Sortaldearen sortaldera (V) Mongolia, gogorrean leun
Paisaia aberatseko ordoki handia da Mongolia, ertz batean Gobi basamortua; urrun ez, beti elurrak estalitako mendiak, urdin turkesa koloreko aintzirak... Bi milioi biztanle ditu, eta 20 milioi abelburu. Eta nomadak, asko bizimodu gogorrean zailduak, bisitariari irribarre zintzoa eskaintzeko prest beti.
A. Urbistondo (Berria)
Mongoliak ezjakintasuna eta zalantza dakartza burura, lehen hausnarketan. Zer ote dago han? Nolakoak izango ote dira hango herritarrak? Zer egin, nora joan? Urrun baitago, fisikoki, eta urrun, era berean, hango kontuak. Pekindik Ulan-Bator hiriburura bidean, trenean, Terelj Parke Nazionala, Altai mendiak, Khovsgool Nuur aintzira, Gobi basamortua eta beste leku batzuetako informazioa irakurri dugu.
Mongoliak haserre hartu gaitu. Trenak burdinbidearen ertzean pilatutako hondarra altxatzen du, eta haizeak hondar hori treneko bagoia hondar erauntsia bihurtzen. Zapi hezeak jarri behar izan ditugu ahoan; ezin da leihorik ireki. Choir herrian gelditu da trena, eta arrapaladan jaitsi gara denok haitze freskoa hartzera. Paisaia aldatzen hasi da, pixkanaka. Hondarraren marroiak belaze berdeari utzi dio lekua, eta belazeak milaka eta milaka abereri. Abereek nomadei eta nomadek euren bizilekuei: Ger-ei. Kanpin denda handiak dira, zuriak; barruan tximinia eta oheak dituzte, eta ordu batzuetan prestatzen dituzte.
Ulan-Bator hiriburura iritsi gara. 800.000 biztanle ditu eta eraikin modernoen alboan nekazaritza guneetatik etorritakoek altxatako ger piloa dago. UB Guest House aterpean hartu dugu ostatu eta bertako nagusiak, Bobbyk, zer egin aholkatu digu. Terkhiin Tsagaan Nuur Parkera joango gara, sei eguneko irteeran; euskaraz, Aintzira Zuria.
Mongoliako eskaintza turistikoak hango nomadekin bizitzea eta haien bizitza ezagutzea du ardatz. Haiek prestatutako ger batean egiten da lo, haiek prestatutako janaria dastatu, eta haiekin mintzatu, hizkuntza traba handi samarra bada ere. 125 dolar ordaindu dugu irteeragatik. Otto da gure txoferra. Eskarmentu handia dauka, baina arazo franko eman dizkio furgonetak lehen egunean. Abiatu, gelditu, abiatu, ia egun osoa eman dugu Mongoliako goi ordokiko belazeetan, zain.
Ogiy aintzira iritsi gara. Mahn Zul andreak, Altan Subd alabak eta Togos lagunak egin digute ongi etorria. Ger barruan utzi ditugu trasteak. Lau ohe ditu, eta mantak eta tximinia. Pentsakor geratu gara, baina ingurune honetan haizea dago, eta ez dago berorik. Aintzira ertzean olatuak sortzen ditu haizeak, eta gustura ematen da denbora han, pentsatzen. Ottok esan digu neskatoak eskolara joaten direla, inguruko herri handienera (urruti), eta Gabonetan eta udan bakarrik bueltatzen direla gurasoengana. Argazki kamera digitalean ikusi dute euren burua, eta guretzat ohikoa dena, haientzat aspaldiko une alaiena bilakatu da. Bisitariak dira haien aisia aukera bakarretakoak ordoki bakartian, eta jarrera alaiarekin eskertzen dute bisita. Umilak dira. Galleta poltsa bat eman diegu, eta bakarra hartuta, itzuli egin digute. Gehiago hartzeko esan, eta bakarra hartu dute. Lagunei emateko esan diegu.
