Fernando Botero

Fernando Botero artista ospetsua irailaren 16an zendu zen. Kulturontzi honetan, 2002an Bilboko Arte Ederren Museoan egindako erakusketa aitzakia hartuta, Boterori buruzko artikulua daukazu.

79 pintura eta Zaldia bridekin eskultura izan ziren Bilbora ekarritako artelanak. Obra gehienak bere bilduma pribatukoak ziren. Lina Botero, bere alabak, egin zuen artelanen aukeraketa. Erakusketa honekin Bilboko Arte Ederren museoak bere gorazarrea eskaini nahi izan zion artistari.

Botero kolonbiarra da. Medellinen jaio zen 1932an. Bere ibilbide artistikoa ilustratzaile bezala hasi zuen. Hogei urterekin Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademiara joan zen pinturako ikasketak egitera. Italian eta Frantzian barrena bidaiatu ondoren, Florentziako San Marcos Akademian freskoak margotzeko teknika landu zuen. 1956. urtean Mexikora joan zen Rivera eta Orozco pintoreen muralak edo horma-irudiak aztertzera.

Fernando Botero

60ko hamarkadan bolumenak artegintzan duen garrantziaz jabetu eta bere errealismo magikoa lantzen hasi zen. 70eko hamarkadan, pintura-lana erabat utzi gabe, eskulturari heldu zion. Brontzez eta erretxinez, oihalean gauzatutako irudien antzeko eskultura monumentalak egin zituen.

Eskultura handi hauek Parisko Champs-Élysées-en, New York, Buenos Aires eta Madrileko hiribideetan erakutsi ditu.

Boterok arteaz ikuspegi berezia du. Bere hizkuntza artistikoa oso pertsonala da. Bai koadroetan eta bai eskulturetan, bolumenaren garrantzia azpimarratzen du. Tamaina naturaleko baino handiago edo lodiagoak diren irudiak margotzea du gogoko. Neurriz kanpoko abere eta pertsonaiak egiteko teknika honi “Desproporción de lo real” deitzen zaio. Formen gehiegizko bolumena edo oparotasuna da bere artegintzaren ezaugarria. Irudi hauek, lehen begirada batean, burlatiak ematen dute, baina bere helburua ez da barrea edo irribarre gozoa eragitea, bizitzako zenbait jokabide salatzea baizik. Ironiaz betetako hizkuntza honek batzuetan gai gogorrak irudikatzeko balio du. Irakeko “Abu Ghraib” espetxeko torturei buruz egindako marrazki eta pinturak dira horren adibide.



Boteroren pintzelkada askea da. Bere artelan batzuk naif ukitua dute eta besteek esanahi surrealista. Landutako gai gehienak eguneroko bizimodutik hartutakoak dira: zezenketak, herrietako jaiak, pailazoak, malabaristak, natura hilak, bainugelako edo logelako eszenak eta abar.

Boterok bere artelanak ez ditu edozein tokitan egiten. Eskulturak Toscanan, Italian, moldeatzen ditu. Parisen, berriz, koadroak margotu ohi ditu eta New Yorken pastelak eta akuarelak. Mexiko eta Kolonbiako etxeetan marraztea du gogoko.




B2
2012-11-08
  • Juanjo Dorronsoro
16362763
2641