eta handiegia da (Euskal Herria 390 aldiz). Hain urrun dagoenez, harainoko bidaia garestia da guztiz. Baina, hilabete bakar batean Australia osoa ikusiko ez baduzu ere, paraje interesgarri ugari ezagutuko dituzu tarte horretan.

Sydney abiapuntu polita da. XVIII. gizaldiko kaia preso britainiarrek sortu zuten; arriskutsuak omen ziren, eta hara bidaltzen zituzten, Ingalaterratik ahalik eta urrunen. Baina, gaur egun Sydney munduko hiririk bizienetakoa da. Etnia ugari daude, Asiakoak batik bat; gastronomian ere zabala da aukera, adibidez, Australiako bertako behi-txuleta eder bat, sushia ere badaukazu japoniarren sukaldaritza atseginez gero, edo Tailandiako nahiz Vietnamgo jakiak ere dasta ditzakezu. Eta gau-giroa ere baduzu, adibidez, Oxford Street kalean.

Sydney eta Melbourne

San Frantzisko homosexualez josita dago, bada, Sydney ere ez da atzean geratzen. Bi hiri horiek izango dira munduan homosexual gehien dituztenak. Parekotasun gehiago ere badituzte bi hiriok: zubia. San Frantziskok badu berea, ezagun askoa, baina Australiako hiri honek ere bai, Harbour Bridge. Hala ere, Sidneyko monumenturik esanguratsuena Opera eraikina da: bitxia, ederra, munduko interesgarrienetakoa. Bi hiriotan bada beste zaletasun bat berdintzen dituena: surfa. Manly eta Bondi, Sydneyko hondartzak biak, surf zaleez lepo daude. Herrialde askotan bi hiririk garrantzizkoenak lehian aritzen dira, nor baino nor. Australian Sydney eta Melbourne dabiltza horrela. Egia esan, ez dute antza handirik. Sydneyk Kalifornia dirudi, Melbournek, ordea, Bretainia Handia, eguraldi eta guzti. Hotzagoa, euritsuagoa da Melbourne, britainiar ukitua dute eraikinek, eta hango negozio-jendeak londrestarra dirudi. Baina, Australiako hiriburua ez da ez bata, ez bestea, Canberra baizik. Halaxe aukeratu zuten, agian horrexegatik, bi hiri handiek elkarren aurka lehiatzeko duten joeratik aparte uzteko. Canberra txikia da, nahikoa aspergarria, eta Parlamentua izango du ikusgarria, zerbait aipatzekotan. Hori bai, parkeak eta aintzirak ditu edonon, eta hiri lasaia da oso.

Natura ikusgarria

Hiriak ez, natura du markatik fuerakoa Australiak. Naturaren ederra da Australia. Erdi-erdian basamortua du, begiak zabal-zabal uzteko moduko parajeekin. Ayers Rock harritzarra, esaterako. Ezerezetik sortua ematen du harri gorri erraldoiak. Jatorrizko australiarrek Uluru esaten diote harriari, eta sakratutzat daukate. Eta ez dute rokodromo bihurtzea nahi. Alferrik, ordea, egunero ehunka turista igotzen dira bertakoen esana batere aintzat hartu gabe.

Australiako jatorrizko biztanleak aipatu ditugunez, esan etsigarria dela euren egoera. XVIII. mendean gizon zuriak heltzerako han zeuden, han bizi ziren. Egun 200.000 inguru izango dira, populazioaren %1, australiarrak 20 milioi baitira guztira. Erreserbatan bizi dira, isolatuak, lanik gabe, alkoholismoak jota. Gobernuak ematen dizkie diru-laguntzak, baina hori ez da nahikoa euren bizimoduari aurre egiteko; euren etxean bizi dira, isolamenduan baztertuta ordea! Gizarte arrotz horren barruan baten batek egin du aurrera, Cathy Freeman korrikalariak adibidez, baina gehienek miseria latza bizi dute. Oso kultura aberatsa eta aspaldikoa dute, baina zaila da haiengana hurbiltzea zerbait ikasteko asmoarekin, gizon zuriarenganako errezeloz bizi baitira. Ez dira arrimatu zale. Kultura horren erakusgarri kobazuloetako margoak dituzte, Kakadu menditsuan. Parke Nazionala da inguru hau, iparrean dago. Giro tropikala du, urmaelak ere dezente ditu. Surfa egiten dutenek badakite arropa-marka baten izena dela billabong, baina berez urmael horiek dira billabong-ak. Ibaiak ere badira Kakadun, krokodiloz beteta, eta azti ibili behar da. Urtero akabatzen dute krokodiloek turista oharkaberen bat. Australiako koral-arrezifeak ere ez du parerik. Munduko handiena da, eta hain da ederra! 3.000 km. izango da luze, eta ekialdeko ia itsasertz guztia hartzen du. Itsaso azpian igerian aritzeko ez dago horrelako paradisurik. Era askotariko koralak daude, askotarikoak. Eta arrainak ere bai, eta kolore-festa dago ur azpian. Baina tiburoiak ere badira, eta hilabete batzuetan medusa oso mingarriak ere bai. Badirudi Australiak zera esan nahi digula, lurralde basa dela, basatiena, jenderik gutxien duen kontinentean dagoela, eta natura polita bezain arriskugarria izan daitekeela. Eskerrak koalak eta kanguruak ere baditugun, Australiako bi animalia tipiko, eta guztiontzat sinpatikoak oso.

Zuzenketa-orria

Natura Uluru: harri gorri erraldoi hori sakratutzat daukate jatorrizko australiarrek. Kakadun mendi asko daude, eta Parke Nazionala da. Australiako koral-arrezifea 3.000 km. luze da. Hiriak Australiako hiriburua, Canberra, txikia da baina urmael asko ditu, eta oso lasaia da. Sydneyko erakinik bitxiena Opera da. Melbournek britainiar kutsua du. Jendea Etnia ugari daude Sydney hirian. Australiako jatorrizko biztanleak euren lurretan bizi ziren gizon zuria iritsi zenean. Australia jenderik gutxien duen kontinentean dago. Australiako ezkonberri askok Operaren aurrean ateratzen dute argazkia.

 

Irudiak: Pixabay




B2
2005-01-16
16521620
1548