Arroza eman digute afaltzeko, haragi puska txiki batzuekin, eta arroza, azukrearekin, gosaltzeko. Oinarrizko elikagaia dira arroza eta pasta nomadentzat, baina haragia ere badute, eta gorpuzkera sendokoak dira. Tsetserleg herrian pasatu dugu bigarren gaua. 17.000 biztanle ditu eta Mongoliako hiri garrantzitsuenetakoa da. Aireportua dauka, belarrezko pistarekin. 1.691 metrora dago, eta neguan tenperatura --40ra jaisten da usu.
Hirugarren egunean iritsi gara Aintzira Zurira. Ez da Pirinioetako edo Alpeetakoak bezala. Urdin turkesa kolorea du eta mendiek inguratzen badute ere, mendi txikiak dira, biribilduak, belazez jositakoak. Zeruan ere laino gutxi ikusten dira eta ostertza urdin-urdina da.
AINTZIRA ZURIA, IKUSGARRIA. Bi egun ematen dira Aintzira Zurian, eta bakoitzak nahi duena egiten du: zaldian ibili, bainu bat hartu (ura hotza dago), bertakoekin egon, inguruan dagoen sumendi baten arrastoak bisitatu...
Otto lagun dugula, Altan gizonak eman digu euren bizitzaren berri. Nomadak dira eta hara eta hona ibiltzen dira urte osoan. Udan turisten sosak biltzen dituzte, eta haiekin, abereak erosi, zaldiak, ahal badute. Haragitarako, artaldeak eta beste zaintzeko, edo turistek erabiltzeko balio dute. Mongolian zaldi asko duenak normala dena baino diru gehiago dauka. Ardiak, ahuntzak, jak-ak... denetarik dago hemen, eta sekulako taldeak. Abeltzaintza da nomaden ogibidea. Ezezagunena delako, jaka da denetan animalia harrigarriena. 500 kiloko abere puska, ilez inguratua. Begiratzen dionari desafioa eginez bezala begiratzen dio, gizakiaren begiradarekin ohituta badago ere.
Ulan-Bator da munduko hiriburu hotzena, eta eskualde hau ez da epelagoa. Mongoliako neguak, ordea, lehorrak dira, ia erabat. Ez du apenas elurrik egiten, baina eguzkiak ere gutxi berotzen du. 0 azpitik ematen dituzte hilabete luzeak. Zer egin, egoera horretan? Altanen azalpena: «Abereak hartu eta hara eta hona mugitzen gara, bazkaren bila. Hegoalderago ez du hainbeste elur egiten, eta hara joan eta han egiten dugu bizitza. Abereei jana bilatzea da gure lan bakarra. Behin bilatuta, egurra moztu, epelean egon, gertuen dagoen herrira joan eta erosketak egin, eta telebista aurrean jarri, ikusteko zortea dugun jakiteko (antena parabolikoa dute). Udaberrian Aintzira Zurira itzultzen gara».
Zailtasunean hezitako jendea da mongoliarra, baina eskarmentua dute, eta gutxitan urduritzen dira. Arazoak konpontzeko nahi adina denbora dute, eta garrantzitsuena, duten apurrarekin pozik bizi dira, hara hurbiltzen diren turista askoren arazoak ez dituztelako, eta ez ezagutzen edo konprenitzen.
Ulan Batorrera bueltan Kharkhorin hirian egiten da gaua. Han tenplu budista handi bat bisita daiteke. Irteerako bosgarren eguna da, eta Ulan Bator bistaratu dugunean poztu egin gara. Nomaden bizitza basatia atzean utzi, eta ohituta gauden bizitza eredura itzuliko gara azkar: 20 turista ostatu berean, erosketak, Ulan Batorreko eraikin ikusgarrien bisita, internet...
Transmongoliarra trena abian da berriro. Atzean utzi dugu Ulan Bator, baina leihotik begira, Mongoliak harritzeko moduko paisaiak erakusten jarraitzen du. Eta herritar xumeak, geltokietan, treneko bidaiariak agurtzen, irribarretsu. Pozik bizi direlako.
Irudiak: Pixabay