Zaldiko Maldiko Elkartea, euskararen aldeko trosta bizian
Iruñeko Alde Zaharrean, udaletxetik oso hurbil, Ansoleaga karrikako 9. zenbakian dago Zaldiko Maldiko kultura elkartea. Hogeita hamar urte bete dira izen horren pean euskaraz hitz egiteko eta batzeko txoko bat sortu zutenetik eta hiriburu zaharrean euskarari presentzia handiagoa emateko lanean jarri zirenetik. Emaitzak begi bistan daude.
Iruñera kanpotik bazoaz eta Ansoleaga kalera jotzen baduzu, Zaldiko Maldikok gastronomia elkarte euskaldun bat dirudi, besterik ez, baina hogeita hamar urte luzeetan egin duten lanari erreparatzen badiogu aho bete hortz geldi gaitezke. Izugarria da 1981ean elkartea eratu zutenetik orain arte egin duten ekintza mordoa eta, ondorioz, Iruñean euskarari ofizialtasunetik at zabaldu dioten bide zabala.
Lehenbiziko batzarrak 1980ko udazkenean egin zituzten. Euskal Herrian Euskaraz elkartea sortu berria izanik, euskaltegietako irakasleen kezka nagusia zen Iruñeko euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak biltzeko txoko bat izatea. "Batzar irekiak izan ziren eta berrehun lagun inguru hurbiltzen ginen, hizkuntz eskolakoak, AEK-koak, Euskal Herrian Euskaraz elkartekoak, Gau Eskoletakoak... Kontzientzia handia zegoen, eta euskara trinkotzea nahi genuen", azaldu digu Juanja Iturraldek, Zaldiko Maldikoko sortzaileetako batek.
Zaldiko Maldikoren sortzaileek oso gogoan dute elkartearen sorreran euskarak ez zuela inongo onarpen ofizialik; eta are gehiago, sasoi hartan herrietatik Iruñera joandako jendeak euskaraz hitz egiteko lotsa zuela. "Orduan euskararen presentzia oso urria zen eta horrekin apurtu beharra zegoen; hortaz, kultura ekitaldiak modu intentsoan antolatzen hasi ginen; ez zituen beste inork antolatzen", azaldu digute. Ez hori bakarrik, Iruñearekin, San Ferminekin eta bertako presentzia euskaldunarekin lotura zuzena zuen izena aukeratu zuten, Erraldoi eta Kilikien pertsonaietako bat.
Iruñeko euskaldunen eta euskaltzaletasunaren erreferente bihurtu zen berehala Zaldiko Maldiko, eta ehunka dira bertan antolatutako ekitaldiak: liburu-aurkezpenak, mahainguruak, hitzaldiak, literatur lehiaketak, mus eta xake txapelketak, kontzertuak, Ageda Deunaren koplak abestea, San Tomasak... Are gehiago, ekimen askori bidea zabaldu zioten: esaterako, 1986an, bertso eskola martxan jarri zuten, gerora Bertsozale elkarteak bere gain hartuko zuena; luzaroan Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako antolatzaileak izan ziren...
Zaldiko Sariak
Zaldiko Maldikoren beste marka bat urtero ematen dituzten sariek osatzen dute. Hala, 1987tik gaur egunera arte Nafarroan euskararen aldeko edo kontrako lanean nabarmendutako elkarte eta gizabanakoak saritzen dituzte: lehen Lamien Urrezko Orrazia Iruñean ETB ikusi ahal izateko antena jarri zuen guraso elkarteari eman zioten; eta Asto-Masto saria, berriz, Urralburu presidenteari. Ordutik asko izan dira Astoa jaso duten Gobernuko eta UPNko ordezkariak. Azken Lamien Urrezko Orrazia, ostera, elebitasunaren aldeko apustua egin duten merkatariek eskuratu dute. Baita, aurretik, Euskal Herria Irratiak, Euskaldunon Egunkariak eta beste askok ere.
Sorreratik gaur egunera arte, 140 bazkide inguru izan dituen elkartean irudimena borborrean ibili da beti. Horra hor, esaterako, 80ko hamarkadan, Nafarroan ETB ikustea ezinezkoa zenean, bi urtez, ostiralero, Zaldiko Maldikon euskarara itzulitako filmen programazioa bermatu izana.
Lokal horretan bizipen asko daude batuta, gehienak hunkigarriak eta politak eta asko jai eta ospakizunekin lotutakoak, baina izan da bestelakorik ere: "San Migel jaiaren bezperan, txiste-afaria izan genuen Kike Amonarrizekin, eta goizaldera, etxean nengoela, bazkide batek deitu zidan esanez norbaitek elkarte barrura gasolina lata bat bota zuela. Erreforma egin aurretik lokal guztia egurrezkoa zen, baina sua ez zen erabat piztu. Gero jakin genuen militar bat zela", diosku Iturraldek.
Azken urteotan beste elkarte eta erakunde asko dabiltza euskarazko ekitaldiak antolatzen. Horregatik, bestelako formulak bilatu dituzte hainbat talderekin elkarkidetzan aritzeko. Karrikirri elkartearekin, adibidez, Karrika Gurea da izeneko festa egiten dute, eta Nafarroako Dantzari elkartearekin Karrika Dantzan. Elkarteko batzarrera kimu berriak ere gehitu dira.
Iruñeko euskararen egoerari dagokionez, Zaldiko Maldikoko kideak baikorrak dira. "Nahiz eta erakundeek ingelesa eta gaztelania bultzatuz kontrako politika eraman eta beste errealitate bat erakutsi nahi, Iruñeko lehenengo ikastolek 40 urte bete dituzte, D ereduan matrikulatzen direnak gero eta gehiago dira, euskarak onarpen soziala lortu du, eta gero eta euskara gehiago entzuten da kalean".